jokin sagarzazu
GEURE KONTU

Zerutik eroritako dirua

2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Elurra bezala, dirua ere eror daiteke zerutik. Edo hala ulertzen dute behintzat energia konpainia handiek. Hego Euskal Herrian argindarraren prezioarekin egunotan gertatzen ari dena hotz boladari egotzi diote haiek. Azaldu dutenez, horrek handitu egin du etxeetako eskaria, eta prezioak igo dira, garestiago diren energiak erabili behar izan direlako dagoen beharrari erantzuteko.

Baina merkatuaren logikak soilik ez du guztia azaltzen. Gertatzen ari dena auzi politiko bat ere bada. Horren muinean merkatu elektrikoaren joko arauak daude, eta ezin da ahaztu hori erreformatzea adostu zutela PSOEk eta Unidas Podemos-IUk beren gobernu itunean. Horren barruan ulertu behar dira bi kideen arteko oraingo eztabaidak, haien arteko kontraesanetan sakontzeko oposizioko alderdiek egiten dituzten kritikak eta proposamenak, eta energia ekoizle handien isiltasun interesatua, zeintzuek, esan beharra dago, egungo araudia baliatu baitute prezioen igoera gauzatzeko.

Hortaz, zer gertatzen ari den eta zer etor daitekeen ulertzeko, ezinbestekoa da ezagutzea Espainian energia elektrikoaren merkatua hein handi batean oligopolio batek (hiru enpresak: Endesak, Iberdrolak eta Naturgyk) kontrolatzen dutela ia osorik—berriztagarrietatik hasi eta termikoetaraino—, eta haiek dutela prezioak ezartzeko «pribilegio» ia erabatekoa. Eta nola egiten dute hori? Bada, energia iturri garestienaren arabera eta ez kostu errealaren arabera. Energia beharra handitzen denean —eta hori izan da oraingo kasua—, produkzio kostu handiagoa dutenak gehiago erabiltzen dira, eta horien prezioa erabiltzen dute besteenak ere ezartzeko. Edo, bestela esanda, energia merkeenak—eolikoa eta nuklearra, esaterako— energia termikoaren prezioan saltzen dituzte.

Haatik, esan beharra dago merkatua nolabait autorregulatu egiten dela, eta egoera batzuetan, energia garestienen beharrik ez dagoenean adibidez, eskari osoari erantzuten zaiola berriztagarriekin, eta prezioak jaitsi egiten direla, kostu errealera gehiago hurbilduz. Hala izan zen aurreko hilabeteetan.

Prezio puztuak

Baina egunotan gertatzen ari dena aurreneko egoera da, eta horri, gainera, beste bi faktore gehitu zaizkio: batetik, ziklo konbinatuen produzitze kostua asko garestitu dela, zentral horiek gasa erabiltzen dutelako, eta gasa ere inoizko preziorik altuenetan dagoelako, kontsumoa handitu delako mundu osoan eta hornidura arazoak daudelako.

Eta, horrekin lotuta, CO2 isurketen auzia dago, enpresek ordaindu beharrekoa. Kasu honetan ere horren zenbatekoa zehazteko isurketa gehien eragiten duten energia iturriak hartzen dira kontuan, eta, egunotan horien erabilera hazi egin denez, gehiago ordaindu behar izan dute konpainiek; hots, kontsumitzaileek. Gainkostu horiek, gainera, beste energien prezioetan ere gehitu dituzte, nahiz eta horiek isurketarik ez eragin eta, beraz, horregatik ordaindu behar ez izan. Hortaz, enpresentzat zigorra izan beharko lukeena, eurentzako onura bihurtu dute. Isunetan ordaindutakoa baino askoz ere gehiago jaso baitute arrazoi horregatik.

Horiek hala, egunotakoa ekaitz perfektua izan da energia konpainia handientzat, eskaria handitu delako, bai, baina, bereziki, egungo araudiak modua eman dielako euren mesederako erabiltzeko «gasaren krisia» eta CO2 isurketen araudia. Horrek guztiak eragin du, funtsean, prezioen igoera edo puztea. Gertatutakoa ez da berria, eta izen bat du ekonomian: Windfall Profits: ustekabeko etekinak.

Jose Maria Aznarren gobernuak (PP) diseinatu zuen horri bide ematen dion sistema. Oraingoak erreforma sakon bat egin nahi du, eta urrats batzuk egin ditu jada. Adibidez, lege egitasmo bat aurkeztu du energia berriztagarriak jartzeko kostuen parte bat —ekoizleentzako primak— sistema energetiko osora zabaltzeko. Horrek aurrera egingo balu, merkatu egingo luke argindarraren faktura, beste energietako kontsumitzaileekin partekatuko litzatekeelako kostu hori. Horren haritik, beraz, logikoa litzateke hurrengo urratsa gainordainsarien auziari heltzea.

Baina presioa handia izango da, asko dutelako jokoan. Agian horregatik, Pablo Iglesiasen alderdiak estatalizazioaren pankarta atera du. Sozialistak ez dira horren atzean jarriko, baina prest azaldu dira argindar merkatuko prezioen erregulazioan administrazioen esku hartzea handitzeko. Argindarraren prezioa handitu izanaren arazoa ez baitira zergak, fakturaren %40 inguru.

Luzerako doa jokoa. Baina oraingo egoerak eztabaida azkartzeko balio izan du behintzat. Gertatutakoak, koiunturala izan arren, agerian utzi baitu egungo araudiarekin energia enpresa handiek «pribilegioak» dituztela, eta horiek ez direla, haiek dioten moduan, zerutik erortzen, kontsumitzaileen patriketatik baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.