Ukrainaren inbasioak ezohiko erantzuna ekarri du Europako Batasunaren aldetik. Ezohikoa, bizkorra izan delako; Batasunaren tradizioak dio ezer egin aurretik eztabaida amaiezinak eta antzuak behar direla, eta erabakiak ordu txikietan hartzen dituztela gobernuburuek, nekeak jota. Ezohikoa, erabaki gogorrak izan direlako eta, Errusiako eliteari eta herritarrei ez ezik, EBko herritarrei ere kalte egingo dietela onartu dutelako.
Zintzo mintzatu zen Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroa, mikrofonoen aurrean aitortu baitzuen EBk «gerra ekonomikoa» deklaratu ziola Errusiari, eta haren ekonomia hondoratu nahi zutela. Hizkera aproposa ez zela esan zuen gero Frantziako Gobernuak, baina, azken finean, arrazoi osoa zuen Le Mairek: EB, ezer baino gehiago, batasun—eta potentzia— ekonomiko bat da, eta haren arma nagusiak ekonomikoak dira.
Errusiara esportatzea edo handik ezer inportatzea asko zaildu du —energia da salbuespena—, finantza sistema eta Errusiako Bank Zentrala itotzen ari da, oligarken ondasunak kentzen eta kontuak izozten... Hizkera militarra erabilita, Errusia Mendebaldetik setiatu dute EBk, Erresuma Batuak eta AEBek. Ondorioak jada hasi dira antzematen Errusiako herritarrak: errubloaren amiltzeak —inbasioaren aurretik, euro bat 90 errublo ziren, eta orain, 125— produktu inportatuen prezioa biderkatu du eta produktu askoren eskasia hasi da, interes tasak %20era iritsi dira, kapitalen mugimendua mugatuta dago, ezin diete dirurik bidali atzerrian bizi direnei, akzioek ia balio osoa galdu dute, eta denbora kontua dirudi Errusiak zorra pagatzeari uztea. Labur esanda, krisi bat eragin dute.Zentzu horretan zaila dirudi Errusiak pilatutako erreserbak nahikoak izatea egoera gainditzeko.
Gainera, deigarria da Mendebaldeko enpresak setio horretan buru-belarri parte hartzen ari direla; Errusiako fabrikak eta dendak ixten ari dira, eta desinbertsioak iragartzen. Jasango zituzten presioak, noski, eta egia da zigorrek jarduna ere oztopatuko zietelabaina nabarmena da multinazionalek ez dutela eman nahi Vladimir Putin laguntzen ari diren itxura. Gerra ahalegina dela, alegia. Petrolio konpainiak hasi ziren —BP, Shell, Equinor, ExxonMobil...—, haien atzetik autogileak —Volvo, Mercedes, VW...—, baina ondoren sektore guztietakoak batu dira: H&M, Google, Apple... Kapitalismo solidarioa? Zuriketa operazio bat?
Aurrekaria izango al da?
Ez du arrazoirik falta argudiatu nahi duenak EBk aurretik hain irmo jokatzeko aukerak izan dituela. Egoerak ez dira berdinak —inoiz ez dira—, baina «askatasunaz» eta «demokraziaz» hainbeste mintzatzen den erakunde batek ez zuen oso urrutira joan behar lurralde baten nazioarteko legediaren aurkako okupazio armatuak zigortu nahi bazituen. Baina Saharari, Palestinari eta Kurdistani dagokienez —hiru besterik ez aipatzearren—, beste logika batzuk nagusitu dira orain arte.
Atarikoa izango al da Ukrainarena? Baliteke ezetz, baina behin EBk bere arma ekonomikoak indarrez erabiltzea erabaki ondoren, berriro egiteko presioak ez zaizkio faltako; ezta aukerak ere ez, zoritxarrez. Lehen ezinezkoa zena —oligarkei ondasunak hartzea, esaterako—, orain posible da, Leninek gogorarazi zuen moduan, historia bizkortu egiten delako une jakin batzuetan.
Ukrainaren inbasioak izango du beste ondorio bat: zakarrontzian daude azken hilabeteetan egindako aurreikuspen ekonomiko baikorrak. Aldatuko dituela—okerrera— aitortu du Eusko Jaurlaritzak, klusterren arduradunen ahotik entzun ondoren lehen kalteak jasaten ari direla.
Europako ekonomiak pandemia erabat atzean utziko zuen urtea izan behar zuen 2022ak, eta, zorte pixka batekin, inflazioaren piztia baretuko zuena. Gaur-gaurkoz, berriro atzeraldia egongo dela ezin da ziurtzat eman, Errusiarekiko harreman ekonomikoak ez direlako hain sakonak. Baina arriskua energia sektoretik dator: Errusia EBren gas eta petrolio iturri nagusia da, eta, fluxu hori eteten edo murrizten bada, arazoak edonora zabalduko dira: etxeetako berogailuetara, autoen, kamioien eta itsasontzien deposituetara, argindar sorkuntzara, altzairugileen labeetara... Baina ez dago zalantzarik energiaren merkatuak aztoratuta jarraituko duela, horrek prezioak handituko dituela, eta inflazioak problemak sortuko dituela herritarren patriketan, enpresen kontuetan eta negoziazio kolektiboan.
Bruselak 2023an hasi nahi zuen gerrikoa estutzen, eta abiatua zuen defizitaren eta zor mugak berriro ezartzeko prozesua. Baina asmo hori auzitan dagoela onartu du Paolo Gentiloni EBko Ekonomia komisarioak, gerrak berak, Errusiari jarritako zigorrak, Ukrainari emandako laguntzak eta errefuxiatuen harrerak kostu gehigarriak ekarriko dizkietelako estatukideei. Maiatzean har dezake erabaki bat, udaberriko iragarpen ekonomikoak egitean. Lehenago, etzi, etor daiteke argindar merkatuaren erreforma, gasak ez dezan hainbesteko pisua izan argindarraren prezioan.
Diru politikan ere izango du ondorioa Ukrainako gerrak. EBZ Europako Banku Zentralak martxoan itxiko du pandemiari lotutako zor erosketa programa, eta, inflazioaren presioaren ondorioz, urtarrilean Christine Lagarde EBZko presidenteak ez zuen erabat baztertu interes tasak aurten bertan igotzea. Banku zentraleko arduradunen azken adierazpenetatik uler daiteke aukera hori jada ez dagoela mahai gainean. Gerra giroa dago.
GEURE KONTU
Moskuren setioa ere hasi da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu