Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elikadura enpresen ahotsa da Jon Ander Egaña (Bermeo, Bizkaia, 1966), eta ia egunero azaltzen du zergatik garestitu diren hainbeste azken bi urteetan. Elikadura Klusterraren hamabosgarren urteurrenean, bazkideen produktuen kalitatea goratu du, eta duten balio erantsia aldarrikatu: «Gu ezin gara lehiatu prezioan eta bolumenean».
Rosa Carabel Eroskiko zuzendari nagusiak esana da erosketa saskia %30 garestitu dela azken bi urteetan. Datua berresten al duzue?
Bai, pandemiaren ondoren Ukrainako gerra etorri zen, eta lehengai gehienak garestitu egin ziren. Elikagaiak garestitu egin dira, baina elikadura enpresak ez dira maila berean aberastu, ezin izan baitute igoera osoa eraman salmenta preziora. Irabazi marjina murriztu zaie. Garestitzearen arrazoi nagusia inflazioa izan zen, eta prezioak apurka apalduko dira, baina ez gara itzuliko pandemia aurrekoetara. Gorakada izan zuen orduan, eta kostuak mantendu egiten dira. Bestalde, kontsumo bolumena dago. Kontsumitzaileari gertatzen zaiona berehala sumatzen da elikadura katean. Patrikan diru gutxiago badu, beste modu batera kontsumituko du. Baina gauza bat esango dizut: hemen ez da inor aberastu.
Aberasten ari den artekariaren figura mitoa al da orduan?
Jendeak kalkulu hau egiten du: zenbat ordaintzen zaion nekazariari eta zenbatetan dagoen merkatuan. Baina ikusi behar da elikadura industriaren katea oso luzea dela. Produktu segurua dela bermatu behar duzu, era egokian dagoela, une egokian... prozesu horretan, kostuak asko handitzen dira. Biltegiratu egin behar da, garraiatu... Kate oso luzea da, eta ez da hain erraza ekuazio hori egitea, «hemen euro batean erosten dute, eta gero bostean saldu!». Kate horretako zatiren bat ken daiteke agian, baina ez hainbeste. Pandemian ikusi zen ondo koipeztatua dagoen makineria bat dela, eraginkorra... eta hori ez da egun batetik bestera lortzen. Prozesu konplexua da, eta gehienetan ezin da igoera osoa azken preziora eraman, kontsumitzaileak muga bat baitu. Banaketak oso marjina txikia du, %2 eta %4 artekoa. Merkatu handiek ehun euro saldu behar dituzte bi irabazteko. Bolumen handian dago negozioa.
«Banaketak oso marjina txikia du, %2 eta %4 artekoa. Merkatu handiek ehun euro saldu behar dituzte bi irabazteko. Bolumen handian dago negozioa»
Inflazioarekin asko aldatu dira kontsumo ohiturak?
Inflazioak, pandemiak... ia guztiak du eragina elikaduraren kontsumo ohituretan. Adibidez, mailegu hipotekarioak igotzen badira, sumatzen da. Guk eguneko kontsumo uneak aztertzen ditugu, eta beti dago aldaketaren bat. Pandemia ostean ikusi dugu jendea kalera ateratzen dela eta gastatzeko ohitura areagotu dela, baina kontsumizioen balioa txikiagoa da. Eta hori etxeko ohituretan ere igartzen da.
Horregatik ari al dira hazten marka zuriak?
Bai, asko hazi dira. Guk banatzaile markak esaten diegu zuriei. Hor ere maila eta kalitate ezberdineko produktuak egoten dira, beste marka bat dira. Haien merkatu kuota oso handia da, baina produktuen arabera aldatzen da. Kontserbetan, esaterako, %80 da, eta beste batzuetan, gutxiago. Hori arazo bat da markentzat, beren produktua defendatu behar dutelako apaletan.
Prezioari gehiago begiratzen al zaio orain?
Bai, normala da. Nork bere kalkuluak egiten diru bere egoera pertsonalaren arabera.
«Inflazioak, pandemiak... ia guztiak du eragina elikaduraren kontsumo ohituretan. Adibidez, mailegu hipotekarioak igotzen badira, nabaritu egiten da»
Zer produkturen kontsumoa aldatu da gehien?
Krisietan, normalean, erdi mailako produktuek sufritzen dute gehien. Merkeak, erdikoak eta prezio handikoak daude, eta halakoetan polarizatu egiten da kontsumoa. Egunerokorako, merkeen kontsumoa handitzen da; aldiz, gutizia bilatzean, goi markara jotzen da. Erdian dagoenak sufritzen du.
Datuek diote arrain kontsumoa asko apaldu dela: %35 hamar urtean.
Bai, gero eta gutxiago jaten da, izan freskoan, latan, prozesatua edo izoztua. Ez dut uste arrazoi bakarra dagoenik, baina BEZaren jaitsiera eskatzen zen, eta horrek garestitu egin du, eta poltsiko batzuetarako luxu txiki bihurtu da. Hala ere, nik uste dut ez dela prezioarengatik bakarrik, kulturala ere badela. Gu beti izan gara arraina jan duen herri bat, baina azken hamarkadetan transmisioa galdu egin da. Ohitura galtzen ari da, eta elikadura aditu guztiek diote elikagai oso onak direla. Guk erakundeei eskatuko genieke kanpaina handi bat arraina kontsumitzeko kultura berreskuratzeko.
Eta haragia?
