Aurrena ezer ez zeukatenak ziren pobreak, eta nik ez nuen ezer esan, nik ondasunak baineuzkan. Gero etorkinak ziren pobreak, eta nik isilik jarraitu nuen, ni bertakoa bainintzen. Gero langabeak ziren pobreak, eta ez nuen ezer esan, nik lana baineukan. Azkenik, lana geneukanok ere bihurtu ginen pobre, eta orduan beranduegi zen, pobrezia normala bihurtu zelako».
Martin Niemöller (1892-1984) alemaniarraren poemaren bertsio propioa da. Pobrezia ondoan daukagula erakusteko. Krisiak eta krisiaren kontrako neurriek zabaldu egin dutela azaltzeko. Eta pobreziari eta pobrezia arriskuari aurre egiteko neurriak bultzatu behar direla nabarmentzeko. Kalean eta bulegoetan.
Guztiok izan gaitezke pobre. Etxearekin, etxerik gabe, lanarekin eta lanik gabe. Pobreenekin lan egiten duten elkarteetako langileek etengabe errepikatzen dute. Dozenaka kasu ezagutzen dituzte, bizimodu arrunta eta oparoa egitetik kalean bizitzera iritsi diren pertsonenak.
Gizarte taldeek, janari bankuek... ezin diete erantzun jasotzen dituzten laguntza eskaera guztiei. Caritasek, esaterako, 40.000 laguni laguntzen die Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Oinarrizko premiak asetzen laguntzen die, janaria eta etxebizitza. Herritar gehienentzat, lehen besteak bakarrik joaten ziren ziren elkarte horietako jangeletara eta zerbitzuetara: etxerik gabeak eta etorkinak batez ere. Urteotan baita euskal herritarrak ere.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 56.000 pertsona inguruk jasotzen dute diru sarrerak bermatzeko errenta. Nafarroan 18.000 inguruk gizarteratzeko errenta. Gutxiago izango dira, bai Eusko Jaurlaritzak, bai Nafarroako Gobernuak gogortu egin baitituzte laguntzak jasotzeko baldintzak.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoen arabera (SPEE), 206.016 langabe daude Hego Euskal Herrian. Lautik batek ez du jasotzen langabezia saririk eta, jasotzen dutenek, gero eta txikiagoa.
Gainera, oinarrizko errenta jaso beharra eta langabezian egotea nahikoa ez, eta guztiak susmagarri bihurtu dituzte. Iruzurgile eta alfer deitu diete agintari politikoek, enpresarien ordezkariek eta komunikabideek.
Lana daukatenak ez dira salbu. Espainiako Gobernuak eta enpresariek estutu egingo dituzte lan baldintzak. Lan erreformak soldaten jaitsiera eragingo du. Enpresariek errazago eta merkeago kaleratu ahal izango dituzte langileak hurrengo hilabeteetako atzeraldian. Ondorioa garbia da: duela hiru urte baino okerrago gaude.
Komentarioaren hasieran moldatutako olerkia Bertold Brechtena zela zabaldu zen urte askotan. Brechtek ere baditu krisi honi aurre egiten laguntzeko eta mobilizazioen premiaz jabetzeko hitzak. Brechtek zioen ezjakin okerrena «ezjakin politikoa» dela: «Ez daki bizitzaren kostua, babarrunen prezioa, ogiarena, irinarena, jantziena, oinetakoena eta sendagaiena erabaki politikoen mende dagoela». Ezjakin politikoak ez daki, Brechten esanetan, «bere ezjakintasun politikoak sortzen dituela prostitutak, haur utziak eta gizatxarretan okerrenak, politikari ustelak». Pobrezia ere gehi dakioke zerrendari. Jendearen ezjakintasunak eta erosotasunak pobrezia zabaltzen lagunduko dute. Norberarengana iritsi arte.
Murrizketak. Manifestazioa Bilbon. Analisia
Ni ez nintzen pobrea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu