Okerragoa izan zitekeen sentsazioa zabaldu da Europako Batasuneko gobernuetan, Donald Trumpen itzuleraren lehen egunen ondoren. Zaila da asmatzea AEBetako presidenteari haizeak nondik joko dion, baina haren lehen erabakiek eta adierazpenek iradokitzen dute «AEBak berriro handi egiteko» bidea Kanadan eta Mexikon hasiko dela, eta Txinan jarraituko duela. EBtik ere igaroko dela ez da zalantzarik, baina ez da oraingoz lehentasuna, eta hori arindu txiki batekin hartu dute Bruselan. Ikusiko noiz arte irauten duen.
Izan ere, Trumpek iragarri du otsailaren 1erako %25eko muga zergak jarriko dizkiela Kanadatik eta Mexikotik iritsitako produktu guztiei. Horrela zigortu nahi ditu; haren esanetan, etorkinak AEBetara iristeari eta drogak sartzeari bide ematen dietelako.
Trumpen estiloa ezagututa, ikusteko dago iragarpena ekintza bihurtuko den ala ez, muga zerga horiek ondorio ekonomiko oso handiak izango lituzketelako, eta berehalakoak, gainera. Izan ere, Mexiko eta Kanada bazkide komertzial funtsekoak dira AEBentzat —Mexiko lehengoa da eta Kanada hirugarrena inportazioen iturri gisa—, eta muga zergek milaka milioi dolarren kostua izango lituzkete AEBetako enpresentzat. Haiek direlako, zuzenean edo inportatzaileen bitartez, produktuak inportatzen dituztenak eta, hortaz, tarifak ordaindu behar dituztenak —kostuaren zati bat edo osorik kontsumitzaileei igaro aurretik—.

Bereziki kezkatuta daude autogileak, haien ekoizpen kateak hiru herrialdeen artean erabat lotuta daudelako. Auto bat egiteko prozesuan, haren osagaiek behin eta berriro zeharkatzen dituzte mugak, eta horrela uler daiteke Wolfe Research enpresaren azterketa baten emaitza; haren arabera, auto berri bakoitzaren prezioa batez beste hiru mila dolar garestituko lituzkete %25eko muga zergek.
Ekuazio horretan sartu du Txina ere. Bere hauteskunde kanpainan, Trumpek agindu zuen %60ko muga zergak jarriko zizkiela handik iritsitako produktuei, baina lehen adierazpenetan kopuru apalago bat aipatu du (%10), eta fentaniloaren esportazioarekin lotu du.
«Gaizki tratatzen gaituzte»
«Baina ez da soilik Txina; beste herrialde batzuk ere abusatzaileak dira. 350.000 milioi dolarreko defizita dugu Europako Batasunarekin. Oso-oso gaizki tratatzen gaituzte, eta haiek ere tarifak izango dituzte», esan zuen Trumpek, asteartean, baina muga zerga horiei izkin egiteko bide bat ere ireki zien europarrei: AEBei petrolio eta gas gehiago erostea.
Trump entzunez gero, badirudi EBk ez duela AEBetako erregai fosilekin ezer jakin nahi. Errealitatea, nola ez, Trumpek esaten duenaren oso kontrakoa da. AEBak dira gaur egun EBren gas hornitzaile handienetan bigarrena, eta bere portuetara, Bilbora barne, iristen diren GNL gas natural likidotuz kargatutako ontzien artean gehiengoa dira handik abiatutakoak. EBk erosten du, gainera, AEBek esportatzen duten petrolioaren ia %45.
AEBek ordezkatu dute —Norvegiarekin, Qatarrekin eta Aljeriarekin batera— Errusiak hornitu ez duen gasa. Ukrainako gerraren aurretik EBk Errusiatik lortzen zuen gasaren %40-45. Gehiena gasbideetatik iristen zen, baina iturri horiek itxi zituzten Vladimir Putinek 2021ean —Nord Stream lehertu zutenerako itxita zegoen— eta Ukrainak abenduaren 31n —Bratstvo edo Anaitasuna deitutakoa—. Orain Turkstream soilik dago irekita, baina ez da hura Errusiako gasa EBra iristeko bide bakarra: hango GNL inportazioak inoizko handienak izan ziren atzo.
EBk, ordea, data bat jarri dio bere buruari: 2027rako eten nahi ditu Errusiako gas inportazioak. Herrialde batzuk ez daude ados —Hungaria, Eslovakia—, baina Trumpek badauka bide bat erresistentzia hori hausteko: zigorrak. Joe Bidenek berak GNLa esportatzen dituzten Errusiako bi terminal txiki sartu zituen zigortuen zerrendan, baina ez zuen ukitu terminal nagusia, Yamal izenekoa. Azken hori ukitzeko aukera du Trumpek, Europarako gas esportazioak handituko nahi baditu.
Hiru faktore
Baina badira kontuan hartu behar diren beste hiru faktore. Bat da EBk gero eta gas gutxiago erretzen duela. 2019tik 2023ra %18,6 jaitsi zen gas kontsumoa Europako Batasunean, eta 2030erako beste %25 txikitzea espero du IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak. Negu gero eta epelagoei gehitu behar zaie argindar sorkuntzan zuen pisua urtez urte txikitzen ari dela energia berriztagarrien mesedetan.
Bigarren faktorea prezioa da. AEBetatik iristen den gasa Errusiatik iristen dena baino garestiagoa da, eta gogorarazi behar da gasa enpresek erosten dutela, ez estatuek, eta enpresentzat prezioa funtsezko aldagaia da.

Aurreko biekin lotutako beste faktore bat dago, hirugarrena: AEBetako hidrokarburo konpainiek interesa izango al dute gehiago ustiatzeko txikitzen ari den merkatu bat hornitzeko, batez ere dakitenean ekoizpena handitzeak prezioak jaitsiko lituzkeela?
Petrolioaren adibidea
Gogorarazi behar baita zer gertatzen ari den petrolioarekin. Azken urtean, LPEE kartela eta haren aliatuak —Errusia, azken finean— saiatu dira Brent upelaren prezioa berriro ehun dolarrera igotzen, baina huts ikaragarria egin dute. Ehun dolarrak, ez, 80 dolarrei eusteko ere nahiko lan izan dute, haiek merkaturatu ez dituzten upelak beste batzuek merkaturatu dituztelako; nagusiki, Kanadak eta AEBek. Azken hori bilakatu da, alde handiz gainera, munduko petrolio ekoizlerik handiena: egunean hamar milioi upel ekoitzi zituen 2013an, eta 19,3 milioi 2023an.
Gauzak horrela, aurten kartelaren asmoa da bere merkatu kuota berreskuratzea, eta horregatik aztertzen ari da ekoizpena berriro handitzea. Aldi berean AEBetako petrolio konpainiek Trumpen ametsa betetzen badute —«Zulatu, maitea, zulatu!»—, eta Txinan ere, dirudien bezala, kontsumoak goia jo badu, upel gehiegi egongo dira merkatuan eta haien prezioa amildu egin daiteke.
Berri ona izan daiteke Trumpentzat inflazioaren aurkako borrokan —upela merkatzeko eskatu zien LPEEko kideei Davosko foroan egindako hitzaldian—, baina nekez izango da ona erregai fosilen industriarentzat. Eta haiek dute iturriaren giltza.
Ikusi gehiago