Iker Aranburu.

Zozoak beleari, ni berde eta zu zuri

2024ko martxoaren 24a
05:00
Entzun

Akabo itxurakeria eta mahai azpian ostikotxoak jotzea: orain erabat irekia da Iberdrolaren eta Repsolen arteko borroka. Iberdrolak egin du haien arteko harreman txarra jendaurrean erakusteko urratsa, Repsolen aurkako salaketa jarri baitu Santanderreko epaitegi batean. Salaketa berritzailea dela ere esan daiteke, zuriketa berdea egitea baita leporatzen diona. Hau da, Repsolek berdez eta jasangarriz margotu nahi izatea berez zikina den jarduera bat.

Otsailaren 21ean jarri zuen salaketa Iberdrolak, baina aste honetan zabaldu da haren berri. Leia desleiala egitea egotzi dio, eta, hori argudiatzeko, Repsolen webgunean agertzen diren hamabost mezu eta hiru kanpaina jarri ditu zuriketa berdearen adibide gisa. Iberdrolak uste duenez, kanpaina eta mezu horiek ulertarazten dute Repsol aitzindaria dela energia trantsizioan, baina argindar konpainiak gogorarazi du Repsolen negozio nagusia erregai fosilen ingurukoa dela; hau da, petrolioa eta gasa ustiatzea, hura fintzea (Muskizko Petronorren, esaterako), eta bere gasolindegien eta gas sarearen bitartez saltzea.

«Zozoak beleari, ipurbeltz», esan dezakete askok, eta ez lukete arrazoirik faltako. Iberdrola izan zen lehenetako bat bere burua berdez tindatzen —2001ean jarri zuen bere logoan— , baina egia da azken hamarkadetan inbertsio handiak egin dituela bere argindar ekoizpena garbitzeko. Iazko txostenean agertzen direnez, bere ekoizpen gaitasunaren bi heren da berriztagarria, eta iazko argindar ekoizpenaren %47 ekarri zuten haize errotek, eguzki plakek eta turbina hidroelektrikoek. Baina oraindik baditu atmosferara gas kutsakorrak isurtzen dituen ziklo konbinatuko zentral franko —iazko ekoizpenaren %35 lortu zuen horrela—. Zentral horietako bi Euskal Herrian daude: Santurtzin (Bizkaia) eta Castejonen (Nafarroa). Zentral nuklearrak ere baditu —ekoizpenaren %14—, baina jada itxi ditu ikatza erretzen duten zentralak.

Danimarkak adina

Bere datu ofizialen arabera, Iberdrolak 26,7 milioi tona CO2 isuri zituen iaz atmosferara. Herrialde bat balitz, 77.ena izango litzateke igorle handienen zerrendan, Danimarkaren eta Libanoren aurretik. Zerrenda horretan aurrerago egongo litzateke Repsol, 45.ean alegia, Txileren eta Turkmenistanen artean. Repsolen 2023ko txostenean 75,6 milioi tonako CO2 isuriak aitortu ditu konpainiak. Hori bai, 2005etik 2023ra 6,6 milioi tona txikitu ditu CO2 emisioak, eta 2023an 1.088 MWeko potentzia duten parke eolikoak eta fotovoltaikoak instalatu ditu.

Bere salaketan, Iberdrolak argudiatu du Repsol irudi berde «faltsuaz» baliatzen ari dela bezeroak erakartzeko, «nahiz eta Espainiako CO2 igorlerik handiena den». Kexu zehatzetako bat da bezeroak erakartzeko bideetako bat dela harekin gasa eta argindarra kontratatzen dituztenei erregaia deskontuarekin saltzea (Waylet aplikazioaren bitartez).

Iberdrola herrialde bat balitz, 77.ena izango litzateke igorle handienen zerrendan, Danimarkaren eta Libanoren aurretik.  Zerrenda horretan aurrerago egongo litzateke Repsol, 45.ean alegia.

Arrazoi horrengatik den, prezioengatik, ala beste batengatik izanda ere, egia da Josu Jon Imazen konpainiak Hego Euskal Herriko eta Espainiako argindar merkatuaren tartaren gero eta zati handiagoa daukala. Eta, noski, tarta horren zati bat orain arteko konpainia nagusiei kendu die; haien artean, Iberdrolari. CNMCren arabera, iaz 246.000 bezero irabazi zituen Repsolek, eta dagoeneko 1,5 milioi ditu; Iberdrolak 188.000 bezero galdu ditu, baina 10,2 milioi geratzen zaizkio.

Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak eskularruak kenduta erantzun dio Iberdrolaren salaketari. Ziurtatu du Iberdrola «urduri» dagoela, hainbat urtez araututako merkatu batean aritu denez ez dagoelako «lehiatzera ohituta».

Xextra Riberarekin

Iberdrolaren eta Repsolen arteko lehiak kutsu politiko bat ere badu. Teresa Ribera Espainiako Energia Trantsiziorako ministroak nekez ezkuta dezake erosoago dabilela Iberdrolaren estrategiarekin Repsolenarekin baino. Horregatik, Iberdrolaren salaketaren berri izan zuenean txio bat idatzi zuen X sare sozialean: «Greenwashing gogaikarria auzitegietara iritsi da».

Ez da ohikoa ministro batek halako komentario bat egitea, baina testuinguru batean ulertu behar da: Ribera eta Imaz mokoka aritu dira hainbat aldiz, batez ere Repsoleko buruak ozen kritikatu duelako energia konpainien gaineko zerga berezia, eta ez duelako aukerarik galtzen energia trantsizioa bizkorregi doala salatzeko eta erregai fosilen lekua defendatzeko.

Imazek haserre erantzun zion Riberari: «Industria nahi al dugu, Ribera ministroa? Findegiak itxiko al ditugu, Repsolen Espainian dituenak 28.000 enplegu sortzen dituzten arren?». Ministroak eztabaida baretu nahi izan du, eta, aho txikiarekin bada ere, Repsolek bere negozio eredua aldatu nahi izatea txalotu du, baina bere egin du zuriketa berdearen aurkako borroka. «Gogora dezagun light produktuen kontu hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.