Apustu zaharrak loteria berri

Gabonetarako sari propioa martxan jartzea erabaki du Kataluniako Generalitateak; duela ia hogei urte, loteria joko bat sortzea legeztatu zuen Eusko Jaurlaritzak, baina arrakasta txikia izan zuen.

2013ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Gabonetan loteria sari propioa izango du Kataluniak. Hala erabaki du Artur Masen gobernuak. Grossa Cap d'Any ez da zuzenean lehiatuko Espainiako Loteriaren sari nagusiarekin, gabonzahar egunean egingo baita zozketa. Hala ere, urtero kataluniarrek jokatzen duten diruaren parte bat bereganatzen saiatuko da Generalitatea.

Dezimo bakoitzak bost euro balioko du. Euro bakoitzeko, 20.000 euro irabaztea posible da. Hots, saririk handiena 100.000 euro dira. Bildutako diruaren %70 sariak ordaintzeko erabiliko da; gainontzeko %30a, berriz, ekintza sozialetarako, Kataluniako Ekonomia Sailak jakinarazi duenez. Txartelak irailetik aurrera egongo dira salgai osoko ohiko salmenta puntuetan

Loteria propioa izateak badu abantaila nagusi bat: dirua bertan biltzen da, eta ez doa Espainiara. Eguberrietako sari nagusian, urtero, 500 milioi eurotik gora jokatzen dituzte Katalunian.

Artur Masen gobernuak hartu duen erabakiaren aurretik beste saio batzuk ere izan dira. Eusko Jaurlaritzak orain dela ia hogei urte egin zuen apustua. Arrakastatsua izan den, beste kontu bat da, ordea.

Loteria sortu eta bost urteko eskumenaren lehiaketa ireki zuen Jaurlaritzak 1995ean. Bi elkarteren artean geratu zen aukeraketa: Euskal Elbarrien Elkartea eta Elkarri. Azkenean, Herrizaingo Sailak — Juan Mari Atutxa salburu zela — Elkarriri adjudikatu zion loteria, gaur egun Lokarri izenaz ezagutzen den elkarteari.

Polemika handia sortu zuen hautaketak, zenbaitek EAJ alderdiak Jonan Fernandez buru zuen mugimendua bultzatu nahi izana kritikatu zuten, eta lehiaketan egindako hautaketa ez zela garbia izan salatu zuten.

Arazoak arazo, 1995ean bertan 2.000 salmenta tokitan salgai jarri zuen Ikusi Makusi izeneko loteria. Hazka egin eta irabazi txartelen antzekoa zen. 60 euro zentimo ordainduta —garaiko ehun pezeta —, jarritako dirua berreskuratzeko edo 30.000 euro arteko sariak irabazteko aukera zegoen.

Lortutako dirua honela bantzen zen: %43 sariak ordaintzeko, %20 ogasunari ordaintzeko, %27 banaketa eta publizitate gastuak ordaintzeko, eta %10 saltzaileentzat ziren. Gainontzeko %7 elkartearentzat ziren (0,04 euro). Elkarrik 300.000 euro biltzea aurreikusi zuen, hau da, zazpi milioi txartel baino gehiago salduko zituela urtean. Irabazi horiek munduan bakea zabaltzeko proiektuak bultzatzeko erabiliko zituen, baita Rigoberta Menchu Bakearen Nobel saridunaren elkarteari laguntzeko ere.

Haatik, Ikusi Makusi enpresa bost urte geroago likidatu behar izan zuen zuzendaritzak, lortutako eskumena bukatu bezain laster. 2001eko urrian aurkeztu zituen azken bost urteetako balantzea: 216.000 euro galdu zituen, eta, enpresaren likidazioa egiterakoan, pasiboa 2.400 euro ziren. Elkarriko bozeramaileak onartu zuen ez zela «inoiz» irabazirik izan. Hortaz, Jaurlaritzak erabaki zuen beste proiektu baterako lehiaketarik ez egitea.

Espainiak berehalako loteria

Espainiako Gobernuak berehalako sariak zituen loteria sortzeko asmoa zuela iragarri zuen 2005. urtean, Ikusi Makusi hasi eta hamar urtera. Iragarpenarekin batera, Alberto Sanz Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun zuzendariak ohartarazi zuen proposamen horrek erkidego bakoitzak zuen jokoen egitura desorekatuko zuela.

Jaurlaritzak ez zuen beste loteria sortzeko lehiaketarik irekitzeko asmorik. Alabaina, Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren ondorioz beste lehiaketa bat abiatzea «ezinezkoa» zela salatu zuen, ez zirelako bateragarriak. Saria txartelean bertan idatzia duten txartelak egokienak dira, bi eta hiru milioi biztanle bitarte dituzten herrialdeetan saltzeko. Gainera, munduan zabalduen dagoen joko eta apustu egiteko era garrantzitsuena da hori.

Arrazoi horietan oinarritua, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateak eta Andaluziako Gobernuak Espainiako Auzitegi Gorenean helegite bateratu bat jartzea erabaki zuten.

Sari handienak, txikiago

Berehalako sariak dituzten txartelak eta Hazka egin eta irabazi txartelak alde batera utzita, loteria nagusiak Espainian Gurutze gorriarena, ONCE Espainiako Itsuen Erakundearena, eta Loterias y apuestas del Estado elkarte publikoarenak dira. 2013. urtea arte, saria irabaziz gero, diru guztia irabazlearen poltsikora joaten zen. Orain, berriz, ogasunek jasoko dute sari handienen zati bat.

Diruaren %20 ogasunak jasoko du 2.500 eurotik gorako sarietan, eta lehen 2.500 euro horiek zergak ordaintzetik salbuetsita daude. Hortaz, 100.000 euro irabaziz gero, 19.500 euro zergetan ordaindu beharko irabazleak, eta beste 80.500 euro poltsikoratuko ditu. Hori da Araban, Bizkaian eta Nafarroan dagoen sistema.

Gipuzkoako ogasunak, berriz, Espainiako Gobernuak ezarri dituen ordainketak %21 eta %25era bitarte handitu ditu. Lehen 2.500 euroengatik ogasunak ez du dirurik jasoko. Halaber, 2.500 eta 4.000 euroren artean %21 bilduko du; 4.000 eta 12.500 euroren artean %23, eta 12.500 eurotik gorako sarietan, %25. Hortaz, 100.000 euroko saria irabaziz gero Gipuzkoako Ogasunak 24.145 euro jasoko lituzke. Irabazleak, berriz, 75.855 euro. Nabarmentzekoa da ordainketatik kanpo dauden 2.500 euroak sari bakoitzerako direla, eta ez pertsona bakoitzarentzat. Saridun bat baino gehiago dauden kasuetan, lehen 2.500 euro horiek proportzionalki banatuko dira guztien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.