joxerra senar

Poloa, Landabenen segurtasun uhala

2024ko uztailaren 7a
05:00
Entzun

Astelehen gauean, Landabengo Volkswagenen fabrikaren produkzio katetik irten zen 8.422.1661. Polo autoa. Azkena. Aurki, ibilgailu elektrikoaren produkziora egokitzeko obretan murgilduko da fabrika. Trantsizio aldi luze horri begira, Nafarroako VWek agur esan dio betiko ikur enblematiko horri. Etorkizunean ezingo ditu aldi berean konbustioko hiru modelo egin, eta, horregatik, Poloa sakrifikatu dute Iruñean. Hemendik aurrera, Hego Afrikan egingo dira.

Ezer ez da betiko, eta, etorkizuneko erronkak Iruñeko fabrikaren atarian joka ari diren honetan, komeni da atzerako ispilutik iraganerantz ere begiratzea. Izan ere, 40 urtez arrakasta ekonomikoa markatu du Poloak. Askok Nafarroako ekonomia Volkswagenekin erlazionatzen dute, eta atzean, funtsean, Poloa dago. Hori diote datu gordinek. 1975ean,  Audi 50aren bertsio merkeagoa egiteko asmoz, modelo hori sortu zuen Alemaniako taldeak. Ordutik, mundu osoan, hemezortzi milioi Polo inguru merkaturatu dira, eta ia erdiak (8,4 miioi) Iruñean ekoitzi dira.

Ziurrenik, bidegabea litzateke arrakasta komertzial hori zorteari leporatzea, Landabengo fabrikak eginahal ugari egin behar izan baititu multinazionalak exijitutako produktibitate estandarrei erantzuteko. Ukaezina da, era berean, merkatuan hain harrera ona izan duen modeloa egokitu izanak olioztatu eta erraztu egin duela ekoizpenaren eta merkatuaren arteko harreman zail hori. Ekonomiaren munduan hainbeste aldiz errepikatzen den ziurgabetasunaren aurkako antidotoa izan da. Bihurguneak etorri izan diren bakoitzean, segurtasun uhal moduko bat, alegia.

Historiaren lorratza

Ez zen beti horrela izan. Frankismoak bultzatutako industrializazioak hauspotuta sortu zen Landabenen Authi konpainia, 1960ko hamarkadaren erdialdera. Hamarkada bat geroago, 1978an, Espainiako Seat markak erosi zuen lantokia. Alta, 1982an, Alemaniako Volkswagenek Seat bereganatu zuenean etorri zen aldaketa. 1984rako, Seat Pandak egiteari utzi, eta Poloak ekoizten hasi ziren.

Hamabost urtez, VW markaren modelo merkea ekoizteko esklusibotasuna gorde zuen Iruñeak. Ziurtasun horrek eta Poloaren bertsio berrituek merkatuan izandako erantzun onak, hain zuzen, hazteko balio izan zion Landabeni. Horren adierazle, inoizko langile kopururik handienera heldu zen 2000. urtean: 5.530 langile.

Alta, krisi hotsak agertu ziren. 1999an, Poloaren ekoizpena Bratislavako (Eslovakia) fabrikarekin partekatu zuen, eta, horri loturik, lau urteren buruan mila lanpostu inguru galdu zituen Landabenek. Hala, 2006an, lan hitzarmenaren negoziazioan, zuzendaritzak gogor egin zuen presio produktibitate neurriak ezartzeko. Pultsu hari lanuzteekin eta greba mugagabearekin erantzun zioten sindikatuek. Azkenik, lan gatazka luze hura UGTren eta CCOOren hitzarmenarekin amaitu zen. Ordutik, enpresak saritu egin ditu bi sindikatu horiek, ELA, LAB eta CGTren lepotik.

Dena den, ziurrenik Poloaren itzal luzea 2008ko finantza krisiarekin azaleratu zen. Nafarroako industrian, erregulazio ugari aurkeztu ziren 2009tik aurrera; Nafarroako Volkswagenen, aldiz, ez. Angela Merkel Alemaniako orduko kantzilerrak emisio gutxiko autoen erosketa finantzatzeko laguntzak ezarri zituen, eta horrek hauspotu egin zituen Poloaren salmentak. Hala, krisi ekonomikoaren gordinenean, Landabenek inoiz baino auto gehiago ekoitzi zituen, eta hori lagungarri egin zitzaion Nafarroari, zalantzarik gabe.

Nahiz eta Poloak salmenta onak izan, Iruñeak betidanik eskatu zuen beste modelo bat egin ahal izatea, eta 2018an aldarrikapen historiko horri oniritzia eman zion VWek. Horrek eskatzen zuen hainbat modeloren ekoizpena bateratzeko plataforma ezartzea. Inbertsio handia egin ostean, Iruñean, T Cross ekoizten hasi ziren, eta gerora etorri zen Taigo. Bi modelo horiek itzal egin diote, azkenik, Poloari. 

Europako autogintzaren modura, bidegurutze batean dago oraintxe Nafarroako Volkswagen. Pandemiak auto industrian eragindako hornidura arazoak erabat gainditu gabe, elektrifikazioaren aldeko apustua egin du. Erronka horri erantzuteko, mila milioi euroko inbertsioa egin du, eta ikusteko dago merkatuaren erantzuna. Gaur egun, Txinako lehiakideen auto elektriko merkeak, kasurako, mehatxu gisa ageri dira. Fabrika egokitzeko lanak hastear direla, VWen asmoa da etorkizunean ibilgailu elektrikoen produkzioa konbustioko motordun autoenarekin bateragarri egitea. Bidaia hori Poloaren segurtasun uhalik gabe egin beharko du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.