Aitor Aranburu.
Analisia

Trukearen krisia

2014ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Argentinan gertatu da, eta gorabideko herrialdeetara hedatu da ziztu bizian izurria. Aho mingainetan dabil trukearen krisia, baina, zer gertatzen ari da? Trukearen krisi batean herrialde baten dibisa beste batekiko balioa modu esanguratsuan galtzen ari da. Dolarrarekiko izan ohi da normalean. Balio galera hori dibisa horretan izendaturiko aktiboen salmentak gorakada nabarmen bat izatean gertatzen da. Normalean finantza aktiboen salmenta masiboak eragiten du.

Herrialde horiek kontu korronteko defizit handia izan ohi dute. Estatu horietan inbertsioa barne aurrezkia baino txikiagoa izatean, falta den zatia finantzatzeko atzerriko finantzaketara jotzen dute, kanpo zorra areagotuz. Gakoa da zertan inbertitzen den. Etekinak ematen baditu, ez dago arazorik. Kontrako kasuan sortzen da arazoa. Hori da Espainiako ekonomian gertatu zaiona azken urteotan. Kontu korronte defizit handiak jasan zituen krisi aurreko urteetan, nagusiki etxebizitza eta azpiegituretan egindako inbertsioa barne aurrezkia baino handiagoa zelako. Sektore produktibora bideratutako inbertsioa oso txikia izan zen, eta gehiena etxebizitzen burbuila puztera joan zen. Pezeta indarrean balego, truke krisi bat jasateko aukera handia luke.

Bat-bateko depreziazioa handia baldin bada, efektu kaltegarriak izan ditzake. Atzerriko inbertitzaileek herrialdeko dibisan dituzten inbertsioek balioa galtzen dutela ikusten dute, eta domino efektua eragin: salmentak areagotu egiten dira, balioa are gehiago hondoratuz. Halaber, atzerriko inbertitzaile potentzialak atzeratu egiten ditu. Diruaren balioari eusteko, merkatuan esku hartu eta diru erreserbak salduz bere dibisa propioa eros dezake herrialdeak. Aurreko astean Argentinak zioen ez zuela erreserba nahikorik pesoaren balioari eusteko, eta ez duela truke balioari eusteko ahalegin gehiago egingo. Diruaren balioari eusteko beste alternatiba bat bertako interes tasak igotzea da. Asteartean Turkiak interes tasak %7,75etik %12ra igo zituen, inbertitzaileek interes tasa handiago batekin erakartzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.