Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak hazkunde erritmoari eutsi dio

Urtarriletik martxora %0,5 hazi da barne produktu gordina, eta hein horretan handitu da enplegua ere.

Langileak Bilboko eraikin batean, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Langileak Bilboko eraikin batean, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko apirilaren 23a
10:30
Entzun

Jarduera ekonomikoa pixka bat bizkortu zen 2023 amaieran Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta erritmo horri eutsi dio 2024ko lehen hiruhilekoan ere. Eustatek aurreratu dituen datuen arabera, urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra doan tartean %0,5 hazi da BPG barne produktu gordina, 2023ko laugarren hiruhilekoan bezain beste.

Urte arteko tasan, berriz, hazkundea hamarren bat baizik ez da moteldu, %1,6raino. Datu okerragoa espero zuen Jaurlaritzak: apirilean bertan berritutako iragarpenetan %1,4 agertzen baita. Urte osorako, berriz, %1,9ko hazkundea espero du, uste baitu jarduera bizkortu egingo dela urtearen bigarren erdian, inflazioa gehiago jaitsi ahala. Joera horrek jarraitu egin beharko luke 2025ean ere, %2,1eko hazkundea iragarri baitu.

Kontrakoa gertatu da enpleguan. Lanaldi osoko baliokidetzako lanpostu gisa neurtuta, %0,5 igo da 2024ko lehen hiruhilekoan aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Baina aurreko 2023ko lehen hiruhilekoarekin konparatuz gero, %2,0 hazi da enplegua, Eusko Jaurlaritzak iragarri baino hamarren bat gutxiago.

Urte osorako, %1,8ko hazkundea espero du gobernuak, urtearen bigarren erdian enplegua motelago sortuko delakoan baitago. 

Langabezia, %7ra

Langabezia tasa jaitsi egingo dela uste du Jaurlaritzak: batez beste %8,5 izan zen 2022an, %7,6 2023an, %7 2024an, eta %6,6 2025ean.

Ekainaren 7an zabalduko du Eustatek gaur aurreratutako datua, orain eskura ez dituen datuak biltzen dituenean, eta orduan azalduko du zer bilakaera izan duen ekonomiaren atal bakoitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.