Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %5,6k soilik bukatu zuten 2023a hitzarmenik gabe

2012. urteaz geroztik bildutako daturik hoberena da, Lan Harremanen Kontseiluaren arabera. 2024rako, langileen %42,5ek luzatuta daukate hitzarmena.

Orbeako langile bat MONIKA DEL VALLE / FOKU
Orbeako langile bat MONIKA DEL VALLE / FOKU
asier gonzalez de san pedro
2024ko martxoaren 11
16:10
Entzun

2023an erritmo onean berritu ziren lan hitzarmenak, eta ez zen urte bereziki gatazkatsua izan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) arabera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %5,6k baino ez zuten amaitu lan hitzarmena berritu gabe; %63,8k itunak eguneratuak zituztela bukatu zuten urtea, eta %30,6k, itunak luzatuta. 2012ko lan erreforma onartu zenetik bildutako daturik onenak dira horiek.

Soldatei dagokienez, urte hasieran indarrean zeuden eta baldintzak eguneratuak zituzten itunen batez besteko igoera %3,07koa izan zen; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan negoziatutako lan hitzarmenei dagokienez, %3,14koa izan zen igoera, eta estatuan negoziatutakoetan, %2,86koa. KPI kontsumo prezioen indizea %3,1ekoa izan zen iaz hiru lurraldeetan.

2023an zehar, langile kopuru handia biltzen duten bi sektorek itunak berritu zituzten: Gipuzkoako ostalaritzak eta Bizkaiko merkataritza orokorrak. Hain justu horrek eragin zuen, hein handi batean, hitzarmen baten babesean dagoen langile kopurua azken hamar urteetako handiena izatea.

Iaz 251 lan hitzarmen erregistratu ziren hiru lurraldeetan: Bizkaian, 97; Gipuzkoan, 89; eta Araban, 58. Lurralde arteko zazpi itun berritu ziren. Horiek guztiek 148.468 langileri eragiten diete, hitzarmen baten pean dauden beharginen %67,3ri. Horrez gain, Espainiako estatuan sinatu ziren 100 hitzarmenek eragina izan dute hiru lurraldeetan, eta guztira 72.114 laguni eragiten diete. Erregistratutako itun guztien %84 enpresa arlokoak dira, eta gainontzekoak, sektorekoak.

Gauzak horrela, 2023ko urte amaieran 1.422 hitzarmen zeuden guztira hiru lurraldeetan. Erdiak inguru zeuden indarrean, %45 luzatuta, eta gainerakoak indargabetuta. LHKren arabera, 34.424 langile hitzarmenik gabe geratu ziren 2023an. Sexuaren banaketari dagokionez, hitzarmenak eguneratu zituzten 388.641 lagunetatik %40 ziren emakumeak, eta %60 gizonezkoak.

Grebak eta lan gatazkak

2023a ez zen urte bereziki gatazkatsua izan, LHK-k nabarmendu duenez. Iaz izan ziren greba eta lan gatazkak hitzarmenak negoziatu eta berritzerako orduan, baina aurreko urtean baino gutxiago izan ziren. Gogoratu behar da 2022. urtea nahiko beroa izan zela, Bizkaian bereziki, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen negoziazioak zirela eta. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak argitaratutako datuen arabera, 273 greba erregistratu ziren iazko urtarriletik urrira, aurreko urtean baino %3,9 gutxiago. 54.475 pertsonak parte hartu zuten greba horietan, %20 gutxiagok, eta lan egin gabeko 142.631 lanaldi eragin zituzten, %37 gutxiago. Hamar hilabete horietan, 229 enpresatan egin zuten greba, 44 sektoretan.

Lan gatazkei dagokienez, LHKren Preco bitartekaritza zerbitzuari 645 eskari egin zizkioten, eta 143.382 langileri eragin zieten. Aurreko urtearekin alderatuz, %22,9 ugaritu ziren zerbitzu horri egindako eskariak, eta, haren bitartekaritzari esker, kasuen %24,7tan ados jarri ziren sindikatuak eta enpresak.

Dagoeneko 2024ko hirugarren hilabetea da, eta, LHKren txostenak azaltzen duenez, urtarrilaren 1eko datuak kontuan hartuta, 865 hitzarmen daude luzatuak eta indargabetuak, hitzarmen guztien %63,1, eta 307.941 langileri eragiten diete.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.