1 Warren Buffett... Utzi pentsatzen... Aitona betaurrekodun bat, aberats estatubatuar horietako bat da, ezta? Hala da. 87 urteko Buffett hainbat gauzagatik da ezagun, baina, batez ere, ultra-aberats horietako bat delako. Forbes aldizkariko munduko pertsona aberatsenen zerrendan lehen postuetan egoten da beti. Aurten, 2017an, zehazki bigarren gelditu da, Bill Gatesen (Microsoft) atzetik eta Jeff Bezosen (Amazon) aurretik.
2 Bejondeiola. Seguru ez dela euskarazko egunkariak saltzen aberastu. Ez. Inbertsiogile eta enpresa erosle moduan bildu du dirutza. Baina gaztetan egunkari banatzaile gisa aritu zen, diru pixka bat biltzeko. Eta urteetan partea izan zuen Washington Post egunkariaren jabetzan.
3 Hara hor BERRIAlagun posible bat. Urrutitxo gelditzen da Omaha (AEB) Euskal Herritik... Halako zerbaitek, dena den, ez lioke asko zailduko hilaren bukaeran fakturak ordaintzea. Forbes-en arabera, Buffetten aberastasuna 87.000 milioi dolarrekoa da, 72.500 milioi euro inguru. Hortik 27.000 milioi dolar karitatezko ekintzetara bideratu ditu azken urteetan. Hiltzen denean, bere diruaren %80 inguru joango da ildo horretako fundazioetara, eta bere hiru seme-alabei 2.000 milioina dolar utziko dizkie.
4 Dirua barra-barra izanda errazagoa izan beharko litzateke eskuzabala izatea, zenbaitetan kontrakoa ematen duen arren. Filantropiari, aberastasunaren banaketari eta karitateari buruz eztabaida luzea egin daiteke, egia da. Garaileak, galtzaileak...
5 Buffettek irabazi egin duela dio ondoko tituluak. Zer irabazi du oraingoan? Utzi asmatzen. Diru gehiago? Apustu bat irabazi du, eta bai, horrekin batera milioi bat dolarretik gora. 2017a amaitzearekin, gaurko egunez itxi da ofizialki Ted Seidesekin zuen lehia.
6 Eta zein zen lehia hori?2008an gutun publiko batean bota zuen erronka: burtsako indize arrunt bat erreplikatzen zuen funts bat errentagarriagoa izango zela hamar urtean, burtsako aditu onenek kudeatutako inbertsio funts sofisktikatuak baino. Ted Seidesek eutsi zion erronkari, eta milioi erdi euro jarri zituen bost hedge fund-etan (estaldura funtsetan). Buffettek kopuru bera jarri zuen S&P 500 indizea erreplikatzen zuen funtsean.
7 Ez da hobe norbere diruak burtsako aditu onenen esku izatea?Hedge fund eta halako funtsak konplexuak izaten dira. Funts arruntagoek baino askatasun handiagoa izaten dute burtsan jokatzeko, burtsa eroriko dela apustu egiteko, zorpetzeko, likidezia gutxiko akzioetan inbertitzeko... Baina funts horien kudeatzaileen, ustezko aditu horien tarifak oso garestiak dira, eta hori utzi nahi zuen agerian Buffettek.
8 Eta apustua irabazi du. Alde handiz gainera. Hamar urtetan, munduko indize ezagunenetako bat erreplikatu besterik egiten ez zuen Buffetten funtsak %80tik gorako errentagarritasuna izan du, eta Seidesen funtsek, %28 ingurukoa. Maiatzean, Seidesek porrota aitortu zuen. Dirua Buffetten jaioterriko karitate fundazio batera joango da.
9 Batzuek beti irabazten dute.Omahako orakuluak, behintzat, bai.
BAKARRIZKETA
Warren Buffettek irabazi egin du, beti bezala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu