Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak Ozeano Atlantikora eraman nahi ditu krisiaren kudeaketak eragindako arazoak, han, ezlekuan, hondoratzeko. Baina petroliontzia erdibitu egin da, eta hondoratzen ari da. Ontziak arrakalak baino ez ditu, eta zabaltzen ari dira batzuen gehiegikerien eta besteen kudeaketa negargarriaren ondorioak. Raxoik, baina, plastilinazko haritxo batzuk baino ez ditu ikusten. Herritar guztiek, aldiz, errealitatearen eta etorkizunaren beltza. Ondorio likitsak, itsaskorrak eta iraunkorrak, etxean bertan.
Krisia drama da. Krisiaren kudeaketa, komedia. Nola ulertu, bestela, azken kapitulua, BFA-Bankiarekin gertatzen ari dena?Ez azalpenik, ez agerraldirik, ez ikerketarik —PSOEk eskatu du, beranduegi—, ez salaketarik auzitegietan... Hori bai gardentasuna eta demokrazia.
Eta, gainera, Espainiako Gobernuak ahokoa eta muturrekoa jarri dizkio azalpenak eman nahi dituenari, Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreari, ez hitz egiteko eta ez kosk egiteko. «Azalpenak ematea gustatuko litzaidake, baina arduragabekeria izango litzateke», esan zuen atzo Senatuan. Hala ere, hitz egin gabe dena esan du. Eta merkatuek hori usaintzen dute, ez Espainiako Kopako finaleko txistuak.
Fernandez Ordoñez ez da errugabea. Berak ere lagundu die finantza erakundeei hautsa alfonbra azpian gordetzen, garbi itxurak egiteko.
Finantza erakundeek Europaren erreskatea jasoko dute —Raxoik duela egun gutxi ukatu egin zuen—, baina herritarrok ordainduko dugu. Ordainagiriaren zati bat atzo aurkeztu zuten: BEZa igotzea, erretiro adina atzeratzeko erabakia azkartzea, lan erreforma bete-betean indarrean jartzea...
Eta hondamendiaren erdian, Bankiak Spidermanen hondartzako toalla bat oparituko die bezero gazteei. Hipokrisiak zikindutako hondartzetan etzateko izango da.
Krisia Europan. Finantza sektorea. Analisia
Plastilina haritxoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu