Urte hasiera zaila izan zuen lan merkatuak, baina apirilean arnasa hartu du, udaberrian ohikoa izaten duen moduan eta urteko bigarren seihilekoan ekonomiak hobera egingo duela dioten aurreikuspenek bultzatuta. Gainera, errekor berri bat ezarri du: inoizko langile kopururik handiena dago Hego Euskal Herrian.
Langabeziak ere behera egin du, eta hurbildu egin da duela urtebeteko kopuruetara, azken hamabost urteetako onenetara. Sektore batek hauspotu du errekuperazioa: zerbitzuenak. Ondorio horiek utzi dituzte SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak gaur jakinarazitako datuek.
Iazko azaroan ezarri zen afiliazio errekorra, 1.319.097 kotizatzaile baitzeuden, eta apirilean berriz ere aise gainditu du ordutik gainditzerik izan ez zuen langa, 1,3 milioirena. Apirilean batez beste 1.321.890 zenbatu ditu Gizarte Segurantzak. Martxoan baino 3.948 gehiago eta iazko apirilean baino 20.878 gehiago.
Afiliazioetan ez bezala, langabeen kopuruan ez da errekorrik ezarri, baina 2009ko krisialditik izandako txikienetariko bat da: iazko udakoa zen marka (134.644). Apiril honetan 139.794 langabe ageri dira langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan. SEPEren datuak INEk emandako biztanleria aktiboaren inkestarekin konbinatuz gero, Hego Euskal Herriko langabezia tasa %9,91 da.
Urteko lehenengo hiru hilabeteetan gora egin zuen langabeen kopuruak, baina joera hori eten egin da. Martxoan baino 2.520 pertsona gutxiago daude egoera horretan, baina iazko apirilean baino 949 gehiago. Lurralde guztietan apaldu da langabeen kopurua. Bizkaian 1.281 gutxiago daude; Nafarroan, 602 gutxiago; Gipuzkoan, 576 gutxiago; eta Araban, 61 gutxiago.
Sexuaren arabera, bietan jaitsi da: 1.225 gutxiago gizonen artean (-%2,06) eta 1.295 gutxiago emakumeen artean (-%1,56). Langabezia nabarmen handiagoa da emakumeen artean (langabeen %58,3 dira) gizonen artean baino (%41,7).
Aldizkako gehiago
Apirila hilabete ona izaten da enpleguarentzat, askotan bat egiten baitu Aste Santuko oporraldiarekin. Aurten lan merkatuak alde izan du faktore hori, aurreneko astean behintzat, eta zerbitzuen sektorean eta bereziki ostalaritzan sortutako lanpostuek lagundu dute. Apirilean zenbatu diren 2.520 langabe gutxiago horietatik erdiak baino gehiago (1.782) zerbitzuen sektorekoak dira. Besteetan txikiagoa izan da jaitsiera. Aurretik lanik gabe zeudenen artean 259 gutxiago daude orain, eta industriaren sektorean 230 lagun gutxiago daude langabezian.
Afiliazio datuetan ere ikus daiteke zerbitzuen sektorearen pisua. Azken urtean afiliaturiko langileen %84,5 zerbitzuetakoak dira, eta gaur egun erregimen orokorrean afiliatutako lau langiletik hiru (%73,4) sektore horretakoak dira; apirilean egindako lan kontratu gehienak ere bai (%68).
%58Aldizkako finkoak. Apirilean, hamar afiliatu berrietatik seik (%58,1) aldizkako kontratu finkoa zuten. Azken hilabetean aldizkako finkoen kontratu mota ugaritu da gehien: %4,7.
Sektore guztiak kontuan hartuta, aldi baterakoak izan dira lautik hiru (%75,8). 2022an Espainiako Gobernuaren azkenengo lan erreforma indarrean sartu zenetik, portzentaje hori kopuru horretan mantendu da hilabete guztietan, gorabehera batzuekin. Aurretik kontratuen %90 inguru izaten ziren behin-behinekoak.
Guztira 76.754 lan kontratu sinatu dira, beste apiril batzuetan baino apur bat gutxiago. Izan ere, behin-behinekotasuna murrizteko, lan erreformak aldizkako finkoen kontratazioa bultzatu du, sektore jakin batzuetan bereziki, eta horren erabilera gero eta gehiago zabaltzen ari da. Afiliazioen datuetan ikus daiteke hori. Azken hilabetean aldizkako finkoen kontratu mota zabaldu da gehien: %4,7 ugaritu da. Eta apirileko afiliatu berrien %58,1ek dute kontratu mota hori.
Aldizkako finkoetan ere badago sexu arrakala. Kontratu mota hori duten langile guztien artean %64,7 emakumeak dira. Andreen %5,2k dute du kontratu mota hori; gizonen %2,7k. Lanaldi motan ere ikus daiteke aldea: emakumeen artean, lautik batek (%25,5) du lanaldi partziala; gizonen artean, %11k.
%25Zenbat emakumek duten lanaldi partziala Lau emakumetik batek du lanaldi partziala (%25,5ek); gizonen artean %11koa da portzentaje hori. Aldizkako finkoei dagokienez ere, emakumeen artean proportzioa handiagoa da (%5,3), gizonezkoen artean baino (%2,7).
Langabezia sarien atalean, berriz, ez dago aldaketarik. Enplegurik ez dutenen erdiek baino gehiagok (%52,2k) ez dute langabezia prestaziorik kobratu apirilean. %27,9k jaso dute kotizaziopeko prestazioa —batez beste 1.045 eurokoa Nafarroan eta 1.020 eurokoa EAEn— eta %18,5ek subsidioa —570 euro lehenengo sei hilabeteetan, eta 480 euro hamabigarren hilabetetik aurrera eta gehienez beste bederatzi hilabetez—.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak apirileko langabezia eta afiliazio datuen interpretazio baikorra egin dute, eta aurrera begira hobera egingo duten zantzuak daudela nabarmendu dute.
Sindikatuek, berriz, bestela ikusten dute egoera. Urtaro batetik bestera gorabeherak izaten direla ohartarazi dute, eta lan merkatuak zerbitzuen sektorearekiko menpekotasun handia duela. Lanaldien partzialtasuna ere nabarmendu dute, batez ere emakumeen eta gazteen artean.