GEURE KONTU

Ticket Bai ala auzoko jaiak?

Txosna bat, Sopelako udaletxearen alboan. ARITZ LOIOLA. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Txosnen inguruko ika-mikak urteroko gai klasiko bat dira Euskal Herriko kazetaritzan. Udarekin batera iristen dira, Joselu Anaiak bezala. Gehienetan, arrazoi politiko edo gizarte mailakoengatik izan dira albiste, eta talde mediatiko batzuek hauspotzen dituzte. Bateko presoen argazkiak, besteko sustatzaileen arteko liskarrak... Sinesmen erlijiosoak ustez iraintzen zituzten dekorazioak ere eztabaidagai izan dira. Aurten, kosta zaio iristea txosnen ika-mikari, baina hauteskunde zaparraden ondoren heldu da, eta, oraingoan, zalapartaren argudioa ekonomikoa da: Ticket Bai sistema ezartzea.

Ostalarien elkarteek egin dute eskaera, eta haiek jarritako puntuari erantzun diete aldundiek. Gipuzkoako ostalarien elkarteak eskutitz bat bidali die udalei haien herrietako txosnetan fakturazio elektroniko sistema ezartzen dela bermatzeko eskatuz. Taberna eta jatetxeak Ticket Bai erabiltzera behartzea, eta txosnak, aldiz, ez, bidegabekeria iruditzen zaie. Bizkaiko eta Arabako ostalari elkarteek ere haien oniritzia eman diote eskariari.

Egoerak Ticket Bai sistemaren barrunbeak azaleratu ditu, eta, besteak beste, iruzurraren aurkako kontrol sistemaren zabalkundearen desorekak. Gipuzkoan eta Araban dagoeneko ezarrita dago ostalaritzan, eta irabazi asmorik gabeko erakundeak salbuetsita daude. Baina hor ere bada zer argitua, irabazi gabeko elkarte guztiak ez direlako berdinak; ez, behintzat, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren arabera. Gasteizko jaien ingurumarian esan du, eta kasuz kasu aztertu behar dela zein txosnari eska dakiokeen eta zeini ez.

Bizkaian, aldiz, ostalaritzan oraindik ez da derrigorrezkoa, eta irabazi asmorik gabeko erakundeei 2026an iritsiko zaie betebeharra. Bizkaian baldintzak argiago daude, eta irizpidea beste bat da: jardun ekonomikoa badago, Batuz sistema osoa, Ticket Bai barne, derrigorrezkoa da.

Gasteizko txosnagunean barra muntatzen duten elkarteak izan dira neurria publikoki kritikatu duten lehenbizikoak. Argudiatu dute irabazi asmorik gabeko erakundeak direla guztiak, eta horrek salbuetsi egin beharko lituzkeela. Haien jardun nagusia gizarte mailakoa dela nabarmendu dute, eta ez direla ostalaritza enpresak.

Donostiako eta Bilboko aste nagusietan txosna jartzen duten kolektiboek oraindik ez dute neurria baloratu. Pentsatzekoa da antzeko argudioak emango dituztela, eta helegiteak aztertuko. Bizkaian irailaren 7ra arteko epea dute helegiteak jartzeko.

Herrietan, oinarrizko

Euskal Herriko txosna gehienen errealitateak, baina, zer ikusi gutxi du hiriburuetako txosnagune handi eta antolatuekin. Udako ika-mika interesatuen arretagunea haiengan jartzen da, baina txosnen gehiengo handia herri txikietan eta auzoetan jartzen dira. Haien helburu nagusiak sustatzen duten jardunarentzako sosa ateratzea da, edota jaia bera finantzatzea: herri bazkaria, trikitilariak, kontzertuak... Eta hirietako txosnei Ticket Bai jartzen bazaie, haiei ere bai. Taberna txikien eta dantzaleku erraldoien kasu bera da, legeak ezin du ezberdintasunik egin tamaina edo balizko fakturazioaren arabera.

Pentsatzekoa da hirietako txosnaguneak fakturazio elektronikoa oztopatzen saiatuko direla. Ez da erraza ulertzen urtean bi, hiru, zazpi edo bederatzi egunez irekita dagoen barra batek urte osoan irekita dagoenaren inbertsio bera egin behar izatea teknologia egokitzeko, eta argi dago datafonoa erabiltzeak zerbitzua moteltzen duela —Internet sareen estaldura arazoez gain—. Dena den, salbuespenak salbuespen, nahiko ondo antolaturiko elkarteak dira, jendez hornituak, eta, derrigortasuna ezartzen badiete, moldatuko dira datafono edo antzeko gailuak lortzeko.

Auzo eta herrietako txosnak, aldiz, askoz okerrago ibiliko dira. Ez dira gauza bera Bilboko edo Gasteizko txosnagunea, eta Errezilgo (Gipuzkoa) plaza edo Elorrioko (Bizkaia) auzo txiki bat. Militantzia, gainera, ez da bere garairik onenean bizi, eta, jai batzorde eta antolakuntza txikiei obligazio teknologikoak ezartzen badizkiete, haien biziraupena kolokan egon daiteke. Haiena baino gehiago, antolatzen dituzten jaiena eta antzekoena. Ekonomian, normalean, txikiak gehiago sufritzen du aldaketekin, eta txosnetan berdin gertatuko da.

Jai batzorde, kirol elkarte edo kultur eragile horiek, gainera, oso garrantzitsuak dira haien herrietan eta auzoetan, eta haien jardunakmesede egiten die ostalariei. Okerrera jarrita, giroa gaiztotzeko arriskua ere badago, ostalariak baitira ostalari elkartearen ordezkariak ingurune horietan.

Oraindik, baina, eragotz daitekeen egoera bat da. Azken urteetan aldundiek Ticket Bai eta Batuzen inguruko hainbat erabaki aldatu dituzte, eta garaiz daude txosnei entzun, eta egoera birpentsatzeko. Iruzurraren aurkako erreminta zabaltzea mesedegarria izan daiteke gizartearentzat, baina ondo aztertu behar da haren ordaina; are gehiago, kaltetuak irabazi asmorik gabeko erakundeak direnean. Urteak dira txosnak eta ostalaritza negozioak lege ezberdinen arabera arautu direla, eta ez da arazo handirik egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.