Donostiako izarren ligako estadio distiratsua lan arloko gertakari ilunen iturburu da, ELA sindikatuak egindako salaketei jarraikiz. Anoeta moldatzeko lanak susmopean zeuden aspaldian sindikatuek salaketa larri ugari egin ondoren, eta, orain, berretsi egin da eraikuntzako langileen aurkako «gehiegikeriak eta iruzurrak» zantzuak baino gehiago direla; Eusko Jaurlaritzak berak fiskaltzara jo baitu lan arloko salaketa zehatzak azter ditzan. «Hain dira larriak» urraketak, esan zuen ELAk atzo.
Salaketa zehatzak zerrendatu zituen sindikatuak, Anoeta moldatzeko lanetan jazoak betiere. «Soldatetan, lanaldietan, langileen legez kontrako lagapenetan... Hori guztia xehe-xehe zehazturik egiaztatu du agintaritzak, ELAren salaketak oinarri hartuta».
Anoeta moldatzeko lanak orain bi urte hasi ziren, eta urte honen amaierarako bukatzea aurreikusi dute. Iazko abenduan, erakundeetako agintariek bisita egin zuten futbol zelaira, lanen emaitzak bertatik bertara ikusteko; Realeko presidente Jokin Aperribairen azalpenak entzun zituzten Eneko Goia Donostiako Alkateak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak.
Ordurako, langileen aurkako «gehiegikeria ugari» baziren Lan Agintaritzaren esku. «ELAk hemezortzi enpresa salatu ditu», azaldu zuen Igor San Jose sindikatuko Eraikuntzako arduradunak; «Berrehundik gora langileren agiriak faltsutu dira; 250.000 euro baino gehiagoren isunak jarri dira, eta 350.000 irits daitezke; eta 4,5 milioi eurotik gorako zorra dago soldatetan eta kotizazioetan».
Berriro gerta daiteke
Anoetako obrak ez dira bukatu oraindik. Azken fasearen atarian dira estadioa erabat berritzeko lanak, eta egoera horren aurrean ELAk «bermeak» nahi ditu, aurtengo udan ere «iruzurra» gerta daitekeelakoan. «Orain artekoa ikusita, lasai aski esan dezakegu aurtengo udan iruzurra errepika daitekeela, neurri zuzentzaileak hartu ezean. Batez ere obraren tamaina kontuan hartzen badugu eta horretarako beharko den pertsonalaren hazkunde nabarmena».
Orain arteko jarduera irregularrari etena jarri nahian, San Josek kontatu zuen Realeko zuzendaritzarekin eta Donostiako Udalarekin bilerak egin zituela ELAk aurtengo urtarrilean, «zapalkuntzak elkarrizketen bidez konpondu nahian». Anoeta Kiroldegiarekin egindako batzarraren ondoren, ABEE aldi baterako enpresa elkarte bati 15.000 euroko isuna ezarri, eta soldatak gaurkotzeko hilabeteko epea eman zioten; baina ELAk dio inork ez diela egiaztatu soldatak gaurkotu diren ala ez. «Alderantziz, Lan Ikuskaritzaren ebazpen gehiago jasotzen ari gara, eta haiek aditzera ematen digute iruzurra ez dela eten. Gaurkotu diren urratze bakarrak dira ELAk epaitegira eramandakoak».
Lan arloko «iruzurra» eteteko gaitasuna dutenei begira hasita, Donostiako Udalari eta Realari ohar argi bat eman zien sindikatuak: «Ez dezatela beste alde batera begiratu errudunak kanpoan bilatzeko». Areago, ELAk uste du Anoetan gertaturikoaren «benetako erantzuleak» erakunde horiek biak direla; «ez alferrik, haiek hasi zuten obraren lizitazioa argi eta garbi iruzurrezko diru baldintzapean, miseriazko prezioetan oinarriturik».
ELAko kideak esplikatu zuen arazo nagusia lizitazioaren prezioa dela. Anoetako Kiroldegiak 50 milioi euroko aurrekontua egin zuen estadioa moldatzeko, baina Gipuzkoako lan ituna errespetatuz gero kostua 70 milioi eurotik gorakoa izango litzatekeela uste du ELAk. «Ez da txiripaz botatako kopurua, Donostian mota horretako obretan erabiltzen diren prezioekin egindako kalkulu zorrotza baizik», erantsi zuen San Josek. Halaber, ohartarazi zuen moldaketaren bigarren zatiari «zuzenean» erreparatuko diotela, urratzeak zuzentzen diren jakiteko.
Anoetako lanetan egindako «lan iruzurra» fiskaltzara iritsi da
Jaurlaritzako Lan Sailak fiskaltzara eraman ditu Anoetako lanen «gehiegikeriak», ELAk jakinarazi duenez. Sindikatuak bermeak nahi ditu «iruzurra» berriz gerta ez dadin hasi berri den bigarren fasean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu