Iker Aranburu.

Pandoraren kutxa ireki, ea botoak dauden

2024ko uztailaren 21a
05:05
Entzun

Hamar urtez itxita egon ondoren, bazkide katalanen botoak behartuta, Pandoraren kutxa zabaltzea beste erremediorik ez du izan Espainiako Gobernuak. Pandoraren kutxak beste izen bat ere badu: autonomia erkidegoen finantzaketa sistema. 2008 urrun batean berritu zuten azken aldiz, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente zela, eta 2014az geroztik dago eguneratzeko.

Azken hamar urteetan Moncloak izan dituen maizter guztiek esan dute gaiari helduko ziotela, eta izan dira saio batzuk, baina ez dira oso urrun iritsi. Ezinezkoa agian ez, baina oso zaila baita erkidego guztiak asebeteko dituen finantzaketa sistema bat antolatzea, eta, kapital politiko eskaseko garai batean, inork ez du bere apurra arriskuan jarri nahi izan halabeharrez batzuei mesede eta besteei kalte egingo dien sistema bat indarrean jartzen.

Sistema luzapenean izateko eman diren arrazoiak askotarikoak dira —Kataluniaren independentzia prozesua, COVID-19aren pandemia, PPren barruko borrokak, inflazioa...—, baina sakoneko auzia da finantzaketa aipatzea nahikoa dela gobernu bakoitzak bere neurrira egindako jantzi bat aldarrikatzeko. Biztanle kopuruari erreparatzea lehenesten dute batzuek, lurralde hustuetan zerbitzua emateko kostuei beste batzuek; elkartasun gehiago nahi dute pobreek, eta beren lurretan sortzen den aberastasunaren zati handiago bati eutsi nahi diote aberatsagoek. Biztanleriaren zahartzea, uharte izatearen kostuak, turismoak dakarren biztanleriaren ugaltzea... nahi beste faktore daude eztabaida nahasteko.

Hegoaldea, hesitik begira

Zorionez, eztabaidak zeharka baizik ez dio eragiten Euskal Herriari, finantzaketa sistema propioa dutelako Nafarroak (Hitzarmen Ekonomikoa) eta Euskal Autonomia Erkidegoak (Kontzertu Ekonomikoa). Baina Espainiako eztabaida ozpinduaren zipriztinak bai heltzen dira Hegoaldera, bere sistema propioak inbidiaz ikusten dituztelako gutxi batzuek, eta erdeinuz gehienek. Ez dago, ordea, euskal sistemak indargabetzeko kutxa ireki nahi duen Espainiako gobernurik, ongi baitakite haiei ez liekeela ezer onik ekarriko.

Hain zuzen ere, ERCren eta Juntsen botoak bermatzeaz gain, Kataluniaren independentziari buruzko eztabaida gehiago itzaltzeko helburua ere ikusten da Pedro Sanchezen gobernuaren oraingo ahaleginaren atzetik. Kataluniaren finantzaketa eskasak eta defizit fiskal erraldoiak —zergetan biltzen diren 20.000 milioi eurotik gora ez direla itzultzen dio Generalitateak, BPGaren %10— elikatu zuen independentismoa 2012-2017ko epean, batez ere orduko Espainiako gobernuak, Mariano Rajoyrenak, ezezko borobil batekin erantzun ziolako Artur Masen eskaerari.

Berriro halakorik gerta ez dadin, Sanchezi komeni zaio Generalitatearen finantzaketa beharrei hobeto erantzuten dion sistema bat sortzea. Baina nola egin hori bere menpeko erkidegoak (Asturias eta Gaztela-Mantxa) eta PPrenak (gainontzeko gehienak) sumindu gabe?

Anbiguotasuna

Oraingoz, eztabaidaren hasieran, Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak anbiguotasun kalkulatu bati eusten dio. Erabat baztertu du ERCren eta Junts-en eskaera nagusia —kontzertu ekonomiko bat Kataluniarentzat, baina izen hori gabe—, baina prest dago haren «berezitasuna» onartzeko eta Kataluniako Zerga Agentzia bat aztertzeko.

Sakoneko auzia da finantzaketa aipatzea nahikoa dela gobernu bakoitzak bere neurrira egindako jantzi bat aldarrikatzeko

Praktikan horrek zer esan nahi duen ez dago jakiterik oraingoz, baina, beste erkidegoen lehen erantzunak ikusita, ez diote erraz jarriko bide horretatik joatea. «Gu ez gaituzte engainatuko berezitasunaren kontu horrekin; bereziak denak gara; ia-ia esango nuke 47 milioi espainiarrak garela bereziak», esan du Emiliano Garcia Page Gaztela-Mantxako presidenteak, eta, harrigarria bada ere, PSOEko kideak.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.