Aitor Aranburu.
Diru politika. Eurogunea. IRITZIA

Urratsak, tabua hautsi baino lehen

2014ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Banku zentralentzat tabua ziren neurriak bata bestearen atzetik hautsi ditu krisiari erantzun behar izateak. Bat falta zaio Europako Banku Zentralari, quantitative easing edo aktiboen erosketa masibo bat. Azken hori hausteko adorea biltzen duen bitartean, deflazioari aurre egiteko errezeta osatua eman zuen atzo Mario Draghiren taldeak.

Funtsean, azken egunotan posibletzat jotzen ziren neurri guztiak martxan jarri ditu. Ez du inor haserre utzi. Interes tasak %0,15era jaisteaz gain, bankuak zigortu egingo ditu daukaten diru soberakina mailegatu gabe gordetzeagatik.

Herrialde periferikoen krisiaren garaian erositako bonuek sortutako likidezia gehikuntza erretiratzeari utziko dio, eta horrek sisteman dagoen likidezia soberakina areagotu egingo du. Halaber, bankuek sektore pribatuari maileguak emateko orduan izan zitzaketen likidezia arazoak ekidingo ditu. Bankuek dirua merke mailegatu ahal izango dute lau urteko epemugan, %0,25ean hain zuzen, baldin eta enpresei eta familien kontsumorako bideratzen badute; hori bai, diru horrek ez du izan behar jendeak etxebizitzak erosteko. Burbuila batekin nahikoa du Draghik. Bestelakoan, familiek edo enpresek mailegu bat hartu nahi badute, diru falta ez da aitzakia izango.

Beste kontu bat da neurri horiekin inflazioa bueltatuko ote den edo kreditua hazi egingo ote den. Inflazioak gorantz egiteko, garrantzitsua izango da kreditu fluxuak areagotzea. Likidezia badago; beraz, bankuen, familien eta enpresen esku dago inflazioa bueltatzea. Finantza entitateek likidezia badute, egia da, baina ezartzen zaizkien kapital betebeharrak direla-eta zaila izango da gaur egun duten jarrera zuhurra errotik aldatzea.

Ekuazioaren beste aldean, familiek eta enpresek kreditua orain baino merkeago lortzeko aukera izango dute, baina ez dut uste baldintza hori nahikoa izango denik gaur egungo mailegu eskari motela biziberritzeko. Laburtuta, maileguak eman behar dituenak ez badu bere jarrera asko aldatzen eta mailegua eskatu behar duenak zorrak kitatzen jarraitzen badu, egoera gutxi aldatuko dela dirudi.

Bestalde, ABS edo maileguak bereganatzen dituzten titulizazioak etorkizunean erosteko borondatea erakutsi du EBZk. AEBetan ez bezala Europan ABS gutxi egiten direnez, haien erosketaren bidez sisteman sartuko litzatekeen likidezia erlatiboki txikia da. Hala ere, horrelako neurri batek balio dezake ABSen merkatua berrindartzeko, eta horrek bai lagunduko lukeela, ABSetan kolokatutako maileguak bankuen arriskuetatik desagertzen direlako eta kapitala libre utziko lukeelako.

Horiek dira EBZk inflazioa handitzeko baliatu dituen balak, eta denborak esango du funtzionatu duten. Inflazioa itzultzen ez bada, eta hazkunde motelarekin jarraitzen badugu, orduan hautsi dezake Draghik EBZren azken tabua: zor publikoaren erosketa masiboa. Egingo al du?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.