Iker Aranburu.

Planeta ala industria, horra hautua

2024ko apirilaren 14a
05:00
Entzun

Zerk dauka lehentasuna: planetak ala industriak? Prest al dago Europako Batasuna bere industriaren atal garrantzitsu batzuk hondoratzeko baldin eta horrekin energia trantsizioa bizkortzen bada? Ala hobe da trantsizio horri galga jartzea bere industria egokitzen den bitartean?

Galdera sinplista horiei erantzun sinpleak ematea ez da hain erraza, noski. Baina azkenaldian ikusten ari garenez, erantzunak industriaren iraupenaren aldera ari dira lerratzen. Horrela uler daiteke azken asteetan Bruselak ikerketak zabaldu izana Txinako haize erroten, eguzki panelen eta auto elektrikoen inportazioei buruz. 

Hiru produktu horiek zituen buruan Janet Yellenek ere joan den astean Txinara bisita egin zuenean. AEBetako Altxorreko idazkariak eskatu zion Pekingo gobernuari ez ditzala bere industria batzuen «soberakinak» AEBetara bideratu, ez duelako nahi duela hamar urte altzairuarekin gertatutakoa gertatzea: Txinako inportazio merkeek kinka larrian jarri zuten AEBetako siderurgia. Yellenek gogorarazi zuenez, Txina Munduko Merkataritza Erakundean sartu zenetik, AEBetako industriak bi milioi langile galdu ditu.

Eguzki paneletan, esaterako, salmenten %90 inguru egiten dituzte Txinako konpainiek, eta baterietan, berriz, %50etik gora

EBk ere industria asko eta haren lanpostuak galdu ditu Txina munduko fabrika bihurtu zenetik, eta energia trantsizioari lotutakoak arriskuan ikusten ditu orain. Bruselak eta Washingtonek uste dutenez, Pekinek neurririk gabe handitu du haize erroten, panel fotovoltaikoen eta auto elektrikoen ekoizpena. Horrela konpentsatu nahi du eraikuntzaren burbuilaren lehertzeak bere ekonomiaren hazkundean eragindako zuloa. Baina Txinako merkatuak ekoizten duen guztia xurgatzerik ez daukanez, orain oso kostu txikian esportatzen ari delako kexu dira. 

Salaketa horien atzean hipokrisia ikusi nahi duenak ez du argudiorik faltako. EB ekonomia esportatzaile bat da —haren autoak, makinak eta luxuzko produktuak mundu guztian daude—, eta AEBek ere erruz saltzen dituzte kanpoan petrolioa eta gasa, hegazkinak eta botikak. Horixe bera leporatu die Txinako berri agentzia ofizialak, Xinhuak: «Oinarrizkoa da barne eskaria betetzen denean sobran dauden produktuek beste merkatu batzuk bilatuko dituztela; ehunka urtez egin du hori Mendebaldeak, baina, Txinari dagokionean, munduari mehatxu egiten dion ‘gehiegizko gaitasunaren arazo’ bihurtzen da».

Berrikuntza ala laguntzak?

Salaketak ukatu ditu Txinak, eta berrikuntzari eta hornidura kate sendoei egotzi die energia trantsizioan duen nagusitasuna. Baina, EBren eta AEBen begietara, arazoa laguntza publikoak dira. Haiek ere laguntzen dituzte beren industriak —zer dira, bada, EBren Next Generation funtsak edo AEBetako IRA programa?—, baina ezer gutxi konparatuz gero Pekinek egiten duenarekin, bai zuzenean, baita banku publikoen mailegu bigunekin ere. Gainera, argudiatu dute beren laguntzen helburua ez dela esportazioak handitzea, barne merkatuak elikatzea baizik. 

Yellenen bisitaren ondoren, Pekinek onartu egin du AEBekin hitz egitea gaiari buruz, baina nekez ekarriko dute ezer elkarrizketa horiek. Txinak uste du ibilgailu elektrikoak, bateriak eta eguzki panelak ezinbesteko tresnak direla bere garapenerako, eta oroitarazi du oraindik pisu erlatibo txikia dutela, bere esportazio osoen %4,5 baizik ez direlako. Baina asko handitzen ari dira —%30 iaz—, eta merkatu kuota oso handiak lortu dituzte jadanik. Eguzki paneletan, esaterako, salmenten %90 inguru egiten dituzte Txinako konpainiek, eta baterietan, berriz, %50etik gora. 

eguzki panelak
Parke fotovoltaiko bat Txina iparraldeko Ordos basamortuan, Barne Mongolia eskualdean. WU HAO / EFE

Autoetan ere %50etik gorakoa da Txinako ekoizleen kuota, baina kontuan hartu behar da haien barne merkatua dela alde handiz handiena; hura kontuan hartu gabe, %10eko kuota izan zuten iaz ekoizle txinatarrek, baina aurten kopurua oso aise gaindituko dute: Reutersen arabera, autoak garraiatzeko 47 ontzi eraikitzen ari dira orain. Datu batekin erraz ikusten da nola handitu den Txinaren pisua autogintzan: 2019an, Alemaniaren auto esportazioen %20 egin zuen; 2023an, %50 gehiago.

Muga zergak

Zer ekarriko du honek guztiak? Oso litekeena da EBk eta AEBek muga zergekin erantzutea. AEBetan, %60ra hel daitezke datorren urtarrilean Donald Trump Etxe Zurira itzultzen bada. EBn, berriz, %10eko muga zerga ordaintzen dute Txinako autoek, baina autogile batzuk hasi dira handitzeko eskatzen, berek egiten ez dutena —prezio neurritsuko auto elektrikoak eskaintzea— ez dezaten txinatarrek egin. 

Haizea nondik dabilen ikusita, txinatarrak hasi dira EBn hedatzeko ahaleginetan. BYDk planta bat jarriko du Hungarian, eta aurki Bartzelonan Nissan zenaren fabrika hartuko duela iragartzekoa da Chery.  

Muga zergek agian lagunduko diete EBko enpresei, baina ezinbestean atzeratuko dute energia trantsizioa, herritar gutxiagok ordaindu ahal izango dituztelako eguzki panelak eta auto elektrikoak. Baina agian dena ez da kaltea izango: Txinak ezin baditu bere produktu merkeak Mendebaldera eraman, beste nonbaitera eramango ditu, eta han bizkortuko dute trantsizioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.