Iragarri baino hobeto aritu da jarduera ekonomikoa urteko lehen hiruhilekoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iaz urte amaieran hartutako erritmoari eutsi dio. Eustatek jakinarazitako datuen arabera, urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra %0,6 hazi da BPG barne produktu gordina, 2023ko laugarren hiruhilekoan baino hamarren bat gehiago. Urte arteko tasa, berriz, urte amaieran bezala mantendu da, %1,7an.
Datuok erakusten dutenez, bereziki zerbitzuen sektorearen bilakaera positiboak eragin du hazkundea. Industriak suspertze zantzuak erakutsi ditu, barne kontsumoa handitu egin da, eta lan merkatuak indartsu eusten dio. Salbuespen bakarra, esportazioak.
Datu okerragoa espero zuen Eusko Jaurlaritzak, apirilean berritutako iragarpenetan %1,4 agertzen baita. Urte osorako, berriz, %1,9ko hazkundea aurreikusten du, uste baitu jarduera bizkortu egingo dela urtearen bigarren erdian, inflazioa gehiago jaitsi ahala. Joera horrek jarraitu egin beharko luke 2025ean ere, %2,1eko hazkundea iragarri baitu.
Lurraldeka, Gipuzkoa aritu hobekien urte hasiera honetan: %1,9 handitu da lurralde hartako ekonomia iazko epe berarekin alderatuta. Bizkaian, %1,7, eta Araban, %1,2. Hiruhileko batetik bestera ere, Gipuzkoak ere bilakaera hobea izan du: %0,7 hazi da lurraldeko BPGa. Berdin Araban, eta apur bat gutxiago Bizkaian (%0,6).
Zerbitzuen bultzada
Hiru lurraldeen ekonomiaren martxa ona, funtsean, zerbitzuen bilakaeran oinarritzen dela erakusten dute Eustaten datuek. Lehen hiruhilekoan, sektore hori %2,2 hazi da iazko epe berarekin konparatuta. Eta 2023 urte amaieratik, %0,3.
Zerbitzuen alorrean, alor publikoa aritu da indartsuen. Administrazio publikoak, hezkuntzak, osasungintzak eta gizarte zerbitzuek %3,2 handitu dute hiru lurraldeen ekonomiari egiten dioten ekarpena iazko urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Batezbestekoaren azpitik aritu dira, berriz, merkataritza, ostalaritza eta garraioa: %1eko urte arteko hazkundea izan dute. Gainerako zerbitzuek —higiezin agentziak, finantzak, jarduera profesionalak...—, %2,4koa.
Eraikuntza ere ongi aritu da: batezbestekoaren gainetik hazi da, %2. Lehen sektorea izan da bilakaera negatiboa izan duen bakarra, %0,5 apaldu baita.
Urte hasiera motela espero zen industrian ere. Eta neurri batean hala izan da, %0,1 hazi baita iazko hiruhileko berarekin alderatuta. Baina suspertze sintomak erakusten dituzte Eustaten datuek: %1,1eko hazkundea izan du aurreko hiruhilekotik, eta gogoratu behar da urte amaiera ona izan zuela sektoreak eta ekonomiak oro har. Manufaktura industria aritu da bereziki ongi, hau da, energia aintzat hartzen ez duena. Sektore osoa baino erritmo handiagoan hazi da, bai urte artean (%0,4), bai hiruhileko batetik bestera (%1,5).
Kontsumoak, gora
Inflazio handiaren eraginak oraindik ere nabariak diren arren, gutxika-gutxika apaltzen ari dira prezio igoerak, eta hori ere nabari da etxeetako kontsumoan. Aurtengo urtarriletik martxora, 2023ko epe berean baino %1,7 gehiago kontsumitu da. Jaurlaritzak aurreikusi baino lau hamarren handiagoa da. 2023ko azken hiruhilekotik ere %0,9ko hazkundea egon da..
Bestalde, administrazio publikoen kontsumoa %2,6 hazi da duela urtebetekoaren aldean, eta hiruhileko artean, %0,6. Urteko igoera hori Jaurlaritzak aldi horretarako aurreikusi baino puntu bat handiagoa da.
Datu horiekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne kontsumoak %1,9ko hazkundea izan du urtarriletik martxora bitartean, espero zen baino puntu erdi gehiago, eta %0,9 handitu da aurreko hiruhilekoaren aldean.
Enpresak, zuhurrago
Enpresetan ere handitu egin da gastua, baina zuhurtzia handiagoa nabari da. Inbertsioek bilakaera positiboa izan dute: %1,3ko hazkundea izan dute bai urte artean, bai hiruhilekoen artean. Ekipo ondasunetan egindakoak %0,2 hazi dira aurreko urteko lehen hiruhilekoaren aldean, baina urte hasieran motelaldi txiki bat nabaritu da, ekarpen horiek %0,5 jaitsi baitira aurreko hiruhilekoaren aldean.
Arrazoietako bat kanpo merkataritzako datuetan topa daiteke. Hiru lurraldeetako industriak bereziki esportatzaileak dira, eta horiek behera egin dute iazko urte hasierakoekin konparatuta (-%3,7). Eta inportazioak baino biziago (-%3,4). Kanpo merkataritzaren saldoa, beraz, negatiboa izan da. Dena den, errekuperazio sintomak nabari dira: lehen hiruhilekoko esportazioak 2023ko azkenengoarekin konparatuz %0,6 handitu dira, eta inportazioak %1,1.
Enplegua, sendo
Lan merkatua da azkenaldian daturik onenak ematen ari den aldagaia. Indartsu eusten dio. Azken urtean 19.000 enplegu garbi sortu dira. Aurten, lehen hiruhilekoan, iaz epe berean baino %2 lanpostu gehiago sortu dira, eta %0,5 gehiago aurreko hiruhilekoaren aldean.
Enpleguaren urte arteko bilakaera positiboa izan da jarduera adar guztietan, lehen sektorean izan ezik, non %0,7 egin duen atzera. Industrian %1,1 gehitu dira lanpostuak; eraikuntzan, %0,3; eta zerbitzuetan gehien: %2,4.
%0,4Euroguneko BPGa. Eurostaten arabera, Euroguneko BPGa %0,4 igo da eurogunean 2024ko urtarriletik martxora, iazko aldi beraren aldean. Eta %0,3 handitu da aurreko hiruhilekoarekin konparatuta. Gogoan izan behar da 2023ko laugarren hiruhilekoan BPGa %0,1 jaitsi zela. Enpleguak %0,3 egin du gora. BPGa gehien igo den lurraldeak Malta (%1,3), Zipre (%1,2) eta Kroazia (%1,0) dira. Aitzitik, jaitsi egin da Danimarkan (-%1,8), Estonian (-%0,5) eta Herbehereetan (-%0,1).