Iker Aranburu.

Zaplaztekoz zaplazteko

2024ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Donald Trumpen lehen garaipenak ustekabeko zaplazteko batekin esnatu zuen Europako Batasuna. Lehendakari errepublikanoak Europaren proiektu bateratuari erakutsitako mespretxuak argi esan zion EBri aliatu historikotzat jotzen zuena —etxeko nagusia, mihi gaiztoagoentzat— jada ez zela fidagarria, eta Washingtonek, inoiz baino gehiago, nahi zuena egingo zuela Atlantikoaren beste aldean zer eragin izango zuen axola handirik gabe.

Ugaritu egin ziren orduan EBk bere bide propioa markatu behar zuela esaten zuten mezu hanpatuak. Baina hitzetatik ekintzetara doan bidea amaigabea da Europa zaharrean, estatu kideen interes partikularren, gobernu aldaketa etengabeen eta ideiak gauzatzeko finantzaketari buruzko eztabaida neketsuen ondorioz. Tartean, gainera, Joe Bidenek tronua kendu zion Trumpi, eta AEBekiko harremanak berriro ohikora itzuli zirela zirudien. Lozorrotik, ordea, Trumpen beste zaplazteko batek esnatu du EB, eta oraingo honetan aurrez aurre eman du, eskua zabal-zabalik zuela.

AEbetako hauteskundeak
Errepublikano bat Trumpen garaipena ospatzen, Las Vegasen. CAROLINE BREHMAN / EFE

Ezin da esan, ordea, Biden Etxe Zurian izan denean harmonia osoa izan denik Atlantikoaren bi aldeen artean. Harreman adeitsuak itzuli ziren, bai, babes militarrarekin batera, baina Trumpen lehen garaipenak demokratei erakutsi zien zerbait eskaini behar ziela globalizazioaren galtzaileei —Midwesteko industriako langileei—. Inbertsio publikoarekin bultzatutako berrindustrializazio planak izan dira osagai bat —IRA eta Chips act direlakoak—, baina bestea Trumpi kopiatutakoa da: protekzionismo dosi bat.

Bidenek ez zituen bertan behera utzi EBko altzairuari jarritako muga zergak  —izoztu egin zituen 2025eko martxora arte—, eta indartu egin ditu AEBetan egindako produktuei lehentasuna emateko politikak. AEBetan fabrikak jarri dituzten Europako enpresen zerrenda luzatzen ari da hilabetez hilabete, eta han daude ehundik gora euskal konpainia ere.

Bi fronteko gerra komertziala

Baina inor gutxik jartzen du zalantzan Trump Etxe Zurian dagoela gauzak okertu egingo direla EBrentzat. Gerra komertzial baterako prestatzen ari da Europako Batzordea, esan baitu botika berarekin erantzungo diola Trumpi baldin eta hark EBren inportazio guztiei %10 eta %20 arteko muga zerga ezartzen badie. Halako neurri batek kalte handia egingo lioke EBren moduko potentzia esportatzaile bati —150.000 milioi euroko superabit komertziala du AEBekin—, esportazioak garestituko eta, ondorioz, txikituko lituzkeelako.

Baina badago beste alde bat ere, oso kaltegarria: Trumpek bere promesa betetzea eta Txinaren inportazioei %60ko muga zerga jartzea. Kasu horretan, Txinaren esportazio horiek EBn bukatu eta bertako enpresak ahultzearen beldur da Brusela, eta bigarren fronte bat ireki diezaioke gerra komertzialean.

Krisi existentziala

Krisietarako ez dago inoiz garai egokirik, baina oraingoa are okerragoa da. EBren motorra, Alemania, krisi existentzial baten erdian dago: zatiketa politiko betean eta oraintsu arte oso arrakastatsua izan den modelo ekonomiko bat agortzen ari den garai batean: Errusiako gas merkerik gabe geratu da, txinatarrei ahitzen ari zaie VWak, BMWak eta Mercedesak erosteko grina, atzeratuta doa teknologia elektrikoan, langileak falta zaizkio... 

Alemaniaren ajeak neurri batean EB osoarenak direla dio Mario Draghik, EBren lehiakortasunari buruz duela pare bat hilabete kaleratutako txostenean. Dokumentu horrek erantzuna eman nahi dio EBren geroa markatzen duen zalantza bati: zer egin behar du AEBen eta Txinaren arteko norgehiagokan galtzailea bera izan ez dadin? EBZko buru ohiak egindako diagnosia ez da oso lasaigarria, esaten baitu EB atzean geratzen ari dela, «pobretzen», eta egoera irauli ezean «agonia luze bat» jasango duela.

Draghiren txostena berriro mahai gainean izan da aste honetan EBko buruek Budapesten egin duten goi bileran. Draghi bera han izan da, eta oharra egin die: «Txostenaren gomendioak premiazkoak ziren gaur egungo egoera ekonomikoa ikusita, baina are premiazkoagoak dira AEBetako hauteskundeen ondoren».

Ikusteko dago orain txostenak tiradera batean jarraituko ote duen ala Trumpen garaipenak akuilu gisa balio duen txosten horretako neurri batzuk indarrean jartzeko. Horien artean dago energia trantsizioan, berrikuntzan eta teknologia digitaletan urtero 800.000 milioi euro inbertitzeko proposamena, Europako enpresak lehia daitezen diruz lagundutako AEBetako eta Txinako konpainiekin.

Ikusteko dago Draghiren txostenak tiradera batean bukatuko ote duen ala Trumpen garaipenak akuilu gisa balio duen haren neurri batzuk indarrean jartzeko

Budapesteko bileran argi geratu da inbertsio beharra ez duela inork zalantzan jartzen, baina besterik da hori nork ordainduko duen. Goi bileraren ondorioetako testuak zabalik utzi ditu aukera guztiak, baina ohiko zatiketa agertu da berriro ere: pandemiaren aurkako Next Generation funtsekin bezala, EBk zor komuna jaulkitzea nahi dute hegoaldekoek, baina ezezko batekin erantzuten dute iparraldekoek.

Trumpen hurrengo zaplaztekoak bizkortuko al du eztabaida?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.