Trujal Mendia kooperatibak milioi bat litro oliba olio ekoizten du urtean, Nafarroan ekoizten denaren erdia. 1995. urtean jarri zuten martxan kooperatiba, eta 5.000 bazkide ditu egun. Pedro Luis Gonzalez (Arellano, Nafarroa, 1969) kooperatibako presidentearen arabera, Andaluziaren menpe dago sektorea: «Hango uztak huts egiten duenean, saihetsezina da guk ere prezioak igotzea».
Oliba olioaren prezioak nabarmen igo dira azken hilabeteetan. Mundu osoko ekoizpena jaitsi izana da olioa garestitzeko arrazoi bakarra?
Bai, bai. Ia beste sektore guztietan bezala, gure sektorean ere eskaintza eta eskaerari lotuta daude prezioak. Eskaintza txikia denean eta eskaera handia, prezioak igo egiten dira; eta, alderantziz: eskaintza txikia denean eta eskaria handia, prezioak jaitsi egiten dira. Ez dago bestelako azalpenik.
Datuek erakusten dute iazko oliba uzta kaskarra izan zela orokorrean. Nafarroan ere oliba gutxiago bildu zenuten?
Nafarroan ez zen uzta txarra izan. Gure kasuan, adibidez, 8 milioi kilo olibatik gora bildu genituen bigarren urtez jarraian. Aurreko sasoian soilik bildu genituen oliba gehiago. Nafarroako uztak, ordea, oso pisu txikia du Espainiako merkatuan. Andaluziak agintzen du oliba olioaren merkatuan, eta hango uzta oso txarra izan zen. Horrek eragin ditu azken hilabeteetako prezio igoerak.
Trujal Mendia markako produktuak ere garestitu dira?
Bai, bai. Besteak bezalaxe. Bost euro ingurutan daukagu olio litroa orain. Inoiz ez da hain garesti egon gure produktu bat.
Esan duzu zuek uzta ona izan zenutela. Prezioen igoera saihetsezina da Andaluzian bilketaren emaitzak txarrak direnean?
Bai, saihetsezina da. Pentsa, Espainian ekoizten den oliba olioaren %80 Andaluzian ekoizten da. Nahi edo nahi ez, hango uztak huts egiten duenean merkatu osoari eragiten dio. Besteak beste, guri ere bai.
Aurtengo uzta bilketarako zer aurreikuspen dituzue?
Ez ditugu aurreikuspen txarrak. Badirudi iaz baino oliba gutxiago egongo dela aurten, baina azken emaitzak iazkoetatik hurbil geldituko direla uste dugu. Kilo gutxiago bildu arren, espero dugu antzeko litro kopuru ekoiztea. Izan ere, aurtengo oliba emankorragoa izango dela dirudi, urtsuagoa. Bilketa hasi arte aurreikuspenak egitea arriskutsua da, hala ere. Gu azaroaren erdialdean hasiko gara olibak biltzen, eta ordura artean egoera alda daiteke. Zentzuz hitz egin behar da, beraz.
Beldur zarete azkenaldiko prezio igoerek kontsumitzaileak uxatuko ote dituen?
Kontsumitzaileentzat beti da kezkagarria prezioak igotzea, baina unean uneko kontua izango dela dirudi. Ziurrenik, pixkanaka prezioak jaisten hasiko dira datorren urte hasieran. Hala ere, zehaztu dezagun zer den olio garestia. Kalkulatzen da pertsona bakoitzak batez beste hamar litro kontsumitzen dituela urtean. Goitik jo, eta demagun hogei litro kontsumitzen dituela. Bost euro balio baditu, ehun euro dira urtean.
Prezioek laster behera egingo dute orduan?
Hala dirudi. Pare bat hilabete itxaron behar da oraindik, baina Andaluzian iaz baino uzta dezente hobea espero dute. Ez naiz ausartzen zifra bat esatera, baina ia ziur jaitsiko dira prezioak. Hori bai, ez espero kolpean asko jaisterik, iazko uzta txarraren ondoren ia hutsik baitago stocka.
Pedro Luis Gonzalez. Trujal Mendia
«Andaluziako uztaren emaitzek sektore osoari eragiten diote»
Nafarroako kooperatibarentzat iazko oliba bilketaren emaitzak onak izan ziren. Hala ere, haren produktuak ere inoiz baino garestiago daude, ekoizpen orokorraren jaitsierarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu