Iker Aranburu.
Finantzen Euskal Kontseilua. Zerga bilketa. ANALISIA

Munizioa, unea iristen denerako

2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Duela urtebeteko baikortasunaren arrasto gutxi izan dira aurtengo udazkeneko Finantzen Euskal Kontseiluan. 120 milioi euro gehiago biltzeko iragarpena ustela izan da, 2.058 milioi gutxiago bilduko baitira. Baina azken kopuru hori ere ez da ziurra. Gaur-gaurkoz, ez dakigu zer gerta daitekeen datorren astean edo datorren hilean. Irekita egongo dira tabernak eta jatetxeak? Parisen eta beste hiri batzuetan zabaldutako etxeratze aginduak helduko ote dira gurera ere? Beste konfinamendurik izango ote da? Galdera zail horien erantzunaren menpe egongo da aurten bilketa gehiago ez amiltzea, eta 2021erako iragarpen nahiko baikorra betetzea.

Kontu publikoetan egiten ari den zuloa murrizketekin ez, zorrarekin estaliko dutela esan duteeuskal erakundeek. Dirua merke mailegatzeko prest dauden finantza erakundeen eta merkatuen laguntza interesatua izango dute, eta austeritatearen dogmak ahaztu dituzten nazioarteko erakundeen bedeinkapena. Zor publikoaren aldarria egin du aste honetan Nazioarteko Diru Funtsak, baina gehiago ere esan du: zorrak ordaintzeko, aberatsenek zerga gehiago ordaindu behar dituztela, eta enpresek ezin dietela beren betebeharrei izkin egin.

«Orain, ez», erantzun diote Jaurlaritzak eta diputazioekNDFri. Baina unea iristen denerako munizio gehiago dute sozietate zerga erreformatu behar dela diotenek. Izan ere, historikoa izan bada bilketa orokorraren danbatekoa (-%13,3), zer esanik ez sozietate zergak jasandakoa(-%38,2). 805 milioi euro ditu biltzekoak aurten, iaz baino ia 500 milioi gutxiago. Erorikoaren zati bat atzerapenen ondorioz izango da, eta ez dirudi hori 2021ean berreskuratuko dutenik, 38 milioi eskas gehiago jasotzea espero baitute. Urte batean zein bestean, bilketaren %6. Enpresak itotzea eragotzi behar dela? Ados, baina gauza bera esan zitekeen 2009an, eta orduan zergen %11,4 ekarri zuen tasa horrek, 1.200 milioi euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.