Apirilera arte petrolio ekoizpenari eustea erabaki dute LPEEk eta Errusiak

Kartelak eta haren aliatuek hirugarren aldiz erabaki dute produkzioa igotzeko erabakia beste lau hilabetez atzeratzea. Trumpen administrazioak hartuko dituen erabakiei eta prezioen bilakaerari erreparatu nahi diete.

Azerbaijango Neft Daslari hobia. MAXIM SHIPENKOV / EFE
Azerbaijango Neft Daslari hobia. MAXIM SHIPENKOV / EFE
2024ko abenduaren 5a
15:15
Entzun

Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek (LPEE + taldeak) balaztari sakatzen jarraituko dute apirilera arte. Aurretik planifikatuta zuten petrolio ekoizpena handitzen hastea, baina irailaz geroztik asmo horiek atzeratu egin dituzte bi aldiz. Gaurkoa izan da hirugarrena. Munduko petrolio merkatuaren erdia merkaturatzen dute LPEEk eta haren aliatuek —batik bat Errusiak—, eta zer egin erabakitzeko modu telematikoan bildu dira.

Prezioen jaitsierak eta petrolio kontsumoa uste baino apalago hazteak eraman ditu ekoizpenari eustera. Urtarrilaren 20an hartuko du AEBetako presidente kargua Donald Trumpek, eta ikusi nahi dute kanpainan iragarritakoa bete eta zigorrik ezarriko dien Irani eta Venezuelari. Bilera osteko oharrean azaldu dute «martxoaren amaiera arte» eutsiko diotela ekoizpenari.

Bilera erabakigarria zuten gaurkoa. Pare bat urtez, ekoizpena murriztu ostean, ekainean hitzartu zuten urritik aurrera urte baten buruan produkzioa 2,2 milioi upel handituko zutela; apurka, eguneko ekoizpena handitzea zen asmoa: 180.000 upel gehiago hilero. Uztailaren hasieratik, baina, Brent petrolio upelaren prezioak %17 inguru egin du behera, eta, merkatze horrek bultzatuta, hiru aldiz atzeratu egin dute upel gehiago merkaturatzeko neurria. 

Testuinguru horretan etorri da bilera, atzerapenak ez baitu lasaitasunik ekarri. Kartelak utzitako hutsunea baliatzen dute euren kontroletik kanpo dauden beste herrialdeek —batik bat, AEB—, eta horrek zalantzak areagotu ditu kartel barruko bazkideen artean: produkzio igoera batek prezioak are gehiago merkatzeko eta bazkideen diru sarrerak apaltzeko arriskuari aurre egin; edo egungo egoerari beste hilabete batzuk eutsi.

Bost eguneko atzerapena

Gauzak ez daude bare LPEE+ taldean. Horren adierazle, igandean ziren biltzekoak, baina bost egun atzeratu dute hitzordua. Azalpen ofizialaren arabera, hainbat herrialdeetako petrolio ministroak asteburuan Kuwaiten antolatutako Persiar golkoko goi bileran zeuden, eta ezin zituzten agendak uztartu. Azkenean bilkura telematikoa izan dela aintzat hartuz gero, guztiz bestelako desadostasun handiagoei erantzun diezaioke atzerapenak. 

Interes gurutzatu ugari dituzte, azken batean. Esaterako, Kazakhastanek. 2016an bat egin zuen kartelarekin. 45.000 milioi euroko inbertsioa egin ostean, bere petrolio hobirik handiena prest du ustiatzeko, eta egindako finantza eginahal itzel horri aurre egiteko komeni zaio hilero bere produkzio kuota handituz joatea. Irak ere antzeko egoera batean dago.

Inbertsio handiak amortizatzeko beharra duten herrialdeei ez ezik, egungo egoerak bazkide txikienei ere egiten die kalte. Angolak, adibidez, urtarrilean utzi zuen LPEE, ezin zuelako luzaroan eutsi bere esportazioen diru sarrera nagusiak mugatuta. Haren atzetik, beste kide batzuk ere pauso bera har dezakete.

Mahaiaren beste aldean, baina, kartel barruko kide boteretsuak daude. Prezioen bilakaera ikusirik, Saudi Arabia presio egiten aritu da ekoizpenari eusteko. Are: ahalegindu da petrolio gutxiago ekoizteko aukera planteatzen beste ekoizleen artean, baina harrera apala izan du eskariak. Errusiak bat egin du, txorrota beste hainbat hilabetez itxia izateko proposatuta.

Iraupena eta estrategia

Zenbat denbora eutsi, hori izan da eztabaidagai nagusia. Albiste agentziek aipatutako informazio iturrien arabera, beste hiru hilabetez atzeratzea zen aukera nagusia, baina beste herrialde batzuek planteatu dute gehiago eustea erabakiari. Trumpen administrazio berriak zer egingo duten ikusi nahi dute.

Iraupenaren inguruko eztabaidak estrategiaren inguruko zalantzak azaleratu ditu. Izan ere, aurreko egunetan Irango ordezkaritza kritiko azaldu da. Iranek uste du LPEEk utzitako hutsune hori baliatzen dutela beste ekoizleek merkatua kuota bereganatzeko, eta haien neurriek petrolio soberakinak eragiten dituztela, prezioak beherantz bultzatuz.

Oraindik urtero munduan petrolioaren kontsumoak gorantz segitzen badu ere, mugikortasun elektrikoa zabaldu ahala —batik bat, Txinan—  eskaria ez da igotzen garai batean bezala. Horrek asko zailtzen die ekoizleei merkatuaren bilakaera aurreikustea. Duela bi aste, IEA Nazioarteko Energia Agentziak jakinarazi zuen iaz petrolio eskaria hasieran aurreikusitakoaren %10 handitu zela, eta aurten, erdia. IEAk uste du datorren urtean milioi bat upel izango direla sobran.

LPEE+ taldea ez dator bat kalkulu horrekin, eta herrialde industrializatuen interesetara lerratua izatea egozten dio IEAri. Dena den, prezioek ez diete erantzuten kartelaren erabakiei, eta, oro har, beherantz egin du. Ekialde Hurbilean Israelen eta Iranen artean tentsioak gora egin ahala, prezioek ere gorantz egingo zutela espero zuten hainbat adituk, baina eskariaren eta eskaintzaren arteko alde hori erabakigarri izan dela dirudi. 

Oraintxe, Europako findegiek erreferentzia gisa hartzen duten Brent upelaren etorkizuneko kontratuak 72,4 dolarrean salerosten dira —azaroaren 22an 75 dolarrean zegoen—. Dena den, azken astean gasolinak zertxobait gora egin du: Euskal Herriko gasolindegi bakoitzean den prezioa hemen kontsulta daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.