Analisia

Nahas-mahasa

jakes goikoetxea
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Puzzlea osatzea zaila izango da. Hiru lurralde eta lau erakunde daude tartean. Bakoitza alderdi baten esku: Eusko Jaurlaritza (PSE-EE), Arabako Foru Aldundia (PP), Bizkaikoa (EAJ) eta Gipuzkoakoa (Bildu). Jaurlaritzak zerga politika aldatzea proposatu du, baina ez dauka eskumenik —berak jasotzen du aldundiek bildutakoaren %70—. Gipuzkoako Foru Aldundiak zenbait zerga igo nahi ditu. Arabakoak eta Bizkaikoak, ez. Eta foru aldundietako gobernuetako alderdiek ez daukate gehiengo nahikorik batzar nagusietan aldaketak onartzeko.

Dantza hasi da. Ezkerreko eta eskuineko alderdiek bat egin dute. Gipuzkoan, Bilduk, Aralarrek eta PSE-EEk bat egin dute, zerga politika justuagoa eskatzeko. PPk, nola ez, kargu hartu dio PSE-EEri. Bizkaian, EAJ eta PP gerturatu egin dira, funtsean gauzak dauden moduan uzteko. EAJk, gainera, deslokalizazioen mamua mandiotik atera du, eta paseatzen ari da. Araba zain dago, baina PPk EAJri begiratzen dio begi bazterraz, PSE-EE bazkidea bazterrean utzita.

Foru aldundiek eta batzar nagusiek nahi dutena erabaki dezakete zerga politikaz. Haiena da eskumena. Baina Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak zerga politika bateratuak dituzte. Foru aldundi bakoitzak biltzen du dirua, baina jasotakoa elkartu eta partekatu egiten dute —Eusko Jaurlaritza barne—.

Zerga bateratzea kolokan dago. Zergak Koordinatzeko Erakundearen bileretan islatzen ari da: Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoa alde batean; Araba eta Bizkaia bestean. Emaitza, auskalo. Erdibideko proposamen urardotua izan daiteke. Bilduk nekez onartuko du halakorik, eta aldaketa bakarrik egiteko prest dagoela dirudi. PSE-EEk erakutsi beharko du benetan hain urrun iristeko prest dagoen, Bildurekin.

EAJri eta PPri beti geratuko zaie Azkunaren eta Barcinaren irtenbidea —edo ateraldia—, zerga bilketaren zuloak estaltzeko: santuei edo ama birjinei otoitz egitea, zerutik dirua eror dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.