Hogei urte inguru egin ditu Arazurin (Nafarroa), baina datorren urtetik aurrera ateak itxiko ditu Antolin taldearen lantokiak. Volkswagen taldearentzat estalkiak eta leiho jasogailuak egiten ditu, eta Alemaniako taldeak jakinarazi dio ez duela kontraturik berrituko.
Hala, Burgosen (Espainia) egoitza duen enpresak erabaki du Nafarroako jarduera etetea eta gaur egun bertan lan egiten duten 108 langileak kaleratzea. UGT eta USO sindikatuekin hitzartu ditu enpresa uzteko baldintzak: lan egindako urteko 45 laneguneko kalte ordaina jasoko dute langileek. Hamar langiletik sei emakumeak dira.
Nafarroako lantokiak batik bat VWenentzat egiten du lan. Ate barruko panelak, leiho jasogailuak eta sabai barruko oihalak ekoizten ditu.
Landabengo enpresaren elektrifikazioranzko prozesuak bete-betean eragin dio, nahiz eta bere jarduerak ustez ez dion eragiten produkzio elektrikoaren berezko prozedurari eta elementuei. Enpresak argudiatu du kontratu hori galdu izanaren ondorioz lan gutxi dutela eta horrek bideraezin bihurtu duela negozioa.
Batzorde barruan, ELAk du ordezkari gehien (lau); UGTk hiru ditu, eta USOk bi. Beste bi sindikatu horiek hitzartu dituzte enpresarekin kaleratzeko baldintzak. ELAk ez du bat egin.
Antolin taldeak beste fabrika bat du Euskal Herrian, Gasteizko Jundiz industrialdean. Mercedesen hornitzailea da.