Fitxaketa sistema ostalaritzan

Aparteko orduen kontua, mesedez

Lan sektore bakoitzak bere fama dauka, justifikatua askotan; lan malgutasuna jotzen da ostalaritzaren bereizgarritzat, eta aparteko ordu asko egitea. Gipuzkoan mugak jarri nahi dizkiote horri, eta sindikatuek eta patronalak fitxaketa sistemak ezartzea adostu dute sinatu berri duten hitzarmenean.

Donostia. Gandarias jatetxeko langile bat, fitxaketa sistema erabiltzen. JUAN HERRERO / EFE.
inaut matauko rada
Donostia
2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ostalaritza oso lotuta egon da beti lanaldi luzeekin, ordaindu gabeko aparteko orduekin eta egutegiaren malgutasunarekin. «Ostalaritzan lan egiten duen jende asko atzerritarra da, edo behar handiak ditu, edo baliabide falta. Eta ohikoa bihurtu da astean 20 orduko kontratuak egitea, eta egiatan 40 orduz lan egitea» azaldu du Leire Caballerok, ELAren Gipuzkoako ostalaritza arduradunak.

Ikusi gehiago:David Vega, Baluarte tabernaren jabea: «Ticket Bairekin denek instala dezakete fitxaketa software bat»

Beste langile askok, gainera, astean 40 ordu baino gehiago lan egiten dutela azaldu du Caballerok, eta, batzuetan, hamabi orduko lanaldiak egiten dituzte. Kontratuz kanpo egindako ordu horiek bi irtenbide dituzte: lehena, beltzean ordaintzea eta gutxiago kotizatzea; eta bigarrena, orduak ez kobratzea. Hori dela eta, anabasa eta kontrol falta hori amaiarazteko asmoz, sindikatuek eta patronalak adostu zuten Gipuzkoako ostalaritza hitzarmenean bost langiletik gorako enpresetan ordutegia kontrolatzeko fitxaketa sistemak ezartzea.

Ez fitxatzearen ondorioak erreklamazioak jartzeko orduan nabaritu ditzakete langileek: «Erreklamazio bat egin nahi badugu eta ez badugu hori frogatzeko modurik, ezin dugu ezer erreklamatu; beraz, orduak galdu egiten dira».

Fitxatu beharra, legez

Nahiz eta hitzarmenean gehitu, 2019tik Hego Euskal Herriko enpresa guztien beharra da langileen lanaldia kontrolatzea. Hala ere, sektore batzuetan beste batzuetan baino ohikoagoa da lanera sartzean eta irtetean fitxatzea: «Ostalaritzan ez da batere kontrolatzen lanaldia. Industrian, esaterako, ia erabatekoa da kontrola. Eta gertuagoko adibideetara joanda, hotel ia guztietan fitxatu egiten dute. Baina ostalaritzan ez dago mugarik ia», azaldu du Caballerok.

Legez fitxatzeko betebeharra badute ere, taberna eta jatetxe gutxik egiten dute. Egiten dutenek hainbat modutan egiten dute, eta batzuk besteak baino manipulagarriagoak dira. Caballeroren ustez, ohikoa da paper batean apuntatzea, eta horrek tranpak egitea errazten du: «Paper batean jartzen badut zure lanaldia 10:00etatik 14:00etara dela, baina 16:00ak arte geratzen bazara, bi ordu horiek galdu egiten dituzu, ez direlako inon agertuko. Eta gainera, jendea beldur denez, ez dira hori eztabaidatzen hasten jabeekin».

Beste establezimendu batzuetan, fitxaketarako sistema digitalak dituzte, eta eskumuturrean edo giltzetakoan duten txip baten bitartez fitxatzen dute. Halere, sistema horri trikimailua hartzen dietenik badela dio Caballerok: «Txartelaz edo eskumuturrean duzun txip batez fitxatzen baduzu, beste bati pasa diezaiokezu».

Hori dela eta, fitxatzeko modurik onena hatz marka baliatzea dela uste du Caballerok, eta horixe eskatu dio ELAk Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteari. «Patronalari eskatu diogu fitxaketa hatz markaz egin dadila, iruzurrerako tarte oso txikia egongo delako horrela. Hatz marka pertsonala da, azken finean: bazaude edo ez zaude». Hala ere, sindikatuak eta patronala fitxaketaren xehetasunak argitzen ari dira oraindik.

Hitzarmena apirilean sinatu bazuten ere, oraindik ez da indarrean sartu, baina Caballerok espero du ekainean edo beranduenez uztailean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatzea. Indarrean sartzen denetik, ostalaritza enpresek urtebeteko tartea izango dute fitxaketa sistemak ezartzeko.

Ikuskaritza falta

Langileen lanaldia eta eskubideak betetzen direla bermatu behar duen erakundea Lan Ikuskaritza da. Hala ere, Caballerok azaldu bezala, milaka eta milaka aparteko ordu egiten dira ostalaritzan, baina begi gutxi daude gainean: «Egia da lan ikuskaritza lanez lepo dagoela, eta ez dela iristen. Jatetxe eta sagardotegi batzuetan erreklamazioak jarri izan ditugu, baina ez dira iristen».

Langileen osasunerako ere ona izango dela uste du Caballerok. Izan ere, sasoirik gogorrenetan jendeak «itota» amaitzen duela dio, eta askok gaixo baimena eskatu behar izaten dute.

Sektoreko arazoen jakitun izanik, LAB eta ESK sindikatuek Labanak Eskuan plataforma aurkeztu zuten hilabete hasieran. Ostalaritza «izatez» sektore prekarizatua dela irizten diote, eta hitzarmen berria «bere osotasunean» aplikatzen dela bermatzeko helburuz sortu dute taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.