Zergak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru ogasunek kudeatuko dute fortuna handien zerga

Enpresa energetikoen eta banketxeen gaineko zerga Espainiako Ogasunak jasoko du, eta bildutakoaren %6,24 emango die Araba, Bizkai eta Gipuzkoari

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa eta Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua. JAVIER LIZON / EFE
inaut matauko rada
2022ko abenduaren 27a
18:58
Entzun

Espainiako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ados jarri dira Madrilek sortu dituen behin-behineko zerga berriak kudeatzeko. Hala, banketxeen eta enpresa energetikoen zergak Espainiako Ogasunak jasoko ditu, eta hiru herrialdeetako erakundeei emango die bildutako diruaren %6,24 (kupoa kalkulatzeko erabiltzen den koefiziente bera). Bestalde, fortuna handien gaineko zerga foru ogasunek kudeatuko dute. Gutxienez bi urtez egongo dira indarrean zerga berri horiek.

Azaroaren amaieran onartu zituen Espainiako Diputatuen Kongresuak «elkartasunezko» hiru zerga berriak, baina hori baino lehenago hasi ziren alde bietako agintaritzak horien kudeaketari buruz negoziatzen. Azkenean, honela egitea erabaki dute: hiru zergetako bi Espainiak jasotzea eta zati proportzionala Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeei ematea, eta zerga bat hiru foru ogasunek biltzea.

Hala, Madrilek urtean gutxi gorabehera 200 milioi euro bidaliko ditu Gasteiza, Espainiako Ogasunak kalkulatu baitu urtean 3.500 milioi euro inguru bilduko dituela Madrilek bilduko dituen bi tasa berriei esker.

«Elkartasun zergak»

Azaroaren 24an onartu zuen Espainiako Kongresuak neurri berria, gauerdira arte luzatu zen eztabaida luze baten ostean. Zerga berriek bi urte iraungo dute, eta «elkartasun zerga tenporal» gisa sailkatu ditu Madrilek.

Enpresa energetikoen gaineko zerga ez da salmenta guztien gainekoa izango, merkatu erregulatua eta atzerrian egindako salmentak atera egin baitituzte. Hala ere, enpresa hauek ez dute etekinen zati bat ordaindu beharko, salmenta guztietatik lortutako diruaren zati bat baizik; %1,2, zehazki. Bestalde, banketxeek interes tasen marjinen eta komisioen %4,8 ordaindu beharko diote Espainiako Ogasunari. Lehen zergatik urtean 2.000 milioi euro inguru biltzea espero dute, eta bigarrenetik, berriz, 1.500 milioi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.