BAKARRIZKETA

Ogasuneko leihatilan dago altxorraren giltza

Lan Osasunaren Nazioarteko Eguneko manifestazioko pankarta. M. R. / FOKU.
aitor biain
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
1. Ongizate estatuaz ari bazara, nik egin dut aurtengo errenta aitorpena: ordaintzea tokatu zait, gainera. Errenta kanpainak martxan dira, bai, eta Euskal Herriko foru ogasunen kutxak diruz betetzen ari dira, baina ez naiz horri buruz ari.

2. Zer altxorri buruz ari zara, bada? Hego Koreako altxorrik baliotsuenetako bati buruz ari naiz: Samsungi buruz. Enpresaren presidentea zena, Lee Kun-hee, iragan urrian hil zen, eta haren aberastasun guztia oinordekoen esku geratuko da orain. Ez da nolanahiko altxorra: munduko enpresarik handienetakoa da, eta haren negozioa Hego Koreako BPGaren % 20 da.

3. Jo, nik altxorraren bila jolastu nahi nuen... Ez dago jolasik. Haren emazteak eta seme-alabek jasoko dute ondare guztia. Kalkulatzen da 14.900 milioi euro baino gehiago balio duela ondare horrek; %80 akzioak lirateke, Samsung taldeko hainbat enpresatako akzioen jabe baitzen Lee. Samsung Electronicsen %4 inguru zuen. Oinordekoek ogasunean eskuratu beharko dute giltza aurrez, halere.

4. Eta zein da giltza? Zergak dira giltza, noski. Oinordekotza zerga, zehatz esateko. Izan ere, senitartekoek, aberastasuna eskualdatzeko, ia 9.000 milioi euro ordaindu beharko dizkiote ogasunari. Hego Korean inoiz ordaindu den kopururik handiena da hori. Eta Samsungek esan du, gainera, ondarearen balio guztiaren erdia baino gehiago dela. Atera kontuak!

5. Ene bada! Herentziak arriskutsuak direla esan ohi da, baina hainbeste... Hala esan ohi da, bai. Bati baino gehiagori eman diote ustekabekoren bat. Baina, kasu honetan, ez dirudi kontrako eztarritik joan zaienik; jakinaren gainean zeuden. Izan ere, Hego Koreak oinordekotzaren gaineko araudi zorrotza dauka, eta zerga tasa handia: %50 baino gehiago da, baina %60 izan daiteke enpresa bateko akziodun nagusiari mesede egiten badio. Munduko tasarik handiena dauka, Japoniarekin batera.

6. Oinordeko izatearen zama zein pisutsua den batzuetan... Nola ordainduko dute dirutza hori? Bost urteren buruan ordainduko dute kopuru osoa, sei ordainketatan banatuta. Halere, bidesari horri aurre egin ahal izateko, iragarri dute artelan baliotsuak herrialdeko museoei emango dizkietela. Horien artean daude Picasso, Miro, Dali, Monet edo Gauguinen obrak: 23.000 baino gehiago denera. Baita Hego Koreako Altxor Nazionalen zerrendan dauden hamalau pieza ere.

7. Eta zer, negarrez hasi zaizkie agintariei hauek ere ordaindu nahi ez dutelako? Ez dira gozoak egongo. Baina publikoki egin dituzten adierazpenetan iduri du zuk hasieran aipatzen zenuen ongizate estatuan sinisten dutela. «Gure betebeharra eta erantzukizuna da zerga guztiak ordaintzea», esan dute oinordekoek. Eta nabarmendu dute dohaintzek Leeren legatuari eusten eta gizarte hobe bat eraikitzen lagunduko dutela.

8. Asiarren kultura izango da hori... Ez pentsa, han ere txakurrak ortozik! Semea, egun konpainiaren buru dena, kartzelan dago. Bi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten auzitegiek eroskeria delitua egotzita. Mesedeen truke aurreko gobernuko kideei eskupekoak ematea leporatu zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.