Elkarteko kideek diote kontsumoa pixka bat hazi egin dela, baina modua aldatu egin da. Lehen baino haragi zuri gehiago jaten da: oilaskoa, indioilarra, untxia... baina proteina iturri ona da. Beste xehetasun bat: harategi gutxiago daude, jende gazteak ez duelako sartu nahi horrelako negozio batean, baina datuek diote harategiak errentagarriak direla.
Klusterrean gehien esportatzen duzuen produktua ardoa da, baina mahastiak kendu behar direla dioenik badago. Euskal ardoaren ekoizpenak goia jo al du?
Ez du uste, baina ardo asko daude merkatuan. Esportatzeko aukera handiak daude, baina kanpoan lehia oso handia da. Agian aukera hobeak daude merkatu hurbilagoetan, eta orain badakit saiatzen ari direla Euskal Herrian kontsumitzen den Errioxako ardoa Arabako Errioxakoa izatea. Hor bada tarte bat: kanpora joan aurretik, Euskal Herrian hazteko aukerak daude oraindik. Guk gurea eskatzeko ohiturarik ez dugu, baina, eta landu beharko litzateke. Marka sortzeak lagunduko luke gure ardoak eta produktuak orokorrean berezitzen.
«Prezioa ez da arrain gutxiago kontsumitzearen arrazoi bakarra: familietan, transmisioa galdu egin da. Arraina jateko ohitura galtzen ari da»
Nolakoak dira euskal elikadura enpresak?
Klusterrean, balio kate osoa hartzen dugu. Lehen sektorea gurean oso txikia da, ustiategi txikiak dira, eta balioa eman behar diegu. Gero industria dago, sei azpisektoretan banatuta. 1.500 bat enpresa dira, baina erdiak autonomoak dira. Enpresei dagokienez, gehienak txikiak dira, bost langile baino gutxiagokoak. Hamabi edo hamabost bat izango dira ehun langiletik gora dituztenak: Kaiku, Natra, Angulas de Aguinaga... eta horiek. Gero, logistika enpresak daude, eta kanalak. Bi kanal handi daude, Eroski eta Uvesco, eta gero, ostalaritza eta jantokiak. Hori guztia kontuan hartuta, EAEko BPGaren %9,36 biltzen dugu, eta 138.000 langile gara, ostalaritza barne.
Prestigio arazo bat al du elikadura industriak?
Ez da prestigio kontua, baizik EAEn beste sektore batzuek indar handiagoa izan dutela: siderurgiak, energiak... Nafarroan, esaterako, sektorerik indartsuena gara. Aldiz, talentua erakartzeari bagagozkio, egia da beste sektore batzuek lan hitzarmen hobeak dituztela: baldintza ezberdinak, soldata hobeagoak... Leku batzuetan ez da erraza langile berriak aurkitzea.
Prekaritatearekin lotu izan den sektore bat da.
Ez nago ados; ostalaritzan egon daiteke beste ikuspuntu bat, baina esango nuke elikadura industrian ez dagoela prekaritaterik.
Inbertsio funts asko sartzen ari da sektorean. Stellum Capital funtsak, esaterako, alor propioa du elikadurarako. Zergatik?
Sektore egonkorra delako, ziurra. Gauzak ondo doazenean, ez da izugarri puzten, eta gaizki doanean, ez da amiltzen. Jan ohiturak aldatu daitezke, baina beti jaten dugu. Balio segurua garelako sartu dira funtsak. Stellumen kasuan, bertako enpresak bertan finkatzeko asmoa dago, enpresek izan dezatela aukera dirua hemen egiteko.
«Elikadura sektore egonkorra da, ziurra; horregatik ari dira sartzen inbertsio funtsak. Jan ohiturak aldatu daitezke, baina beti jaten dugu»
Hamabost urte bete ditu klusterrak; sektorea asko aldatu al da?
Bai, asko. Esaterako, duela hamabost urte, ez zegoen sektore ikuspegirik. Erregulazioa asko zorroztu da, arau pila bat daude: erkidegokoak, aldundietakoak, Europakoak... Horrez gain, berrikuntza bat egiten denean asko begiratzen zaio kontsumitzaileari; aztertu egiten da zer nahi duen.
Berrikuntza janari prestatuarekin lotzen da. Kozinatzeaz nazkatu al gara?
Ez, baina bizimodua aldatu egin da, eta egia da gero eta janari prestatu gehiago saltzen dela. Kontsumitzaileak beste zerbaiti eskaintzen dio garai batean kozinatzeari eskaintzen zion denbora. Lehen, ostalaritzaren eta merkataritzaren arteko aldea oso argia zen; gaur egun, berriz, gero eta lausoagoa da. Taberna eta jatetxeetatik gero eta janari gehiago bidaltzen da etxeetara; eta alderantziz, merkatu handietan gero eta janari prestatu gehiago dago. Kontsumitzailea aldatu den zantzua da hori.
Janari gehiegi ekoizten al da? Asko galtzen al da alferrik?
Neurtua dugu: 111 kilo janari botatzen da pertsonako urtean. Batez ere etxeetan galtzen da alferrik: guztiaren %57. Enpresetan, berriz, gutxi, etekinak hor egiten dielako ihes. %26 ostalaritzan eta jantokietan botatzen da, %12 dendetan, %3 eraldaketan eta %2 lehen sektorean. Horientzat guztientzat, elikagaiak botatzea dirua galtzea da. Merkatuetan erabaki asko hartzen ari dira ahalik eta gutxien botatzeko.
Ostalaritzak zer dio?
Goraka doa, baina kontsumo joerak aldatu egin dira. Haiekin hitz egiten baduzu, esaten dizute tiketaren balioa jaitsi egin dela; jendea atera ateratzen dela, baina ez duela lehen bezala gastatzen.