Haren lehen agintaldian, Donald Trump otsoz mozorrotutako arkumea izan zen finantza boterearen aurrean. Presio handiak direla medio, askotan bere burutazioak modulatu behar izan zituen, edo, zuzenean, Etxe Zuriko tiraderetan gorde. Baina, behin agintera itzulita, ez da merkatuak lasaitzeaz arduratu, kontrakoa baizik.
AEBetako burtsek aste hasiera beltza izan dute, eta horrek alarmak piztu ditu. Trumpen kanpainan teknologia enpresa nagusiek izan zituzten irabazirik handienak. Baina, boterean denetik, «zazpi erraldoiek» (Apple, Microsoft, Nvidia, Alphabet, Amazon, Meta eta Tesla) irabazitako ia guztia galdu dute. Analisten arabera, beherakada horrek lotura zuzena du adimen artifizialaren burbuilak bultzatutako espekulazioarekin, baina bereziki Trumpek abiatutako gerra komertzialak eragindako ezegonkortasunarekin.
55 egunetan S&P 500 indizeak —non herrialdeko konpainia handienak dauden— %6,8 egin du behera. Nasdaqek kolpe gogorragoa jaso du, %9,5. Burtsek AEBetako presidente berri bati egiten dioten harrerarik txarrena da, 2001eko George Bushena (-%13,1, S&P 500) eta 1974ko Gerald Fordena (-%21,6, S&P 500) salbu. Wall Streetera ziurgabetasun giroa iritsi da, eta, neurri batean, haserrea ere bai.
Trumpena burtsek AEBetako presidente berri bati egin dioten harrerarik txarrena da, George Bushena (2021) eta Gerald Fordena (1974) salbu
Gehien zigortutako enpresen artean Tesla dago, eta ez da kasualitatea. Elon Musken konpainiaren akzioek %50 gutxiago balio dute duela hiru hilabete baino. Txinako auto elektrikoen fabrikatzaileen lehiak eragin handia izan du horretan, baina baita merkatuaren arauetatik haratago doazen faktoreek ere.
Politika ekonomikoan, Trumpen eskuineko eskua izaten ari da Musk, eta haren atzerriko ordezkari nagusietako bat bihurtu da. Besteak beste, eskuin muturra babestu du Alemaniako hauteskundeetan eta beste herrialde batzuetan.
Lehen abisua
Esan ohi da merkatuak ez duela ideologiarik, nahiz eta horrek sarritan ideologia jakin bat ezkutatu. Itsua izatea beste kontu bat da.
Orain arte, Wall Streetek pazientzia handia erakutsi du Trumpen burutazioekin, zenbait mehatxurekin atzera egingo zuela uste baitzuen. Hala ere, errealitatea bestelakoa izaten ari da. Burtsek hitz egin duten aste berean, Trumpek bere jarrerari eusteaz gain, erasoaldira jo du, muga zerga gehiago iragarriz.

Goldman Sachsek eta Morgan Stanleyk AEBetarako hazkunde aurreikuspenak murriztu dituzte, eta ohartarazi dute kapitala hasia dela Europako eta Asiako merkatuetan babes bila. Baita inbertitzaile txikiena ere. Gogoratu behar da AEBetan hamar heldutik seik akzioak dituztela, batez ere pentsio funtsen bitartez. Eta horien artean Trumpen boto emaileak daude.
AEBetako ekonomia neke sintomak erakusten ari da, halaber: inflazioa egonkor dago oraindik, baina pandemiaren ondoren izandako hazkundea moteltzen hasi da. UBS finantza erakundearen txosten baten arabera, estagflazio arriskua handitzen ari da —jarduera ekonomikoa eta ekoizpena ez atzera eta ez aurrera gelditzea eta prezioak igotzea—. Aurten hori gertatzeko probabilitatea %30ekoa da.
Halakorik gertatuko balitz, AEBetako Erreserba Federalak eragiteko tarte eskasa izango luke. Hazkundea bultzatzeko, interes tasak jaisten jarrai dezake, baina horrek inflazioa igo dezake. Kontrara, prezioei eusteko, goian manten ditzake tasak, baina horrek ekonomia are gehiago geldiarazteko arriskua ekar dezake. Badaezpada kontsumitzaileak eta enpresak hasiak dira gastua murrizten.
Esan ohi da merkatuak ez duela ideologiarik, nahiz eta horrek sarritan ideologia jakin bat ezkutatu. Itsua izatea beste kontu bat da
Egunotan, Trumpek adierazi du ez duela kezkatzen burtsan gertatzen denak, ezta dezelerazio batek. «Trantsizio ekonomikoan gaude», esan du Karoline Leavitt prentsa idazkariak. Scott Bessent Altxorraren idazkariak argudiatu du AEBetako ekonomiak «desintoxikazio aldi bat» behar duela, gastu publikoarekiko mendekotasuna amaitzeko. Elon Musk hitzontziak, berriz, ez du ezer esan burtsen erorikoari buruz. Hori bai, asteartean Trumpekin azaldu da jendaurrean, AEBetako presidenteak erosi omen duen Tesla berria aurkezten.
Finantza botereak arau propioak ditu, eta haren pazientziak muga bat du. Aurreko agintaldian, otsoz mozorrotutako arkumea izatera jolastu zen Trump; legealdi honetan, berriz, Wall Street mozorrotu da arkumez. Aste honetan ate azpitik hankatxoa erakutsi duen arte.