Lanaldi partzialetan ere, arrakala agerian

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakume langileen %27,4k dute lanaldi partziala; gizonezkoen artean, berriz, %7,6k baizik ez. Zaintzagatik lanaldi partziala egiten duten emakumeak bostetik bat dira

Adineko emakume bat bere zaintzailearekin, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Adineko emakume bat bere zaintzailearekin, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Lan kontuetan aldea dago oraindik ere emakumeen eta gizonen artean. Iseak ikerketa zentroak argitaratutako txosten batean argi geratu da hori. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 114.000 emakume langilek dute lanaldi partziala, hau da, lan egiten duten andreen %27,4k. Gizonezkoetan, 33.000k dute lanaldi mota hori; alegia, %7,6k soilik. 

Europako herrialde batzuetan lan malgutasunaren seinale da partzialtasuna, baina hiru lurralde horietan prekaritatearen beste sintoma bat dela nabarmendu du ikerketak. Zentro horrek Lanaldi partzialeko lana: lan prekaritatea eta genero arrakala deituriko txostena argitaratu du, eta hiru lurralde horietako partzialtasuna aztertu dute. 

Zer eboluzio izan du partzialtasun tasak?

Emakumeen partzialtasun tasari dagokionez, 2005etik gaur egun arte beti %24 eta %33 bitartean egon da. Ehuneko txikiena 2010. urtean izan zen, emakume langileen %24,6k baitzuten lanaldi partziala; handiena, berriz, 2015ean izan zen, %32,5eko tasarekin. Gizonezkoen tasaren datuak erabat desberdinak dira; haiei dagokienez, 2005etik tasa ez da %9tik pasatu, eta txikiena %3,9 izan da. Bi generoen artean egon den alderik handiena 25,6 puntukoa izan zen (2007an), eta txikiena, 16,7koa (2022an).

Zein dira partzialtasun tasen arrazoiak?

Lanaldi partzialean dauden langile askok ordu gehiago egin nahi dituzte lan, baina ez dute halakorik aurkitzen. Partzialki lanean ari diren emakumeen artean, bitik batek ez du lanaldi osoko posturik aurkitu, eta hori da partzialki lanean aritzeko arrazoi nagusia. Kopurua pixka bat handiagoa da gizonen artean, %54k ez baitute lortu lanaldi osoko enplegurik. Egoera horri nahigabeko partzialtasuna deitzen dio Ikerketa zentroak.

Zaintzagatik lanaldi partziala egiten duten emakumeak 24.000 dira, bostetik bat, eta hori da partzialtasunaren bigarren arrazoi nagusia. Gizonen artean, 2.000 baizik ez dira. Ikerketako egile Lucia Gorjonek azaldu duenez, estatuak zaintzarako beste pertsona bat ordainduko balu, emakume horien ia %70ek zaintzarako pertsona bat kontratatuko lukete, eta horietatik %70ek lanaldi osoan lan egingo lukete. 

Zaintza lanak bukatu ostean, lautik hiruk jardunaldi osoan lan egin nahi dutela gehitu dute. «Aztertu ez dugun arren, zaintzarako dauden diru laguntzak ez dira oso eskuzabalak, eta ez dira nahikoa lanaldi osoan jarduteko eta norbait azpikontratatzeko», gehitu du Gorjonek.

Gainera, emakume langileen %21ek lanaldi partziala aukeratu zuten senideren bat zaindu ahal izateko. Horietatik %45ek esan dute gizonezko bikotekidea baina gutxiago kobratzen zutelako egin zutela hori. Beraz, soldatetan genero arrakalarik egongo ez balitz, emakumeen partzialtasun tasa txikiagoa izango litzateke.

Emakumeen pentsioetan eragina al du?

Lehen horrela zela azaldu du Gorjonek, baina 2023ko urriaz geroztik egoera «zuzendu» egin dela nabarmendu du. Izan ere, lanaldi partzialean lan egin dutenak lanaldi osoa egin izan balute bezala hartuko dituzte kontuan pentsiorako. Hala ere, emakumeen pentsioak txikiagoak direla esan du ikerlariak: «Emakumeen pentsioak txikiagoak dira gizonek baino lan egun gutxiago egin dituztelako, ez partzialtasunagatik».

Zer sektorek dute tasarik handiena?

Txostenak argi uzten du sektore feminizatuetan dagoela partzialtasun tasarik handiena; besteak beste, etxeko langileetan eta sektore artistikoko eta aisiako jardueretan. Etxeko langileen sektoreak du tasarik handiena: langileen %55ek lanaldi partzialeko kontratuak dituzte. Partzialtasun tasa handiena duten sektoreetan bigarrena sektore artistikoa eta aisia jardueretakoa da: %54ko partzialtasun tasa du.

Baina bada Gorjonek nabarmendu duen puntu bat: sektore batzuetan, gizonek eta emakumeek lan bera egiten duten arren, emakumezkoak dira lanaldi partzialak egiten dituztenak. Adibidez, ostalaritza sektore «neutroa» da, eta %51eko partzialtasun tasa dauka: hala ere, ostalaritzako lanaldi partziala duten langile gehienak emakumeak dira. Sektore horietan «zigor bikoitza» izaten dutela gehitu du. 

Zergatik daude lan partzial gehiago sektore feminizatuetan?

Txostenetik ondorioztatu daitekeenez, laneko segregazioa deituriko fenomenoa gertatzen da; hau da, emakumeak eta gizonak lan merkatura bereizita sartzen dira, eta sektore batzuetan kontzentratzen dira, haien sexuaren arabera. Iseak-eko ikertzailearen arabera, emakumeak orokorrean lanaldi partzialak dituzten sektoreetan kontzentratzen dira, hala nola bulego eta hoteletako garbiketa lanetan, ume eta helduen zaintzan, jangela zerbitzuetan eta gisako lanetan. 

Genero arrakalaren bi heren laneko segregazioagatik gertatzen dela adierazi du ikerketako egileetako batek, eta egoera horri amaiera emateko irtenbidea «laneko segregazioa bukatzea» izango dela azpimarratu du. 

Nola daude Europako beste herrialdeetan?

Europako beste herrialde batzuetan eroso zabalduta dago lanaldi partziala, baina langilearen borondateak pisu handiagoa dauka. Herbehereetan, adibidez, %46,8ko partzialtasun tasa dute; Alemanian, %27,2koa; eta EB Europako Batasuneko batez bestekoa %17,8koa da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoenaren oso antzekoa (%17,6). 

Dena den, nahi gabeko partzialtasun tasarekin alderatuz gero, herrialde horiengandik urruti daude hiru probintzia horiek. Herbehereetan, nahi gabeko partzialtasuna %5,4koa da; Alemanian, %9,2koa; eta EBn, %25,8koa; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, tasa %50,7koa da.

Adinak eta trebakuntzak eragina al dute?

Bai. Trebakuntza maila txikia duten langileen artean, partzialtasunak gora egiten du adinean aurrera egin ahala. Iseak-en txostenaren arabera, 35 urtez azpikoen arteko emakumeen %22,3k eta gizonen %9,4k dute lanaldi partziala. 35 urtetik gorakoetan, berriz, %23,9 eta %13,3 dira, hurrenez hurren.

Kontrakoa gertatzen da trebakuntza maila handiagoa dutenen artean. 35 urte baino gutxiagoko emakumeen artean, partzialtasun tasa %38,5ekoa da, eta 35 urte baino gehiago dituztenen artean, berriz, ia 30 puntu txikiagoa (%9). Gizonezkoetan ere tasak behera egiten du, baina ez dago emakumeetan artean dagoen adinako alderik: lanaldi partzialean ari dira 35 urte baino gutxiagoko gizonen %3,8, eta adin horretatik gora, berriz, %1,2 baizik ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.