BAKARRIZKETA

Orbitako perspektiba

MICHAEL REYNOLDS / EFE.
Irune Lasa.
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Uztailaren 20an beteko dira 52 urte gizakiak lehen aldiz ilargia zapaldu zuenetik. Ilargira iristeko lasterketa hark ekarri zituen erakusgaien artean inportanteenetako bat, hainbat pentsalariren esanetan, Lurra ulertzeko modu berria izan zen: argazkien bitartez, gizateriak espaziotik Lurra bere osotasunean ikusi zuen lehen aldiz, bere txikitasunean eta handitasunean. Esaten dutenez, astronautek ere shock moduko bat sentitzen dute espaziotik Lurra objektu oso gisa ikusten dutenean, Lurraren eta gizateriaren beraren perspektiba berri bat hartzen omen dute.

1. Zorionekoak. Gaueko zeruan ISS ikusi eta berehala dator gogoeta; gizaki batzuk daudela han goian, orbita batetik, hona begira. Ez dira bakarrak. Ostegunaz geroztik, hiru hilabetez, hiru astronauta txinatar daude, lurrazaletik 390 kilometrora orbitatzen, Txinak eraiki duen Tianhe espazio estazio propioan.

2. Txinatarrak, dedio, horretan ere! Lehen eta orain, espazioa jokaleku izan da herrialde boteretsuenen arteko partidan. Eta Txinak... bere indarra erakutsi nahi du, baita Lurretik gaueko zerua begiratzen dutenei ere.

3. Espaziora boterea erakusteko. Beharbada horregatik doa Jeff Bezos ere, negozio aukera baztertu gabe.

4. Amazonen jabea? Txinaren espazio estaziora? Ez, ez... Bezosena beste bidaia bat da. Badira urte batzuk Blue Origin enpresa sortu zuela, espaziorako bidaia pribatuak antolatzeko. New Shepard suziria probatzen bost urte daramatzate, eta lehen bidaia tripulazioduna datorren uztailaren 20an egingo dute. Espaziora iristean suziritik bereiziko den kapsula batean joango dira Bezos, haren anaia Mark eta beste norbait, zeinak enkante batean 23 milioi euro ordaindu dituen txartelarengatik.

5. Gure Bezos. Hori ere behar. Hala dirudi. Baina ez da horretan dabilen aberats bakarra. Gogoratzen nola Elon Muskek bidali zuen Tesla bat espaziora? Space X jada NASArentzat ari da lanean, baina haren jabe Musk ez da oraindik espaziora joan. Bezosek dio bere txikitako ametsa bete nahi duela, astronautek sentitu duten hori sentitu. Lurra osotasun moduan ikusi. Hiru minutu izango ditu horretako, tarte hori egingo du orbitatzen haren kapsulak.

6.Agian pentsatu behar da utzi behar zaion... Ez du Bezosek mundua menperatu nahi duten komikietako gaizto horien tankera? Agian horregatik zabaldu du norbaitek eskaera Change.org webgunean, Bezosi Lurrera itzultzen ez uztea galdegiteko. Milaka sinadura bildu dira...

7.Nora joango da, bada? Utzi beharko itzultzen. Itzuliko balitz, beste eskaera bat zain dauka Change.org-en, Bezosek Mona Lisa erosi eta jan dezala. Forbes aldizkariak egin ditu kontuak: Mona Lisa-k 50.000 milioi bat dolar balioko lukeela kalkulatu berri du enpresaburu frantses batek, proposatu duenean Frantziako Estatuak Da Vinciren artelana saltzea bere zorra murrizteko. Zenbateko hori ahoberokeria galanta dela erantzun diote arte industriatik. Dena dela, Amazonen jabeak ez luke arazorik hori pagatzeko, 163.000 milioi euroko ondarea baitu. Eta, pentsatzen jarrita, Mona Lisa jateak, horrek seguru aldatzen duela munduari buruzko perspektiba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.