Jon Fernandez.
GEURE KONTU

'Reset'

2016ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Trump. Hausturaren onomatopeia bihur daiteke. Baina apurketa ez da Trumpekin gertatu. Haustura kate baten orain arteko azken krakatekoa baino ez da Trump. Syriza,brexit, Trump... Le Pen?... Sistemaren kontrako erantzunak dira, ezker-eskuma.

Eredu ekonomikoak asko kendu dio herritarren zati handi bati, erdiko klasea zeritzonari eta langile klasea zeritzonari, batez ere 2008ko krisia hasi zenetik. Urte gutxitan debaluatu dituzte soldatak, debaluatu dute ongizate estatua gaizkizate estaturaino, eta debaluatu dute langileen duintasuna.

Horrek sortutako haserrea eta frustrazioa daude sistemaren kontrako botoaren atzean. Gizartearen zati handi bat eredu ekonomikoa —globalizazio neoliberala, izen-abizenak jartzearren— eraldatzeko bideen bila dabil. Itsu-itsuan sarri, sistema berrabiarazteko alderdiaren edo liderraren bila. Reset botoiaren bila.

Baina herritar haserretuek oraindik ez dute topatu botoi egokia. Etsipen sozial handia dago, eta etsipena proposamen sinplistenen bitartez bideratzea da errazena. Trump, horren adibide.

Arazoa ez da eredu ekonomikoak txarto funtzionatzen duela. Alderantziz, oso ondo funtzionatzen du, baina gutxi batzuen mesederako. Thomas Pikettyk frogatu zuen aberastasuna gero eta esku gutxiagotan ari dela pilatzen; joera hori naturala dela kapitalismoan, desberdintasun sozialak orekatzeko neurriak hartzen ez badira. Eta, hain zuzen, neurri zuzentzaile horiek dira desegin direnak Thatcher eta Reaganen garaitik, hamarkadaz hamarkada. Zirimiri baten leuntasunez hasieran; ekaitz baten astinduarekin azken urteetan.

Langile klase kontzientzia diluituz joan zen mende hasierako oparotasun urteen bits aparretan, eta ez dute hura berreskuratzeko balio izan krisiak bizkortutako desberdintasun sozialek. Desagertu egin da gizarte klaseen banaketa klasikoa, eta prekariatu handi bat sortzen ari da, Guy Standing ekonomista britainiarrak bataiatu zuen bezala. Bidean, erruz argaldu dute II. Mundu Gerraren ostean Europan eta Mendebaldean nagusitutako ongizate estatuaren eredu ekonomikoa, sozialdemokraziak harakiria egiteraino neoliberalismoaren aldarean. Gizartea zatituta dago, eta umezurtz, politikoki.

Ezkerreko populismoa, eta eskumakoa

Populismoa da bide bakarra. Hala ulertarazi zidan Joseba Gabilondok joan den urrian. Prekariatuak ez duela klase proletarioaren nortasunik, hala dio Michigango Unibertsitateko euskal irakasleak, talde heterogeneoa dela. Erdiko klasea desagertzeak polarizazioa sortu du, eta, Gabilondok dioenez, «populismoa da aukera bakarra polarizazioak sortutako heterogeneotasunak bere burua politikoki antolatzeko». Errealitate sozioekonomikoa aldatu bada, aldatu behar du errealitate politikoak ere.

Bada, populismoa bulego obalera iritsi da. Baina, kontuz: populismoak daude, pluralean. Arazoa da sistema oraindik gai dela ezkerreko populismoaren erantzuna neutralizatzeko hura boterera iristen bada (Tsipras). Eta arriskua da eskumako populismoa faltsua dela, sistemaren hutsen erantzulea kanpoan kokatzen duelako, muturreko globalizazioan eta, bereziki, etorkinengan. Etsaia kanpoan kokatzeak sistemaren elite ekonomikoa betikotzen du. Zer da Trump magnatea, elitea ez bada?

Ukaezina da ziurgabetasunen garaian bizi garela, baina aukerena ere bada. 2014tik gogoan iltzatuta daukat Fernando Guirao Historia Ekonomikoko irakasleak BERRIAn esandakoa. Esaten zuen 2008ko krisi osteko munduan ezinbestekoa zela I. Mundu Gerraren osteko huts ekonomikoen lezioa ikastea. «Egoera hark faxismoa ekarri zuen». Historia ea errepikatu egiten den galdetu nion orduan, eta zera erantzun zidan: «Historia ez da inoiz errepikatzen, baina ikasteko balio du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.