Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Anguleroen Elkarteak akordio bat lortu dute sektorea profesionalizatzeko. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak eman du akordioaren berri Euskadi Irratian, eta adierazi sektorea «profesionalizatu» beharra dagoela angulak harrapatzen jarraitu ahal izateko.
Angula harrapatzeko 150 lizentzia profesional sortuko dituzte. Orain arte, aisialdiko lizentziak baino ez ziren ematen, baina, joan den abenduan, Europako Batasunak debekatu egin zuen angularen kirol arrantza, eta jarduera profesionalera mugatu zuen legezko harrapaketa. Joan den garaian, aisialdiko 700 lizentzia eman zituen Eusko Jaurlaritzak.
Hala, datorren sasoian, azarotik urtarrilerakoan, profesionalki harrapatu ahal izango da Bizkaiko eta Gipuzkoako ibai eta erreketan.
Orozek adierazi du bi gauza lortu dituztela akordioaren bidez: bata, «euskal jarduera tradizional» bat mantentzea; bestea, espeziearen kudeaketa jasangarria areagotzea.
Azti teknologia elkartea arduratuko da urtero gehienezko harrapaketa mugatzeaz, baita betetzen dela ikuskatzeaz ere. Bestalde, Arrantza Zuzendaritzak, Aztik, angularien elkarteak eta ekologista elkarteek osatutako batzorde bat sortuko dute, kanpainari jarraipena egiteko.