Jon Fernandez.
Global Forum Spain. Guggenheimeko jardunaldia. Analisia

Nora goaz horrela?

2014ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Etiketetan, simulazioan eta antzerkian geratzen garela zioen herenegun Iñaki Heras EHUko ekonomistak Egitura gehigarriko elkarrizketan. Atzo Bilbon ikusitakoak badu hiruretatik zerbait. Bilera eta kontrabilera, bi lubaki azken finean; tunelaren amaierako argiaren simulazioa; eta Guggenheim barruko satira eta kanpoko drama. Ez sorpresarik, ez ezusterik... dena espero bezala. Inor ez da gidoitik atera: Espainia suspertzearen olatu gainean doala, baina artaziak zorrozten jarraitu behar dela. Iragarpen, analisi eta gomendioz mozorrotutako agindu borobilak nagusi. Ñabardurak falta izan dira Bilbon.

Egia da datu makroekonomikoak hobetzen ari direla, baina tuneletik ateratakoan sartu aurreko egoera topatuko dugula esatea ez da zintzoa. Bidean, joko arau ugari aldatu eta eskubide asko desegin dituzte botere ekonomikoek estututako politikariek. Tunelaren ostekoa garai berri bat izango da, aro berri bat, inork ezagutzen ez duena.

Zelako garai berria nahi dugu? Bakoitzak bere erantzuna du, baina, badaezpada, botere ekonomikoak zalantzazko etorkizun horretan ere eurak alfonbra gorria zapaltzen jarraitzeko neurriak hartzen ari dira. Datu makroekonomikoak orekatzen hasi izanak ez baitu esan nahi krisia amaitu denik, eta are gutxiago kaleko ekonomiak hobekuntzarik igartzen duenik. Egoera oso konplexua da, paradoxa eta kontraesanez josita bizi gara alde guztietan, eta diagnostiko zintzo eta sakonak falta dira. Erantzun transbertsalak falta dira. Eta Bilbon eta goi bileretan ez dago horietarako tarterik. Ekonomia pertsonen zerbitzura jartzea, halere, ez da utopia bat; egingarri izan daiteke esperientzia txikietan. Herasek zioen bezala, «makroekonomia ez badago herritarren zerbitzura, nora goaz horrela?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.