Abenduaren 1ean beteko da urtebete Ticket Bai fakturazio sistema berria Arabako enpresa eta autonomoetara hedatu zenetik. Ordutik eta urrira arte, Arabako Ogasunak 90,8 milioi faktura jaso ditu, 300.000 egunean, eta horietatik %6tan ikusi ditu akatsak.
Gutxiago dira atzemandako irregulartasunak. Itziar Gonzalo Ogasun eta Finantza diputatuak gaur Gasteizen azaldu duenez, 562 zigor espediente ireki ditu sistema ez erabiltzeagatik edo gaizki erabiltzeagatik. Horietatik 37 abiarazi dira herritarrek egindako salaketen ondorioz.
Orain arte, isun gutxi jarri ditu Ticket Bai ez erabiltzeagatik, hamar besterik ez. Denera, 20.000 euro ordaintzeko eskatu die zigortuei.
Gonzalok argudiatu duenez, oraingoz Ogasun Sailaren lehentasuna ez da zigorrak jartzea, baizik eta fakturazio sistema elektronikoa darabiltenei informazioa eta laguntza teknikoa ematea, eta zalantzak argitzea.
Sistemak izandako kritikak ikusita, Gonzalok ziurtatu du zerga iruzurraren aurkako tresna egokia dela Ticket Bai. «Kontsumitzaileei bermeak ematen dizkie, ikusgarritasuna ematen die geure merkatariei, eta lehia desleiala borrokatzen laguntzen du».