Applek 13.000 milioi euro itzuli beharko dizkio Irlandari

EBko Justizia Auzitegiak aurretik emandako epaia zuzendu du, eta Batzordearen zigorra berretsi. Ondorioztatu du Dublinek Applerekin egindako zerga akordioa legez kanpoko estatu laguntza dela.

Apple etxearen saltoki bat. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Apple etxearen saltoki bat. ALEX PLAVEVSKI / EFE
aitor biain
2024ko irailaren 10a
11:50
Entzun

Appleri ez zaio doan aterako Europako Batasunean zerga gutxiago ordaintzeko egindako amarrua. EBko Justizia Auzitegiak ebatzi du AEBetako konpainia horrek 13.000 milioi euro itzuli beharko dizkiola Irlandari, hainbat urtez ordaindu ez zituen zergengatik. Auzitegiak Europako Batzordearen erabakia berretsi du hala, eta zuzendu egin du aurrez diru kopuru handi horren ordaintzea baliogabetu zuen epaia.  

Bruselak 2016an zigortu zuen Apple konpainia, argudiatuta «legez kanpoko bideak» adostu zituela Irlandako Errepublikarekin zerga gutxiago ordaindu ahal izateko. 1991tik aurrera zerga alorrean «tratu berezia» jaso izana egotzi zion, eta, beraz, lehiakideek baino zerga gutxiago ordaindu izana. 13.000 milioi euro eta horri dagozkion interesak itzultzera derrigortu zuen sagarraren konpainia: 14.000 milioi guztira. 

Europako Batzordeak hiru urte eman zituen ikertzen Appleri isuna jarri baino lehen. Bruselak ondorioztatu zuen multinazionalak Irlandarekin 1991n eta 2007an egin zituen akordioak «legez kanpoko estatu laguntza bat» zirela, «barne merkatuarekin bateraezinak». Margrethe Vestager Lehia komisarioak adierazi zuen, hala ere, erabakia ez zela zigor bat, baizik eta helburua zela «ordaindu gabeko zergak itzularaztea».

%0,005

Appleren zerga faktura. Bruselaren arabera, 2003. urtean irabazien %1 ordaintzen zuen Applek zergetan, baina 2014. urterako %0,005raino jaitsi zen zenbateko hori. Sagarraren etxeak esan zuen, aldiz, %21 ordaintzen zuela zergetan EBko herrialdeetan eginten zituen salmentengatik, baina benetan, mozkin gehientsuenak Irlandako sozietateetara desbideratzen dituzte.

Funtsean, bi filial ezarri zituen multinazionalak Irlandan, eta Europan izandako irabazi ia guztiak hara bideratzen zituen. Ondoren, irabazi horiek «bulego nagusi» bati egozten zitzaizkion, eta ezin zituzten beste inon zergapetu. Haatik, bulego horiek soilik paperean existitzen ziren, ez zuten inolako jarduerarik eta ezin ziren izan irabazi horien erantzule. Eskema horri esker, Applek ez zuen ia deus ordaindu behar.

Bruselaren arabera, 2003. urtean irabazien %1 ordaintzen zuen Applek zergetan, baina, zenbatekoa urtetik urtera apaldu, eta 2014. urtean zergen %0,005 baino ez zizkion ordaintzen Irlandako Ogasunari mozkinengatik. Sagarraren etxeak 2017an adierazi zuen, ordea, %21 ordaintzen zuela zergetan EBko herrialdeetan egiten zituen salmentengatik, baina benetan, mozkin gehientsuenak Irlandako sozietateetara desbideratzen dituzte, herrialde bakoitzeko adarrek prezio puztuak ordaintzen dizkietelako Irlandako zentralari royaltyen eta marken erabileragatik.

Arrazoia lehenik, gero ez

Ez Irlandak ez Applek ez zuten ongi hartu Bruselaren erabakia, eta gogor egin zuten haren aurka. Irlandak azpimarratu zuen ez ziola abantaila fiskalik eman inori, ez Appleri ez Iralandan egoitza duten konpainia teknologikoei ere. Tonu gogorragoan hitz egin zuten sagarraren etxeko arduradunek. Tim Cook Appleko kontseilari ordezkariak «zabor politikotzat» jo zuen Eropako Batzordearen erabakia, eta AEBetako Altxorrak Bruselari egotzi zion «nazioz gaindiko agintaritza fiskal» bihurtzea. 

