aitor biain

Orekak eta desorekak, beti talkan

2024ko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Errealismoa, pragmatismoa eta zorroztasuna. Horiek dira, Pedro Azpiazuren arabera, Ekonomia eta Ogasun sailburu batek erabakiak hartzeko behar dituen «bertuteak». Hala adierazi zuen astelehenean, Finantzen Euskal Kontseiluaren osteko agerraldian. Ezaugarri horiek ildotzat hartuta jardun du berak ere azken zortzi urteetan, Eusko Jaurlaritzaren kontu ekonomikoen arduradun gisara, hain zuzen ere.

Karguan egon den zortzi urteetan hamalau kontseilu zuzentzeko ardura izan du Azpiazuk, eta zortzi aurrekontu ondu ditu. Horietan guztietan kontu publikoen oreka bermatzea izan du xede. Ez da zeregin makala izan; berak aipatu moduan, ezin konta ahala oztopo izan baititu bidean. Nabarmenena, nola ez, COVID-19aren izurritea, zeinak ia 2.000 milioi euroko zuloa utzi zuen foru ogasunen kutxetan.

Baina aldarritzat hartutako errealismoaren eta pragmatismoaren bidetik onbideratu ditu Azpiazuk Euskal Autonomia Erkidegoko kontu publikoak. Soilik horrela uler daitezke azken urteetako zerga bilketaren eta aurrekontuen errekorrak. 2017tik 2023ra ia %26 handitu da bilketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 14.473 milioi eurotik 18.212 milioi eurora, eta datorren urterako ere hazten jarraitzea da aurreikuspena, 19.000 milioira iristeraino. Aurrekontuari dagokionez, berriz, ia %36 handitu da azken zortzi urteetan, eta 15.000 milioiren langa gainditu du gastu mugak aurten lehen aldiz.

Nolanahi ere, zorroztasunak egin du bereizgarri Azpiazuren kudeaketa. Azpiazu Jaurlaritzara iritsi zenean, Gasteizko gobernuak inoiz baino diru gehiago zor zuen, eta kontu publikoen kaudimen maila nabarmen hobetuta utziko du orain. Kopuru absolutuetan ez dago alderik apenas, baina ia bi puntu txikiagoa da barne produktu gordinarekin alderatuz gero: %14,6tik %12,8ra jaitsi da. Aintzat hartu behar da, halaber, tartean ia bi puntu egin zuela gora, pandemiak eragindako gastu gehigarriaren ondorioz.

Zorroztasun hori gehiegizkoa izan dela uste duenik bada, ordea. Defizit eta zorpetze mugak betearazteko aginduak etenda zeudela inbertsio publiko handiagoa ez egitea egotzi diote oposizioko alderdiek Azpiazuri. Batez ere, pandemiaren osteko gastu soziala finantzatzeko.

Fiskalitatea eztabaidagai

Eta horretan badu zerikusirik azken urteetako superabitak. Inflazioak lagundu du Jaurlaritzaren diru sarrerak handitzen, baina, batez ere, errenta zergaren bilketaren indarrarengatik izan da. Lehen irakurketan, datu positiboa da hori, horrek esan nahi baitu lanpostuak sortu direla eta soldatak igo (inflazioa adina igo ez badira ere). Baina bizitza hainbeste garestitu den honetan pisu guztia lanaren errentaren bizkar utzi izanak gutxi du orekatik, oposizioaren arabera. 

Are gehiago sozietate zergaren ekarpena garai batekoa baino nabarmen txikiagoa denean. Izan ere, enpresek irabazien arabera ordaintzen duten zergaren kopurua urrun dago Atzeraldi Handiaren aurretik egiten zuenetik: iaz, %21 handitu ondoren, bilketa osoaren %9ra iritsi zen, baina 2007an %15en atarian zegoen.  

Desoreka hori konpontzeko, behin eta berriz egindako eskariei muzin egin die sailburuak zortzi urte hauetan, ordea. Hasieran zerga erreforma beharrezkoa zela uste bazuen, inoiz ez zen garai egokia harentzat. Are, ardura diputazioena dela gogorarazi du behin eta berriz. Eta, bai, fiskalitatearen eskumena foru ogasunei badagokie ere, ez da ahaztu behar bildutako hamar eurotik zazpi uzten dutela Jaurlaritzaren esku, eta, arloko arduradun guztiak EAJkoak izan direnez, pentsatzekoa da Azpiazuren iritziak ere pisua izango zuela.

Azkenerako, zerga sisteman aldaketak egin gabe utziko du kargua Azpiazuk. Eusko Jaurlaritzaren kontuak orekatuta utzita joango da, baina jakitun herritarren beharrek desoreka bat eragingo dutela beti, eta gobernuak horri ere erantzun egin beharko diola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.