Azken asteetan gasolindegira joan direnek poz txiki bat izan dute. Garestitu beharrean, behera doa gasolinaren eta gasolioaren prezioa, eta, horrenbestez, euro batzuk aurreztu dituzte auto eta kamioi gidariek. Norbaiti eskerrak emateko gogo handia izatekotan, ez diezazkietela Repsoli, Totali edo Eroskiri eman, haiek petrolio merkatuaren gorabeherak besterik ez dituztelako islatzen, bihar eta berandu gainera. Erregairen merkatzeak protagonista nagusi bat du: Ameriketako Estatu Batuak.
Etxe Zuriko giltzak berreskuratzeko ahaleginean Donald Trumpek baliatzen dituen argudioetako bat da berarekin alfonbra gorria izango dutela petrolio konpainiek. «Drill, baby, drill» oihua darabil bere mitinetan («zulatu, maitea, zulatu»), erakutsi nahian oraingo administrazioa traba baizik ez dela izan erregai fosilen industriarentzat.
Eta egia da energia berriztagarriak sustatzeko ahaleginetan, Joe Bidenek izan dituela tirabira batzuk petrolio konpainiekin, baina are egia handiagoa da tirabira horiek ez dietela oztopo handirik eragin: AEBetako hidrokarburoen industriak inoiz baino gehiago ekoizten du.
Petrolioaz pentsatzean, ohikoa izaten da Arabiako xeke baten tunika eta zapi zuria burura etortzea, baina JR Ewing modernoen antzera, cowboy txapela dute petrolioaren gaur egungo nagusiek. AEBak izan dira azken urteetan petrolio gehien ekoitzi duen herrialdea, alde handiz gainera: iaz, batez beste, 19,3 milioi upel atera ziren egunero herrialde hartatik, munduko ekoizpenaren %20,1. Oso atzean ditu Saudi Arabia (%11,8) eta Errusia (%11,5). Are gehiago: 2013tik 2023ra izan den ekoizpen gehigarri guztia, hamar milioi upel, AEBei esker gertatu da.
Petrolio horren zati handi bat Permian izeneko eskualdetik dator, Texastik Mexiko Berrira zabaltzen den basamortu itxurako lautada batetik. Frackingaren teknikaren bitartez ustiatzen dute hango lurzoruan harrapatuta dagoen gasa eta petrolioa, eta horrek badu ezaugarri bat: behin zulatzen hasita, agortu arte zulatu behar dela. Hau da, ezin dela ekoizpena geratu prezioa asko apaltzen bada.
Hori ari da gertatzen gaur egun —azken asteetan %25 merkatzera iritsi da, baina ostegunean eta ostiralean berriro egin du gora—, eta asko estutu ditu konpainien irabaziak, baina drill, drill, drill jarraitzen dute. Are gehiago, hurrengo hilabeteetan ekoizpena gehiago handituko dela espero dute, azken hilabeteetan erdizka ustiatutako putzu batzuk ekoizpen betean hasiko direlako. Kontua da petrolioa ez ezik, gasa ere ateratzen dela Permiango putzuetatik, baina, 2018az geroztik ekoizpena hirukoiztu denez, merkatua eta azpiegiturak ez dira gai izan dena xurgatzeko. Ondorioz, prezioak amildu dira, eta udan negatiboak ere izan dira —ekoizleek ordaindu dute gas hori gainetik kentzeko—.
Baina egoera aldatzera doa orain, gasbide berri bat irekitzera baitoaz gasa Mexikoko golkora bideratu eta handik esportatzeko. Behin martxan dagoenean, hilabete batzuetan gehiago handituko da Permiango ekoizpena, eta horrek gehiegizko produkzioa eragingo du munduan. Noiz arte? Prezioak gehiegi jaitsi eta putzu berriak zulatzea errentagarria ez den arte.
Kartelaren ezina
AEBetako ekoizpena handitzeak agerian utzi du beste ekoizleak ez direla gai merkatua kontrolatzeko. Garai ez oso urrun batean, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen doinura egiten zuen dantza sektoreak. Baina, orain, Errusiaren eta beste batzuen laguntza izan arren, LPEE + talde berria huts egiten ari da prezioa finkatzeko ahaleginetan.
Iazko udaberrian, ekoizpena gutxitzeari ekin zioten kartelak eta haren aliatuek, Brent upela ehun dolarrean salerosten zela ziurtatu nahian. Helburu horretan huts egin eta 90 dolarrean jarri zuten muga, baina horretan ere huts egiten ari dira. Azken asteetan 70 dolarren bueltan aritu da.
Horiek horrela, merkatu kuota berreskuratzeko ekoizpena pixka bat handitzeko asmoa zuten orain. Prezioen jaitsierak, ordea, iturria erdi itxita uztera behartu ditu. Eta haiei sartzen ez zaien dirua AEBetako ekoizleen patriketara sartzen ari da.