Turisten kopuruek markak hausten jarraitzen dute, eta sektorearen hazkundean bada asko ugaldu den ostatu mota bat: apartamentu turistikoa. Eustatek emandako datuen arabera, halakoek hartutako bisitari kopuruak %24,7 egin zuen gora 2023an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hoteletako bisitari kopurua %10,4 handitu da, eta landetxeetakoa, berriz, %2,3.
Hiru herrialdeetan gainditu dituzte 2022ko datuak, baina nabarmenen Gipuzkoan: %40,2 ugaritu dira apartamentu turistikoek hartutako bisitariak. Bizkaian, %20,4, eta Araban, %13,9. Apartamentuetako bisitari kopuruak (176.781) gainditu egin du landetxeetan izan direnen kopurua (172.918), eta gaualdietan are nabarmenagoa da aldea: apartamentu turistikoetan gau gehiago egin dituzte turistek (627.157) nekazari etxeetan baino (446.374).
Eustatek aterpetxeen gaineko datuak ere eman ditu, bigarrenez. Haietan, gainontzeko alojamentu mota guztietan bezala, goranzkoa da joera (%7,6). Araban izandako hazkundea da azpimarragarriena (%34). Hiru lurraldeetan, 222.174 lagunek pasatu dute gutxienez gau bat aterpetxeetan.
Nafarroako hotelak
INE Espainiako Estatistika Institutuak eman ditu Nafarroako hotelen inguruko datuak, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako joera berretsi dute: 2022an baino %5,3 bisitari gehiago izan dituzte. Gaualdiek %5,6ko hazkundea izan dute.