Berriz ere grebara joko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoek. Abenduaren 19an egin zuten bigarren greba eguna, eta martxoaren 12an izango da hirugarrena, ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek deituta —ordezkaritzaren %80 baino gehiago—. Diotenez, aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak ez dute borondate politikorik euren lan baldintzak hemen negoziatzeko, eta baldintzak zein zerbitzua hobetzeko aukera bakarra da mobilizazioekin jarraitzea. Oraingoan Satse erizainen sindikatuak ez du babestu deialdia, baina deitzaileek esan dute jakin badakitela diagnosiarekin bat egiten dutela. Jaurlaritzak, aldiz, uste du ez dagoela greba egiteko «arrazoi objektiborik».
Salatu dutenez, «diru bilketetan errekorra eta aurrekontuetan superabita dutenean, langileen behin-behinekotasunak muga historikoa gainditu du (%44), eta erosahalmenaren galera %8tik gorakoa izan da azken bi urteetan». Argi utzi dute erakundeek adierazi dutela elkarrizketarako eta akordiorako borondatea, baina egoerak hobera beharrean okerrera egin duela. Are gehiago, gogor salatu dute Jaurlaritzak bere burua mugatu duela arlo horretan: «Eusko Legebiltzarrak 2024rako onartutako aurrekontuetako 19. artikuluan jasotzen du Madrilek soldaten eta enpleguaren arloan hartzen dituen erabakiak bete behar direla». Igor Eizagirre ELA sindikatuko ordezkariak gogor kritikatu du jarrera hori: «Madrili men egin behar zaiola onartzea da».
65.000 langile behin-behinean
Sektore pribatukoarekin alderatu dute egoera: «Hitzarmen batzuetan KPItik gorako soldata igoerak lortzen ari dira. Sektore publikoak, berriz, Madrilen menpe segitzen du, euskal erakundeen eta alderdi politikoen adostasunarekin». Horri egotzi diote bi urtean langile publikoen erosahalmena %8 murriztu izanaren ardura —%20koa da 2010etik, sindikatuaren arabera—, baita behin-behinekotasunak goia jo izanarena ere. «Langileen %44k behin-behinean dihardute, inoizko tasarik altuena da», aletu du Eizagirrek. Sindikatuek emandako datuen arabera, 65.000 langile baino gehiago daude egoera horretan; Osakidetzan, esaterako, beharginen erdiak baino gehiago.
Zazpi eskaera ZEHATZ zerbitzu publikoak hobetzeko
%10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.
Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.
Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8ra jaitsiz.
Lan kargak arintzea, lantaldeen osasuna bermatuz.
Politika feministak eta berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.
Administrazioak eta langileak euskalduntzea.
Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean ipintzea.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, presio egin nahi diete alderdiei. Sindikatuek argi baitute borondate politiko auzia dela, eta, haien iritziz, EAJren eta PSOEren arteko inbestidura akordioak ate bat ireki zezakeen erabaki horiek Euskal Herrian hartzeko, baina ez da horretarako benetako pausorik eman. Azaldu dutenez, ez dakite Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioetan mahai gainean egon den botere handiagoa aitortzea EAEko langile publikoen baldintzak hobetu ahal izateko, baina ulertzen dute aurrekontuetako 19. artikulua onartu izana aurkako norabidean doala.
Jaurlaritza ez dator bat
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarentzat ez dago greba egiteko «arrazoi objektiborik», eta adierazi du Jaurlaritzaren ateak irekita daudela, eta langile publikoen lan baldintzak hobetzeko proposamenak dituztela «mahai gainean». Azalpen handirik eman ez arren, argudiatu du datuek arrazoia ematen diotela, eta ez du iritzirik eman sindikatuek grebara deitzeko izan ditzaketen arrazoien inguruan: «Haiek bakarrik hitz egin dezakete haien izenean».
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak %0,5eko soldata igoera bat onartu du langile publikoentzat. Duela bi astetik jakina zen, eta grebara deitu duten sindikatuen erosketa ahalmen galera kalkuluak azken igoera honekin eginikoak dira. EAEko funtzionariei %2,5 igo zieten soldata urtarrilean, eta %0,5eko beste bi igoera iragarri zituzten baldintza jakin batzuen arabera. Bada bi hilabeteko tartean biak eman dira, eta ondorioz %3,5ekoa izango da aurtengo soldata eguneraketa. Igoera martxoko soldatan gauzatuko da eta urtarrilera arteko atzera eraginkortasuna izango du.
Nafarroan, deialdirik ez
Iazko bi deialdietan gertatu bezala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoko greba ez da Nafarroara zabalduko. Irati Tobar LABeko ordezkariak zehaztu du deialdi berria aurrekoen jarraipena dela, sindikatuek EAErako adosturiko testuinguru eta aldarriekin. «Ibilbide luze» baten ondorio dela gehitu du, eta Nafarroan bertako irakurketa propioak egiten dituztela, «sektoreka eta ezberdinen artean».