BAKARRIZKETA

Siemens, zatitu, eta agian iraungo duzu

PHILIPP GUELLAND / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
1. Leloa ez al zen Divide et impera (zatitu eta garaitu)? Bai, baina Siemensen kasuan, garaipena irautea izango da.

2. Hain larri dabil? Ez, 6.120 milioi euro irabazi zituen iaz, baina Joe Kaeser taldeko buruak (irudian) uste du enpresa taldea, Europako handiena, zatitu egin behar dela etorkizunean arazoak nahi ez baditu. «Dinosauro bat da», haren hitzetan, eta denek dakigu zer gertatu zitzaien. «Dinosauroak handienak ziren, baina zerbait egingo zuten oker, gaur egun ez baitira existitzen. Tamaina ez zen arazoa, baizik eta historiaren baldintzetara ez egokitzea», azaldu du Kaeserrek.

3. Eta nola zatitu daiteke dinosauro bat? Motozerra handi batekin eta pazientzia izugarriarekin. Siemens zatitzea errazagoa da, nahikoa da haren adarrekin enpresa independenteak eratzea. Kaeserren asmoa da epe erdira soilik Smart Infraestructure eta Digital Industries atalekin geratzea, hots, industria eta Internet lotuko dituzten adarrekin. Aurretik saiatu zen trengintza adarra Alstomekin batzen, baina Bruselaren betoaren ondoren, orain Siemens beraren muina izan zen negozioa atera nahi du taldetik, argindarrarena, Gas & Power izenekoa.

4. Zer egiten du adar horrek? Batez ere argindarra sortzeko turbina erraldoiak egiten ditu, gero mundu osoko zentraletan erabiltzen direnak. Arazoa da energia berriztagarrien hedakuntzarekin motor handi horien eskaria asko jaitsi dela: industriak 400 egin ditzake urtean, baina azkenaldian nahikoak dira 80. Eta kontratu horiek lortzeko lehiak prezioak jaitsi dituenez, Siemens Gas & Powerren irabaziak 12.500 milioi eurotik 377 milioira jaitsi dira 2014tik 2018ra.

5. Euskal Herrian badu eraginik? Bai, eta asko, gainera. Batetik, Siemensen gasa erretzen duten motorretako batzuk Zumaian (Gipuzkoa) egiten dituzte, lehen Guascor eta orain Dresser-Rand izena duen fabrikan. Bestetik, Gas & Power erakargarri egiteko, eta behar dezakeen likidezia emateko, enpresa berriari batuko dio energia berriztagarrien adarra.

6. Gamesaz ari zara? Bai. Gaur egun han duen parte hartzea (%59) sartuko du talde berrian. Ez, ordea, gainontzeko %41, Iberdrolaren esku dagoen %8 eta burtsan kotizatzen duen %33.

7. Horrek zer ondorio izango du hemen? Ikusteko dago. Lasai egoteko eskatu du Marcus Tacke Siemens Gamesako buruak, egoitzak Zamudion jarraituko duela eta enpresa independente gisa kudeatuko dutela. Baina auskalo zer gerta daitekeen funts batek edo beste lehiakide batek Gas & Powerren kontrola hartuz gero. Siemensen asmoa da hasieran %25 eta %50 artean gordetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.