Hori horrela, bai Irlandak bai konpainiak helegitea jarri zuten Europako Batzordearen erabakiaren aurka, eta aldeko epaia ere jaso zuten 2020an, espero zitekeenaren aurka. Auzia, baina, ez zen orduan amaitu, epaia ez baitzen irmoa. Bruselak helegitea aurkeztu zion, eta Luxenburgok arrazoia eman dio orain, auzia behin betiko itxita. Dublinek 14.000 milioi baino gehiago blokeatuta eduki ditu orain arte, epai irmoaren zain.

«Garaipen garrantzitsua»

Auzitegiaren erabakiak aldeko eta kontrako iritziak eragin ditu atlantikoaren alde banatan. AEBetan, esaterako, ez dute begi onez hartu 2020ko erabakia zuzendu izana. «Dezepzionatuta gaude erabakiarekin; izan ere, auzitegiak jada berrikusi zuen kasua eta baliogabetu egin zuen [zergak itzultzeko] erabakia», esan dio Appleren bozeramaile batek Bloomberg-i.

«Garaipen garrantzitsua da Europako herritarrentzat eta justizia fiskalarentzat, erakutsi baitu tarteka posible dela justizia egitea»

MARGRETHE VESTAGEREBko Lehiaren komisarioa

Pozik azaldu da, aldiz, Europako Batzordea. Batasuneko herritarrentzat eta justizia fiskalarentzat «garaipen garrantzitsua» dela esan du Vestagerrek, erakutsi baitu «tarteka» posible dela «justizia» egitea zerga gaietan ere: «Espero dut gaurko epaiaren irakurketa zera izatea: agian hobe da arauak betetzen dituen enpresa bat izatea», esan du. Eta azpimarratu du tinko jarraituko duela halako amarru fiskalen aurka egiten.

Bruselak aspaldi hartu zuen konpainia teknologiko erraldoiek dituzten mesede tratuen aurka egiteko erabakia. Izan ere, Batzordeak iritzi dio, estatu kideen artean zerga armonizaziorik ez dagoenez, multinazionalak erakartzeko estatuen arteko lehiak kalte egiten diola Batasuneko merkatuari eta fiskalitateari, zergen bidez diru gutxiago jasotzea dakarrelako. Bide horretan, edonola ere, garaipen baino porrot gehiago izan ditu. Gaur arte. 

Ondorioak, ikusteko

Ikusi beharko da epaiak zer ondorio izango dituen. Kolpe gogorra da Irlandako gobernu kontserbadorearentzat, beldur baita han egoitza duten beste multinazional batzuk ikaratu eta alde egingo ote duten. Applerekin ez ezik, AEBetako eta Txinako beste erraldoi batzuekin ere egin izan ohi ditu itunak estatu horrek, Europako egoitza bertan izatearen truke zerga gutxiago ordain dezaten. Applek zuzeneko 6.000 enplegu baino gehiago ditu Irlandan, Cork hirian.

Horrez gain, EBko gainerako herrialdeek zer jarrera hartzen duten ere ikusi beharko da. Izan ere, litekeena da 14.000 milioi euro horien parte bat eskatzen hastea. Irlandan ordaindu gabeko zerga horiek, nagusiki, Applek EBko gainontzeko lurraldeetan duen jardunaren emaitza baitira. Ondorioz, baliteke multinazionalak erabaki garrantzitsuak hartzea Europako merkatuari dagokionez.

ISUNA GOOGLERI

Luxenburgoko auzitegia Bruselaren alde lerratu da beste kasu batean ere: berretsi egin du hark Googleri jarri zion isuna. Batzordeak 2.400 milioi euroko isuna jarri zion 2017an konpainia horri, Interneteko bilatzaileetan duen nagusitasunagatik. Bere bilatzaileetan Google Shopping produktuak lehenesten zituen lehiakideenen gainetik, Europako Batzordearen arabera. AEBetako konpainiak helegitea jarri zuen, baina EBko auzitegiak ez du onartu, eta zigorra berretsi du. Bruselak inoiz ezarritako zigorrik handienetan hirugarrena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.