Plataforma teknologiko handien boterea murriztu nahian dabil oraindik ere Europako Batzordea. Helburu horrekin bultzatu zuen MDA Merkatu Digitalen Araua, eta arau hori lehen aldiz erabili nahi du orain Appleren jarduna zigortzeko. Bruselak martxoan ireki zuen Appleren aurkako ikerketa, eta, haren arabera, lehen aurkikuntzek erakusten dute Appleren aplikazioen dendak ez diola bide ematen lehia libreari, bidea trabatzen baitie beste konpainia batzuen aplikazioei.
Europako Batzordeak urtebeteko epea du ikerketa amaitzeko. Amaieran frogatutzat joko balu Applek merkatu digitalen araua hautsi duela, urteko diru sarreren %10erainoko zigorra jar diezaioke. Arau haustea errepikatzen dela usteko balu, %20raino iritsiko litzateke isuna.
Ikerketapean dauden gaietako bat da Applek dirua kobratzen diela beste aplikazioen garatzaileei. Zehazki, aplikazio batek milioi batetik gorako deskargak baditu, deskarga bakoitzeko 50 zentimoko tarifa ordaindu behar diote aplikazioen garatzaileek Appleri.
Isuna iTunesengatik
Aurten bertan 1.800 milioi euroren isuna jarri dio Bruselak Kaliforniako konpainiari, iTunes musika zerbitzuari lehentasuna emateagatik beste streaming zerbitzuen kaltetan. Zigor horri helegitea jarri dio Applek EBko auzitegietan, baina, aldi berean, aldaketak egiten ari da bere zerbitzuetan, Batzordearen eskakizunei erantzuteko. Horrela, %30etik %17ra txikitu zuen Apple Store beren produktuak eta zerbitzuak saltzeko erabiltzen duten konpainiek ordaindu beharreko tarifa.
Aldi berean, joan den ostiralean, Applek jakinarazi zuen Europako Batasunean saltzen dituen iPhone telefonoetan adimen artifiziala txertatzeko erabakia atzeratu egingo zuela, arau berriekin talka ez egiteko.
Ikusi gehiago
Apple ez da Europako Batzordearen jomugan dagoen enpresa teknologiko bakarra. Googleren jabe Alphabet ere ikertzen ari da, bere aplikazio denda hobesteagatik, eta Facebook ere bai, datu pertsonalak erabiltzeagatik iragarkiak saltzeko.
Informazio batzuen arabera, baliteke Microsoft izatea Bruselak zigortzeko arriskuan dagoen hurrena; izan ere, salatzaileen arabera, bideokonferentziak egiteko Teams aplikazioa hobeto dabil Microsoften softwarean beste batzuetan baino.
AEBek ere urrats batzuk egin dituzte enpresa teknologiko erraldoien nagusitasuna mugatzeko, nahiz eta haietako gehienak hangoak diren.
MERKATU DIGITALEN ARAUA
Atezain digitalak dira jomuga. Zein dira atezain horiek? Ez da soilik tamaina kontua. Merkatu bakarrean duen eragina izango da plataforma bat atezain gisa hartzeko irizpide nagusia. Hala ere, jo daiteke atezaintzat plataforma txikiago bat, haren zerbitzua erabiltzea derrigorrezkoa bada erabiltzaileentzat edo enpresentzat. Azken hiru urteetako fakturazioa, erabiltzaile kopurua eta burtsako kapitalizazioa ere irizpidetzat erabiliko dira. Alde horretatik, arauak jokaera jakin batzuk debekatzen dizkie atezain digitalei. Esaterako, datuen erabilera esklusiboa, eta haien produktuak lehenesteko praktikak.
Atezain digitalak behartuta egongo dira ardurak partekatzera eta datu mota jakin batzuei buruzko informazio gehiago eskaintzera.
Araua hausten duten konpainiei urteko sarreren %10erainoko isunak jarri ahalko zaizkie. Bost urtean hiru aldiz zigortuak diren plataformak euren negozioak bereiztera behartu ditzake Bruselak. «Jokaera gaizto sistematikoa» ikusten bada, Europako Batasunak egiturazko konponbideak ezarri ahalko dizkie.