Angolak LPEE utzi du, ekoizpena mugatzen diolako

Angolak asmoa du bizkarra emateko Saudi Arabia buru duen taldeak egindako murrizketei. Brent petrolio upelak 80 dolarretik behera balio du.

AUSTRIA OPEC MEETING
Diamantino Pedro Azevedo Angolako Baliabide Mineralen eta Petrolioaren ministroa LPEEren Austriako bilkurara iristen, ekainean. MAX BRUCKER / EFE
inaut matauko rada
2023ko abenduaren 21a
16:15
Entzun

LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea uztea erabaki du Angolak; hala iragarri du Diamantino Azevedo Angolako Baliabide Mineralen ministroak. Erakundeak inposatu dizkion murrizketak ez zaizkio gustatu Angolako Gobernuari, eta taldetik bereiztea erabaki du.

Izan ere, petrolio ekoizpena milioi bat upel gehiago murriztea erabaki zuen erakundeak azaro amaieran, eta Angolari egunean 1,1 milioi upeleko produkzio muga ezarri. Angolaren ekoizpena %40 apaldu da azken zortzi urteetan, egunean 1,14 milioi upelera, eta LPEEk muga hortik behera ezarri izanak sutu egin du Luanda.

Baina, zer dela eta ari da LPEE petrolio ekoizpena mugatzen? Petrolio upelaren prezioa oso aldakor dabil, eta, hasieran, ehun dolarrera gerturatzeko asmoa zuen taldeak; hala ere, helburu horiek apaldu zituen azaroan, eta Brent upelaren prezioa 70 dolarrera ez jaistea da orain xedea. Saudi Arabia da taldearen buru, gehien ekoizten duen herrialdea baita, alde handiz, baina kideek askotariko interesak dituzte, eta azken erabakiek herrialde batzuk haserrearazi dituzte.

datuak

1,14

Angolak zenbat petrolio ekoizten duen egunean, milioi upeletan. Munduko petrolio ekoizlerik handienetan hamaseigarrena da Angola. Azken zortzi urteetan %40 murriztu da herrialdearen ekoizpen ahalmena, azpiegiturak zaharkituta daudelako eta inbertsioa falta delako gehienbat, Bloomberg-en arabera.

1,1

LPEEk azaroan zenbateko ekoizpen ezarri zion Angolari, eguneko milioi upeletan. Azaroaren 30eko LPEEren bileran, eguneko ekoizpena bost milioi upel murriztea adostu zuten, eta Angolari 1,1 milioi upeleko muga ezarri, ekoizpen ahalmenaren azpitik. Horrek haserrearazi du Angolako Gobernua, eta LPEE uztea erabaki dute.

78

Brent upelak zenbat balio duen abenduaren 21ean, dolarretan. Irailaren 27an jo zuen goia Brent upelaren prezioak: 96,55 dolar. Ordutik, gora eta behera ibili da, eta, gaur arratsaldean, 78,7 dolarrean salerosi da. LPEE erakundeko herrialdeen helburua da upelaren prezioa 70 dolarrera ez jaistea.

Hala, Angolak alde eginda, hamabi herrialde geratuko dira LPEEn: Saudi Arabia, Irak, Arabiar Emirerri Batuak, Kuwait, Iran, Nigeria, Libia, Aljeria, Venezuela, Kongoko Errepublika, Gabon eta Ekuatore Ginea, ekoizpenaren araberako hurrenkeran.

Askotariko interesak

Azevedo ministroak adierazi du LPEEn «laguntzeko» parte hartzen zuela Angolak, herrialdeen interesekin lerrokatuta dauden erabakiak hartzeko: «Hori gertatzen ez denean, ez-funtsezko bihurtzen gara, eta zentzua galtzen du erakundearen parte izateak».

Saudi Arabiak eta Angolak ez dituzte interes berak, garapen fase oso ezberdinean daude eta. Petrolioa ekoizten duten herrialdeek badakite noizbait amaitu egingo zaiela urre beltza, baina batzuek besteek baino behar handiagoa dute baliabide horiek ahalik eta gehien ustiatzeko, likidezia lortzen baitute horrekin. Saudi Arabiaren barne produktu gordina nabarmen handitu da azken urteetan, eta jada ez du beharrik ahal bezainbat petrolio saltzeko, urteetan lortu duen likidezia hori egoki baliatu baitute, eta ekonomia dibertsifikatu.

Arabiar penintsulako herrialdeak ez du presarik petrolio asko saltzeko, eta nahiago du saltzen duen hori ahalik eta garestien saldu. Angolaren egoera, baina, bestelakoa da. Atzean uzten ari da BPGaren 2014tik 2016ra bitarteko beherakada, eta pixkanaka gora egiten ari da berriro. Afrikako potentziarik handienetako bat da Angola, eta erregaien esportazioagatik hazten ari da haren ekonomia gehienbat. Beraz, ahalik eta petrolio gehien saltzea komeni zaio Luandari, hazkundeari eusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.