Gutxika bada ere, lan merkatua suspertze bidean sartzen ari da. Urteko lehen hiruhilekoan baino abiadura handiagoan handitu da bigarrenean. Dena den, mantsoa izaten ari da krisiaren aurreko egoerarako itzulera. Urte hasieran pandemiaren olatuei eusteko ezarritako debekuek gelditu egin zuten hazkundea: langabeziak apur bat behera egin zuen arren, enplegurik ez zen sortu ia. Apiriletik aurrera aldatuz joan da joera hori, eta txertaketa kanpainak eta horrekin batera gobernuek zenbait jarduerei ezarritako mugak kendu izanak konfiantza giroa sortu dute lan merkatuan. Urteko bigarren hiruhilekoan, 15.000 lanpostu sortu dituzte.
Eustatek 108.600 langabe zenbatu ditu, aurreko hiruhilekoan baino 7.100 gutxiago. Langabezia tasa %10,3 da hiru lurraldeetan, 2021eko lehen hiruhilekoan baino 0,8 puntu txikiagoa. Pandemia hasi aurretik %9,8 zen. Enplegu sorreraren oinarriak industriak eta zerbitzuen sektoreak ezarri dituzte. Hazkunde erlatibo handiena fabriketan gertatu da: azken hiru hilabeteetan %2,2 handitu da, hau da, 4.400 lanpostu gehiago. Zerbitzuen sektorean, berriz, %1,4 hazi da, 9.300 langile gehiago. Lehen sektorean 400 lanpostu sortu dira, eta eraikuntzan, 300.
Puntu beltzak
Ohi denez, gazteenak dira krisiaren ondorioak gehien nabaritzen ari direnak. Adinak behera egin ahala, handitu egiten da langabeen kopurua. 45 urtetik gorakoen artean %7,5ekoa da, eta 25-44 urtekoen artean, %11,8koa. 16-24 urtekoetan, berriz, lanean aritu nahi duen lau gaztetik bat (%25) langabezian dago. Haien artean bakarrik handitu da langabezia tasa azken hiruhilekoan, +%0,6.
Lan kontratuetan ere nabari dira aldeak. Landunen %81,8 soldatapekoak dira, eta sortutako lanpostuetan gehiago izan dira aldi baterako kontratuak egin dituztenak (+11.800 langile), kontratu mugagabeak egin dituztenak baino (+2.900).
Halaber, gora egin du pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten familien kopuruak: 900 familia gehiago dira, 35.900 guztira. Hamar familiatik seitan, pertsona aktibo guztiak lanean daude, aurreko hiruhilekoan baino 4.000 gehiago.
Langilearen sexuaren arabera, proportzio berean egin du behera langabeziak (-%0,8): %10,5 da emakumezkoen artean, eta %10,1 gizonezkoetan. Okupatuen tasa %70,5ekoa da gizonezkoen artean, eta %64,9koa emakumezkoetan.
Ikasketa mailari dagokionez, nahiko homogeneoa izan da jaitsiera: handiena bigarren mailako ikasketak eta erdi mailakoak dituztenen artean gertatu da, -%0,9, eta langabezia tasa % 12,5ean dago; goi mailako ikasketak amaitu dituztenen artean %0,7 jaitsi da, eta % 6,6an dago orain; eta lehen mailakoak eta maila txikiagokoak dituztenen artean, %0,5 jaitsi da, eta %13,8 da langabezia tasa.
Lurraldeka, ohi bezala Bizkaiak du langabezia tasarik handiena: %11,4. Apiriletik %0,7 egin du behera, eta 3.100 langabe gutxiago daude. Gipuzkoan (28.300 langabe), 3.000 gutxiago daude, eta tasa puntu bat jaitsi da, %8,2raino. Araban, 1.000 langabe gutxiago daude, eta langabezia tasa %11,1 da; hau da, aurreko hiruhilekoan baino 0,7 puntu txikiagoa.
Apiriletik 15.000 lanpostu sortu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Langabezia tasa %10,3ra jaitsi da: 7.100 langabe gutxiago. Pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten 900 familia gehiago daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu