Aplikazio denden «monopolioa» kolokan

AEBetako epaimahai batek ebatzi du Googleren Play Storek legea urratzen duela. Denda horretan egindako salerosketen %30 poltsikoratzen ditu.

GOOGLE
Googlen egoitza, New Yorken. JUSTIN LANE / EFE
jokin sagarzazu
2023ko abenduaren 12a
10:30
Entzun

San Frantziskoko (AEB) epaimahai batek ebatzi du Googlek monopolioaren aurkako legeak urratu dituela Play Store plataformarekin, Android sistemetan telefonoetako aplikazioak deskargatzeko nagusi den denda birtualarekin. Epic Games Fortnite bideojokoaren sortzaileak bultzatutako hiru urteko prozesu judizial baten emaitza da epaia, eta aplikazio denden joko arauak alda ditzake.

Googlek %30 jasotzen du plataforma horretan egindako deskargengatik eta aplikazioetan egindako erosketengatik. Adibidez, Fortnite bideojokoan, partidetan jokalari batek jantzi bat eros dezake jokoko pertsonaiarentzat, eta horren truke ordaintzen duenaren %30 zuzenean Appleren patrikara doa, sortzailearengana joan beharrean. Gauza bera gertatzen da musika aplikazioekin, adibidez, abesti batengatik ordaintzen den bakoitzean, baita bestelako aplikazio batzuekin ere. Badira beste plataforma denda batzuk, baina Play Storek menperatzen du merkatu hori Android sistema eragileak dituzten telefonoetan.

Hori saihesteko, Epic Gamesek bere instalatzailea sortu zuen. Hala ere, hemezortzi hilabete geroago, Play Storen jarri zuen jokoa, baina, deskontuarekin, Epic Gamesi zuzenean ordainduz gero. Googlek aplikazioa bere dendatik ezabatu zuen, eta bideo jokoaren sortzaileak auzitara jo zuen.

Aurretik, Epic Gamesek ere arrazoi beragatik salatu zuen Applen denda —App Store—, baina emaitza beste bat izan zen: kasu horretan,  epaileak erdibideko irtenbide bat hartu zuen. Oraingo epaiak Appleren jardunean ere eragin dezakeela uste du Epic Gamesek. Diru asko dute jokoan Applek eta Googlek. Bloomberg atariaren arabera, aplikazio dendek 182 mila milioi dolar mugitzen dituzte urtean.

Auzi horrez gain, Googlek monopolioaren aurkako beste epaiketa bat du Washingtonen. AEBetako Justizia Sailak milioika dolarreko zigorra eskatu du, Interneteko bilatzaile nagusia izateko erabilitako estrategiengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.