Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek atzo hasi zuten antxoaren kanpaina, baina aldaketak izango dira hemendik aurrera, kuotaren banaketa eredua aldatzea adostu baitute kofradiak ordezkatzen dituzten patronalek eta Espainiako Gobernuak. Aurrerantzean, Espainiako banderarekin Kantauriko eremuan arrantzatzen duten itsasontzi guztiek kuota bakarra izan ordez, barku bakoitzak berea izango du, eta nahierara kudeatzeko aukera izango du.
Modu horretan, oraingo arrantza eredu neurrigabea aldatu nahi da. Izan ere, ontziek arrantza olinpikoa deiturikoa egiten dute gaur egun; hau da, ahalik eta denborarik laburrenean harrapaketa bolumenik handiena lortzeko aukera dute, itsasontzi bakoitzak eguneko muga bat duela. Horrek ondorio nabarmenak ditu, batez ere ingurumenean, baina baita ekonomian ere, merkatua saturatzen delako eta prezioek behera egiten dutelako.
Hori bera gertatu da hasi berria den aurtengo kanpainan, hain zuzen ere. Kosteraren bigarren egunean antxoa erruz sartu da Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan. Ondarroan 100 tona antxoa porturatu dira gaur goizean, eta beste hainbeste izan dira Getarian. Horrek prezioak amildu ditu, 0,70 euroan saldu baita kiloa.
Arrantzaleen haserrea eragin du horrek, merkeegi saldu dela uste baitute: «Arraina oparitzen ari gara». Arrandegietan, berriz, batez beste zortzi euroan dago antxoa kiloa. Kanpainaren lehen egunean, ordea, ia zazpi kiloan saldu zuten antxoa kiloa. Aurten 28.615 tona arrantzatu ahal izango dute Kantauri itsasoan, iaz baino %10 gutxiago, hori baita eremu horretarako Bruselak ezarritako antxoa kuota.
Esperotako akordioa
Kantauri itsasoan arrantzatzen duten arrantzaleen patronal batzuek —eta bereziki Bizkaikoek eta Gipuzkoakoek— urteak daramatzate antxoaren arrantza arautzen duen eredua aldatzeko eskatzen. Berdelarekin eta txitxarroarekin egiten duten kudeaketa bera eskatzen zuten. Hori gauzatzeko negoziazioak abian zituzten Madrilen. Gaur bildu dira kofradietako ordezkariak Espainiako Gobernuaren Arrantza Idazkaritza Nagusiarekin, eta akordioa ixtea lortu dute.
Opescantabrico elkarteak egindako proposamena onartu dute bileran. Hor daude Opegui eta Opescaya, Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradiak ordezkatzen dituzten patronalak, hain justu ere. Harrapaketa kuotaren %90 elkarteen esku geratuko da, eta gero erakunde bakoitzak bere kideen artean banatuko ditu kupo propio horiek, «eskubide historikoen» arabera; hau da, itsasontzi bakoitzaren harrapaketa kopuruen historia kontuan hartuta.
Gainerako %10eko kuota elkarteei atxikita ez dauden ontzien esku geratuko da. Kontserba industriari lotutakoak dira ontzi horietako asko, Galiziakoak eta Asturiaskoak batez ere. Azken urteetan asko ugaritu dira ontzi horiek, Bruselak beste espezie batzuk harrapatzeko kuotak asko murriztu dizkielako.
Eusko Jaurlaritza pozik azaldu da akordioarekin. Leandro Azkue Arrantza sailburuordeak akordioaren berri jakitean egindako lehen balorazioan esan du erabakia «esperotakoa» zela, eta kudeaketa ereduaren aldaketa «balekoa» dela Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleentzako.
Espainiako Gobernuak ministro agindu batean kaleratuko du aldaketa, baina aintzat hartuko du orain arte —eta kudeaketa berria martxan jarri arte— ontziek arrantzatutakoa. Bien bitartean, betiko moduan jarraituko du kanpainak.