Ez zioten egia esan elkarri. Siemensek gorde egin zuen, adibidez, AEBetako bere fabriketan stock izugarria pilatzen ari zitzaiola inbertsioak seko gelditzen ari zirelako; laguntza fiskalak nabarmen apaltzeko Trumpen iragarpenak dardara handia eragin zuela jadanik Siemensen negozioan. Gamesak ez zuen esan, era berean, Indiako onshore negozioa gelditzen hasia zela, kolapsaturik zegoela; ez zuen esan errentagarria izanagatik Indiarekiko menpekotasun handiegia zuela, adibidez. Alegia, doteak ez zirela esandakoaren parekoak, eta ezkongaien edertasuna makillaje kontua zela hein batean. Baina ondasun banaketarik egin gabe ezkondu ziren, eta orain, komeriak.
Komeriak, langileentzat lehen-lehenik. Uste baino haize gutxiagoz nabigatuz doa bat egitearen barku erraldoia, eta zama kentzea erabaki dute Berlinen. Gamesak obeditu behar duen erabakigune berrian haserre daude 2017. urte ilunarekin. 135 milioi euroren galerak egon dira azken seihilekoan, fakturazioak %12 behera eginda. Bat egitea gauzatu zenean, iazko apirilean, urte bukaeran balio zuena halako bi zen burtsan Siemens Gamesa, baina 7.000 milioi euroko balioa galdu du azken hilabeteetan, eta testuinguru horretan iritsi da kaleratze masiboen iragarpena. 24 herrialdetan 6.000 langile kaleratzen hasi da multinazionala, eta Euskal Herrian ere lantaldeak argaltzen dabiltza. 27.000 behargineko lantaldea 21.000 ingurukoa bihurtzeko xedea dute. Miranda Ebroko lantegiaren balizko itxiera da argaltze horren azken erakusgarria. Ikusteko dago Arabako mugatik ehunka metro batzuetara lan egiten duten 134 behargin denei lekuz aldatzea eskaintzen ote dieten eta, horrela bada, nora.
2012an, Gamesak 2.700 langile kaleratu zituen; besteak beste, horri esker lortu zuen konpainia errentagarrienetakoa bihurtzea eolikoen negozioan. Eta errentagarritasun horri esker piztu zuen Siemens erraldoiaren interesa. Harekin bat egiteak ez zuela zertan kaleratzerik eragin esan zuen artean Euskal Herrian egoitza nagusia zuen zuzendaritzak, sinergiek sortuko zutela aurreztea, eta, erabakigunea galdu arren, ez zegoela zertan urduri jarri. Gaur egungo egoerak hankaz gora bota ditu baretasun mezu horiek guztiak.
2.000 milioi euro aurreztu behar dira
Asteon, Markus Tacke Siemens Gamesako kontseilari ordezkariak zenbakiak jarri dizkio bat egitearen egiari: hiru urtean 2.000 milioi euro aurreztu nahi ditu konpainiak, fusioak izan duen hasiera penagarria zuzentzeko. Gerrikoa estutzeko 2020. urte arteko programa aurkeztu du Madrilen, eta haren lehen helburua ere zehaztu du: errentagarritasuna lortzea. Diru aurrezpen horren %65 hornitzaileei egindako erosketetatik etorriko dela esan du, eta %15-20 inguru produkzio kostuetatik. Gainontzekoa langileen bizkar joango da. 6.000 kaleratzeen prograren ondotik, hala ere, ez direla gehiago egingo esan dute. Eskerrik asko, Tacke jauna.
Era batera edo bestera, galerekin lotutakoak dira Siemensekin egindako ezkontzaren ondorioak. Enplegu galerak, erabakigunearen galerak eta burtsako balioaren galerak bat egin dute. Euskal Herriko hornitzaileek ere asko dute galtzeko, eta kezka adierazi dute, Siemens Gamesa «gehiegi estutzen» ari zaielako, errentagarritasun dena kenduz. Bakarrik Gamesarentzat aritzen diren batzuk beste bezero batzuen bila dabiltza, eta ezin da baztertu hornitzaileen artean ere kaleratzeak egotea. Euskal hornitzaileei erosten jarraituko zutela esan zuten Gamesako buruek, Berlinen egongo zela botere zentroa, baina ez zutela abandonatuko Gamesarekin batera eta haren inguruan sortutako industria.
Hitzak eramaten dituen haizea balu, akaso barku handi berri horrek ez zuen utziko atzean hain lorratz tristea, baina egungo merkatu eolikoaren itsaso barean ontzi arinak soilik dabiltza aurrera, antza. Geroa bermatzea ei zen fusioaren helburua, baina batzuena baino ez du hobetu gaurdaino.
GEURE KONTU
Siemens Gamesa, haizerik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu