Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek betiko ziurgabetasunarekin hasiko dute antxoaren kanpaina datorren astean. Baina egoera hori aldatzeko aukera bat zabaldu zaie. «Urteak joan, urteak etorri, gero eta merkeago saltzen ari gara enkanteetan. Kudeaketa aldatzeko garaia da». Hala mintzatu ziren kofradietako ordezkariak asteartean, Espainiako Gobernuaren Arrantza Idazkaritza Nagusiarekin bildu aurretik.
Ez ziren erabat konbentzituta atera bileratik, baina ministerioa prest agertu da haien eskaera nagusia onartzeko, neurri batean behintzat, eta horrek itxaropenerako tartea eman die. Kofradiak ordezkatzen dituzten patronalek bi hilabete dituzte kudeaketa eredu berri baten inguruan ados jartzeko. Hala egingo balute, gobernuak ministro agindu batean kaleratuko luke aldaketa; funtsean, maiatzetik aurrera barku bakoitzak bere kuota izango luke, horrekin nahi duena egiteko.
Dena den, kanpaina betiko moduan hasiko dute, astelehenean: kuota bakarra izango dute Espainiako banderarekin Kantauriko eremuan arrantzatzen duten itsasontzi guztiek. Ohiko muga izango dute: bakoitzak 10.000 kilo antxoa arrantzatu ahal izango ditu eguneko. Aurten Bruselak eremu horretarako esleitu duen kuota denera 28.615 tonakoa izango da, iazkoa baino %10 txikiagoa.
Gero eta itsasontzi gehiago daude antxoaren kanpainan, Bruselak beste espezie batzuen kuotak asko murriztu dituelako. Batzuk enpresa handietako barkuak izaten dira
Kantauri itsasoan arrantzatzen duten arrantzaleen patronal batzuek —eta bereziki Bizkaikoek eta Gipuzkoakoek— urteak daramatzate antxoaren arrantza arautzen duen eredua aldatzeko eskatzen. Gaur egun, ontziek arrantza olinpikoa deiturikoa egiten dute; hau da, ahalik eta denbora laburrenean harrapaketa bolumen handiena lortzeko aukera dute, itsasontzi bakoitzak eguneko muga bat duela.
Horrek ondorio batzuk ditu, hala nola ingurumenean, baina baita ekonomian ere. Iaz, 33.000 tonako kuota zuten esleitua urte amaierara arte arrantzatzeko, baina abuztuaren 10erako den-dena agortu zuten. Enkanteetan batez besteko prezioa kiloa 1,50 euro izan zen, aurreko urtean baino %6,9 merkeago. «Egun batean edo bitan milaka kilo modu masiboan deskargatzeak ez digu batere mesederik egiten, merkatua saturatzen delako eta prezioek behera egiten dutelako», azaldu dute Opescantabricon bildutako erakundeek.
Hor daude Opegui eta Opescaya, Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradiak ordezkatzen dituzten patronalak, hurrenez hurren. Horiekin batera, Opacan (Kantabria, Espainia) eta Galiziako beste hiru daude: Acerga, Opromar eta Ribeirako kooperatiba. Haien arabera, Espainiako lizentziarekin Kantauriko eremuan antxoatan aritzen diren baxurako itsasontzien %70-80 dira, baina arrantzatutakoa kontuan hartuz gero, txikiagoa da portzentaje hori.
Eskubide historikoak
Haiek zera eskatzen dute, elkarte bakoitzak bere kupoa kudeatu ahal izatea. Hori gertatzen da berdelarekin eta txitxarroarekin —hegaluzearekin, berriz, antxoarekin duten arazo bera dute—. Gero erakunde bakoitzak bere kideen artean banatzen ditu kupo propio horiek, «eskubide historikoen» arabera; hau da, itsasontzi bakoitzaren harrapaketa kopuruen historia kontuan hartuta. Gero, bakoitzak nahi duena egin dezake horrekin: arrantzatzera nahi dutenean atera, edo, nahi izanez gero, ez arrantzatu eta kuota hori saldu.
Errezeloak Galiziako eta Asturiaseko sektorearen zati batetik etorri dira. Azken urteotan, hango itsasontzi asko antxoatara pasatu dira, Bruselak beste espezie batzuk harrapatzeko kuotak —txitxarroa, adibidez— asko murriztu dizkielako. Horren ondorioz, gero eta itsasontzi gehiago daude antxoaren kanpainan. Batzuk barku handiak dira, enpresa handietakoak. Eta horietako askori Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteek proposatzen duten kudeaketa eredu berria zuzen-zuzenean eragingo lieke, ez bailukete antxoa arrantzatzeko eskubide historikorik izango.
Gainera, badago pisuzko beste faktore bat: kontserben industria batez ere Galizian eta Asturiasen dago. Ontzi horietako asko haienak dira eta hura da egungo sistemaren onuradunik handiena, enkanteetako prezioak baxuagoak direlako.
Horiek hala, Espainiako Arrantza Idazkaritza Nagusiak uste du ontzi horientzat edo antxoaren arrantzan sartu nahi duten beste batzuentzat harrapaketa kopuru jakin bat gorde beharko litzatekeela sistema berrian. Astearteko bileran, guztien artean adostutako proposamen bat lortzeko deia egin die elkarteei. Bi hilabeteko epea dute horretarako.