Imanol Magro Eizmendi.

Torres, orkatilaraino edo leporaino?

2024ko irailaren 5a
18:00
Entzun

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburu berriak hurrengo lau urteetarako bere asmoen dekalogo bat aurkeztu du. Azken hiru egunetan sindikatuekin eta Confebask enpresarien elkartearekin izandako bileren ondorioa da. Gaztelania hutsean eta kazetaririk gabeko agerraldi batean plazaratu ditu hamar asmoak, eta, betetzen baditu, egun lan eta enplegu politiketan puri-purian dauden gai gehienak ukituko ditu: lanaldiaren murrizketa, istripuak, absentismoa... Alegia, ur handitan sartzeko asmoa duela dirudi; hori bai, ikusi beharko da orkatilaraino edo leporaino murgiltzen den.

Mikel Torres Jaurlaritzako Lan sailburua, eskuinetara, Iñaki Ruiz Manzano sailburuordearekin hizketan. L. RICO / EFE
Mikel Torres Jaurlaritzako Lan sailburua, eskuinetara, Iñaki Ruiz Manzano sailburuordearekin hizketan. L. RICO / EFE

Torresek sindikatuei eta enpresei bidali dizkie mezuak dekalogoan. Biek jaso dituzte geziak eta goxokiak. Enpresariak limurtzeko, hitzeman du konfliktibitate «handiaren» zergatien analisi bat egingo duela, eta behin-behineko ezintasuna eragiten duten baja «ugarien» inguruko beste bat. Azken horiek dira langileak lanera ez joateko arrazoi ohikoena, osasun arazoak alegia, eta zehaztu du «askotan» lotura dutela langileen adinarekin eta arrisku sozialekin. Asko zaindu du hiztegia, eta ez du absentismo hitza aipatu, baina lerro artean pixka bat irakurtzen jakitea aski da ulertzeko enpresariak zoriontsu egin dituela.

Absentismoa eta konfliktibitatea aztertzea eskaini die Torresek enpresariei; sindikatuei, berriz, lan istripu ugariak gutxitzeko neurriak hartzea eta lanaldia murrizteko ikerketekin jarraitzea

Sindikatuak limurtzeko, berriz, esan du arduratuta dagoela «lan istripuek izandako gorakadarengatik», eta, ondorioz, konpromisoa hartu du ikuskatzaile gehiago jartzeko. Era berean, enpresei dei egin die istripuen prebentzioan gehiago inbertitu dezaten. Halaber, esan du asmoa duela «aurrera egiteko» lanaldiaren murrizketari buruzko eztabaidan eta sailak gaiaren inguruan hasitako proiektuan. Tira, azken hori obligazio bat da, iaz 6,5 milioi euroko akordio bat sinatu baitzuen Adegi enpresarien elkartearen fundazioarekin lanaldi murrizketa aztertzeko.  

ELA eta LAB 2008an atera ziren Elkarrizketa Sozialeko Mahaitik; sailburuak, hala ere, berretsi egin du hura dela lan politikak eztabaidatzeko foroa

Horiez gain, hizpide izan ditu Lanbide, negoziazio kolektiborako «esparru autonomikoaren» defentsa, talentua erakartzeko erremintak eta zerga erreforma ere.

Asmo onen zerrenda bat da, eta, asmo onen zerrenda on guztiak bezala, garatu behar dituenaren borondatearen menpe dago. Izan ere, lan munduak aurki aurre egin beharko die deskarbonizazioari, digitalizazioari, hirugarren sektorearen zabalkundeari eta halako beste erronka batzuei, eta eragingo dituzten aldaketetan ikusi ahal izango da dekalogoaren arrastoa. 

Torres sailburuak, halaber, kontuan izan behar du Jaurlaritza, aldundiak eta udalak direla dela Euskal Herriko enplegatzailerik handienak, hala zuzenean nola azpikontrata ugarien bitartez. Lan eta enplegu politika berritzaile eta ausartak probatu nahi baditu, Lakuan nahi beste probaleku eta laborategi ditu, eremu pribatuko patronalen borondate onaren zain egon gabe.

Elkarrizketa Sozialeko Mahaiarekin tematuta

Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren alde ere hitz egin du, Alderdi Sozialistak aurretik izandako lan eta enplegu sailburuen mantrari eutsiz. Berretsi du hura dela lan politika auziak eztabaidatzeko foroa EAEn. Eragile guztiek bertan parte hartzea nahiko lukeela esan du sailburuak. ELA eta LABi bidalitako mezua da, 2008az geroztik ez baitute mahai horretan parte hartu, eta hartaz geroztik hainbatetan esan dute ez dutela bertan esertzeko asmorik, ez behintzat gaur egungo eredu eta eskumenekin.

Urteotan, sailburuek maiz gonbidatu dituzte sindikatu abertzaleak, baina deiak ez du fruiturik eman, ezta LABek beste Jaurlaritzaren menpeko beste foro batzuetan sartzea erabaki duenean ere. LABek argi esan du marra gorri bat dagoela hor.

Alegia, mahaiak hamasei urte daramatzala herren, langileen erdiak baino gehiago ordezkatzen dituzten sindikatuak gabe. Jaurlaritzak mahaira egokitzeko deia egin die ELAri eta LABi, baina itxura guztia du haiek gabe erosoago dagoela.

Mahai horrek, ordea, eragin ahalmen txikia du langileen ordezkaritza oso handi bat kanpoan gelditzen bada, eta, beraz, ez du zentzurik gaur egungo egoerarekin tematzen jarraitzeak. ELAri eta LABi dei egiten ibili beharrean, agian mahaia berregituratzeko garaia iritsi da: haren eskumenak, ordezkaritza, parte hartzaileak... Herritarrek eskertuko lukete, eta hori balitzateke aldaketa sakon bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.